NOV. 17 2021 - 17:57h Sizilia, izaera bizi-biziko uhartea Mediterraneoko kultura guztien alaba, azalean Europako iparraldeko geneak ere badituen Sizilia izaera bizi-biziko uhartea da. Italia penintsularraren mugak gainditzen dituen idiosinkrasia aberatsaren jabe, etorkizunera begira dago, betiere, baina, iragana atzean utzi gabe. Cefalu herriko irudia. Testua: Xabier Bañuelos (Argazkiak: X.B eta Getty Images) Bakarra eta ederra, «Mare Nostrum» paregabeko uharterik handienak nabigazio etengabean jarraitzen du ametsen, iraganeko herentzien eta eguzki ikaragaitz baten itzalen artean. Mugiezin eta isil, Palermoko XV. mendeko mapa baten aurrean zintzilikatuta ageri zaigu txotxongiloa. Begi-babes puntaduneko buru-babesa soinean du, purpura koloreko luma apaingarriek osatutako motots ikusgarri eta guzti. Zitori horia grabatuta duen bular-babesaren gainean, lepokoa eta lepondokoa ere baditu. Sorbalda eta besoetan ere baditu babesak armadurak. Agian Anjou etxeko zaldun garaitua izango da. Eskuin eskuan ezpata du, eta, ezkerrekoan, ezkutua, ikur heraldiko gisa gaztainondo hostoz inguratutako zitori hori bat duelarik. “Castagno dei cento cavalli” edo Ehun zaldien gaztainondoaren hostoak direla pentsatzea gustatzen zait niri; gaztainondo ikusgarri hori Sant’Alfio herriko Carpineto basoan altxatzen da harro, bere ia 4.000 urteko bizitza luzean guk bakar-bakarrik liburu eta elezaharretan ezagut ditzakegun istorioak ikusi dituela argi utzi nahian bezala. Izan ere, munduko gaztainondorik zahar eta altuena denak ongi baino hobeto daki gure irudipenak ia amesterik ere ez dituen gauzak ikusiko dituela oraindik ere. Hori, gainera, Etna sumendi ikusgarritik bost kilometro eskasera izanik. Txotxongilo ikuskizunera itzuliz, katanarruaren azpian, zeru-koloreko telazko gona bat du zaldunak, urrezko filigranekin bordatutako bi banda gorrik horizontalki gurutzatzen dutena. Azkenik, belaun, zango eta oinentzako babesak ere baditu. Zaldun ikusgarria Sizilian erro sakonak dituen opera dei pupi txotxongilo tradizioaren erakusgarri aparta da. Hain daude sustraituta txotxongilo ikuskizunak lurrotan, garai batean publikoaren artean oldarraldiak ere izaten zirela; ikusleak agertoki gaineko sokazko txotxongiloei eraso egitera ere iristen ziren. Deskribatutako zalduna, Palermoko aldirietan kokatutako Monreale hiriko katedral ikusgarriaren ondoko postu batean ikusi nuen. Katedrala bikaina da benetan, mosaiko apartez eta kasetoizko apaingarri delikatuz josia. Guillermo II.aren aginduz eraiki zuten XII. mendearen amaieran eta estilo arabiar-normandiarreko benetako harribitxia da, guztiz txundituta utzi gintuena terraza batean jarrita kolore granateko Nero d’Avola ardo beltz bat edaten genuen bitartean. Irudiak eta errealitateak Indartsua, mesfidatia, zalapartatsua, hegoaldetarra, istilutsua, lazgarria, mediterranearra, mila kulturen topagune; horrelakoa da Sizilia, bitxia, uharteko ikur den Trinacria bera bezala –Medusaren burua inguratzen duten hiru galburu eta hiru hanka biluztuk osatutako sinboloa–. Iparralderagoko beste lur batzuetan aurki dezakegun antzeko beste ikur bat ekartzen digu burura ezinbestean: Man uharteko triskel edo hiru giza-hankako ikurra. Baina Man uhartean ez bezala, Sizilian fintasun arabiarrak eta Europako iparraldeko irmotasunak egiten dute bat, mendi malkartsuetako gogortasunak, suzko haranek eta ur gardeneko labazko hondartzek egiten duten bezalaxe. Azken finean, begirada izugarriak eta irribarre ederrak elkarrekin bizi dira Sizilian, baita miseria eta euren oparotasuna mendetako tradizio eta betebeharretan oinarritzen duten jauntxoak ere. Inbasioz betetako iraganari egin diote aurre paisaia hunkigarriok, biziraupena ardatz, Cataniako seme Vincenzo Belliniren nota ederrak zein vendetta usaina lagun. Caltabellotta herrira bidean, ezusteko apartak zein topikoek gure gogoan iltzatutako irudiak bata bestearen atzean pilatu zaizkigu, bulkada ia irrazional batek bultzatuta autoko irratian Giuseppe Verdi maisuaren “I vespri siciliani” opera lirikoa ezin ozenago entzuten dugun bitartean. Arrano habia aparta den gailurrera iritsitakoan, herriko eliza nagusiak hodeiekin bat nola egiten duen ikusi dugu, Verdiren musika inoiz ez bezala ulertzen dugun bitartean. 1282an, Palermo Angevinar Inperioaren aurka altxatu zen, hiriko kanpai hotsekin bat eginez herritarrek hiria zaintzen zuten frantses soldaduei eraso egin zietenean. Matxinada Messina eta Corleonera hedatu zen berehala, eta, konturatzerako, Sizilia guztia-guztia gerran zen; azkenean, 1302an, aldeek bakea sinatu zuten, non eta ezerezaren erdian galdutako herri honetan, mendi eta itsasoaren arteko gune galdu batetik uharteko barnealde osoa mendean hartzen duen herri honetan. Anjou etxearen amaiera izan zen, baina baita Aragoiko koroari atea irekitzeko txanda ere. Azken finean, eskuz esku igarotzen den txotxongilo tristearen patua, urguilua, pasioa... Brucia la luna n’cielu, E ju bruciu d’amuri. Focu ca si consuma Comu lu me cori. L’anima chianci Addulurata Non si da paci Ma cchi mala nuttata. Lu tempu passa Ma non agghiorna, Non c’e mai suli S’idda non torna. Brucia la terra mia E abbrucia lu me cori, Cchi siti d’acqua idda E ju siti d'amuri. Acu la cantu La me canzuni Si no c’e nuddu Ca s'a affacia A lu barcuni. «Ilargia sutan da zeruan, ni amodioz sutan nagoen bezala, sutan da nire lurra eta bihotza kiskaltzen dit horrek», entzuten da marranzano eta gitarra doinuen oihartzuna arbasoen jaioterrira babes bila iritsi den Michel Corleone gazteak eta Apollonia ederrak “The Godfather” film ezagunean elkar ezagutzen dutenean. Nino Rotaren “Speak Softly, Love” bikaina da, baina, noski, siziliarrez abestua. Minik bizienaren atarikoa ere bada kantua, azken aitajaunaren garrasi isilaren atarikoa, odolez blaitutako Massimo antzokiaren eskalinatan iritsiko zaiguna Pietro Mascagni maisuaren “Cavalleria rusticana” operaren intermezzo gozoaren negar mutuaren eskutik. Lurzoru gogorreko negarra, olibondo eta ardi artean eguzkiak lehortutako lur lehorrarena, kolore hori eta moreak mitxoleten gorriekin uztartzen dituena lorez betetako udaberriaren eta mahatsondoz jositako udazkenaren artean. Segesta eta Selinunte ikusgarrietan aurkituko ditugun aztarna doriar bikainetan murgilduko gara jarraian, Grezia Handiaren lekuko paregabeetan barneratuz. Eta Taormina ederrera ere gerturatuko gara greziar aztarna gehiagoren bila, Europako bistarik onenak dituen antzoki berdingabetik Itsaso Jonikoaren horizonte garbiak ikusiko ditugularik ekialdera eta Etna sumendiaren inguruetako paisaia malkartsu, basati eta ketsuak hego-mendebaldera. Sirakusa legendarioa ere ezin bisitatu gabe utzi, Ortigia uharteko kalexketan galdu edota Aretusa greziar mitologiako naiade ezagunaren iturriko uretatik edateko. Pantalica udalerriko nekropoli ezaguneko horma ikusgarrietatik gora ere igoko gara. Izan ere, hispaniarra, frankoa, arabiarra edo bikingoa baino lehenago, Sizilia bizantziarra, erromatarra, kartagotarra, heleniarra, feniziarra, sikuloa, elimoa edota sikanoa izan zen. Eta lehenago, Tuzidedes historialari greziarraren hitzetan, Odiseo berak aurkari izan zituen erraldoi lestrigoi beldurgarrien bizileku ere izan zen. Izateko era baten eratzea Mediterraneo itsasoan zehar hedatzen joan ziren heinean, greziarrak izan ziren siziliar izaera eratzen, moldatzen hasi ziren lehenak; desleiala eta dramatikoa bihur daitekeen lurzoru baten gogortasunaren eta aberastasun eta mehatxuz betetako itsaso baten emankortasunaren artean landutako izaera. Izan ere, tiranoen arteko gatazketatik hona, barne eta kanpoko borrokak etengabeak izan dira Sizilian: Gerra Punikoak, Garibaldiren mila gizonen espedizioa, nazien okupazioa eta aliatuen lehorreratzea Bigarren Mundu Gerran... Horiek horrela, ez da harritzekoa Siziliako idiosinkrasia kriptikoa, iluna suertatzea neofitoentzat, herritar guztiak ordena arkaiko bateko kide balira lez. Italian gaude, baina, aldiz, berehala konturatuko gara hau ez dela Italia penintsularra, bertako eskemek ez digutela hemen balio, edo, zehatzago, hemen aurkituko dugun Italia dauden Italia ezberdinen arteko ezberdinena, bereziena, itxiena dela. Erabilitako adjektiboak gorabehera, zaila da siziliar izaera definitzea; hori bai, izaera horren indar bereizgarria edonon nabari daiteke, urrats bakoitzean, txoko bakoitzean, begirada bakoitzean, baita orografian, musikan edota siziliarren hitz egiteko eran bertan ere. Lurrotara iristen den olatu bakoitzak ere kostalde ezezagun batera iristen dela dakiela pentsa daiteke Sizilian! Baina, hori bai, siziliarrak ondoen identifikatzen dituen ezaugarri bat baldin bada, agian, edozein egoerara egokitzeko duten gaitasuna da hori. Ez kameleoien pareko direlako, moldaerrazak direlako baizik; ez da berriaren bila dabiltzalako, barrenean aldatu behar ez izateko kanpotik aldatzeko gai direlako baizik. Ondo baino hobeto azaltzen du Tancredik Fabrizio printzea osabari Garibaldiren armadarekin bat zergatik egin duen azaltzen dionean: «Se vogliamo che tutto rimanga come è, bisogna che tutto cambi». Hau da, denak berdin-berdin jarrai dezan guztia aldatu beharra baldin badugu, aurrera bada! Horixe da, zalantzarik gabe, “Il Gattopardo” Giuseppe Tomasi di Lampedusaren eleberriaren esaldirik ezagunena, liburu bereko beste batekin ezin hobeto uztartzen dena: «I Siciliani non vorranno mai migliorare per la semplice ragione che credono di essere perfetti». Hau da, zertarako aldatu beharra dute siziliarrek jada perfektuak direla uste badute? Agian erbi bat ehizatzeko asmoz ibiliko ditugun bidexkek eramango gaituzte erantzunak bilatzera. Javier Mariasen hitzetan, heriotza saihestezina dela onartzeko bideak aurki ditzakegu ibilaldi horietan. Nik, baina, bide horiek beste zerbait erakutsiko digutela uste dut: siziliarrek saihestezina denaren kontenplazioa siziliar izatearen patu gisa ikusten dute gehiago ondorio gisa baino. «Don Fabrizio bi begi beltz handi estalki berdexka baten atzetik begira-begira zituela konturatu zen; gorrotorik gabeko begirada bazen ere, erakusten zuen harridura mingarria gauzen ordenaren aurkako kexa zen. Belarri belusatuak hotz-hotz zituen jada erbiak, hankak energiaz eta erritmikoki uzkurtzen zituen, alferrikako ihes baten hilondoko ikur gisa; animalia salbazio itxaropen mingarri batek torturatuta hilko zen, dagoeneko guztiz kondenatuta izanagatik oraindik ere ataka horretatik irteteko gai izan zitekeela pentsatuz hainbeste gizonek egin bezala...». Aro baten amaiera baino gehiago, Tomasi di Lampedusak uharte baten gainbehera etengabea deskribatzen digu, beti ur uherretan igeri egitera kondenatuta dagoela dakien uharte baten gainbehera. Eta, ziurrenik, literatura bera izango da Siziliaren barrunbeak ezagutzeko modurik onena, gutxien-gutxienik motxilan hiru liburu hartuta zeharkatu behar baita uhartea: historia liburu bat, eleberri bat eta poesia liburu bat. Horrela, Luigi Pirandello, Leonardo Sciascia, Ignazio Buttitta, Andrea Camilleri, Salvatore Quasimodo eta Giovanni Verga bezalako maisuen eskutik ezagutuko dugu Sizilia. Baina baita Franco Battiatoren abestietan zein ibilbide musikal eta politikoan, Vitalino Bracanti eta Giuseppe Tornatoreren filmetan edota Rocco Chinnici, Cesare Terranova eta Antonino Caponnetto fiskalek zein Giovanni Falcone eta Paolo Borselino epaileek mafiaren aurka eramandako borrokan. Hori bai, Siziliaren inguruan ezer gutxi ulertuko dugu gar katolikoa eta superstizioa uztartzen dituen bertako osagai erlijiosoa kontuan hartzen ez badugu. Aste Santuan bertaratu eta prozesioak bertatik bertara jarraitzea nahikoa izango zaigu hori ulertzeko, tronpa eta tronpeten soinupean desfilatzen duten lepakariak ikustea. Izan ere, fede zintzoaren eta pragmatismo latzenaren artean mugitzen den Eliza ia nonahikoaren eragina nabaria da uharte osoan. Kontuak kontu, askoz gehiago ere utziko digu oroimenean Siziliak: Villa Casale ikusgarrian aurkituko ditugun mosaiko erromatar bikainak, Cefaluko arrats gorrixkak, cannoli zaporetsuak –bai, Connie Corleonek Don Altobello pozoitzeko erabilitako gaztanberaz egindako postre gozoa–, brioscia sizialiarrak –izozkiz betetako esnezko opilak–, Ingrid Bergman ahaztezina gogora ekarriko digun Stromboli sumendi ikusgarria, Favignanako mattanza –turistek euro gutxi batzuen truke arrantzaleekin batera atunak harrapatu ahal izango dituzte tonnara izeneko atun-sareak lagun–... Azken batean, Trapani, Marsala edo Ragusatik Agrigentoko Tenpluen Bailara ikusgarrira, Sizilia esentzien kutxa aparta da, sarri, modernotasunari aurre egin nahia iradokitzen duen esentzien kutxa.