DEC. 02 2021 - 11:26h Mikel Urdangarin, ‘ñimiñoa’ izan ez den ziklo bat azkenduz Badirudi bigarren pandemia-urte honen azken txanpa ziklo pertsonal baten itxiera ‘usainarekin’ datorrela Mikel Urdangarinentzat. ‘Haitzetan. 1997-2022’ diskoa berrargitaratzeaz gain, ‘Izurdeen lekua’ diskoaren birari bukaera emango dio. Amaia Ereñaga Maiz aipatu du Mikel Urdangarinek bakardadearen zamaren sentipena. Eta, era berean, kontrakoa ere aitortu du: «Inoiz hala sentitu bada ere, sekula bakarrik egon ez den bakarlaria naiz». Zornotzako musikaria 2021. urtearen azken hilabeteotan albiste izan da; batetik, 25 urteko ibilbidea ospatzeko kaleratu berri baitu lehenengo diskoaren berrargitalpen eta birmasterizazioa, ‘Haitzetan. 1997-2022’ izenekoa, eta, bestetik, ‘Izurdeen lekua’ (2020) diskoaren biraren bukaerara iritsiko delako. Azaroaren 26an kaleratutako ‘Haitzetan. 1997-2022’ diskoa benetako altxorra da Urdangarinen jarraitzaileentzat eta musikazaleentzat, baita abeslariaren abesti ezagunekin gozatu nahi duen ororentzat ere. Diskoak, gainera, ongietorria emango dio Mikel Urdangarinen musika ibilbidearen 25. urteurrenarekin zerikusia duten hitzordu bereziez betetako 2022. urteari. 1997an grabatu zen Beasaingo Lagin estudiotan ‘Haitzetan’, Urdangarinen lehen diskoa. Autoekoizpena zen eta Arkaitz Estiballesen ‘akuilupean’ talde hau batu zuen: Eñaut Elorrieta (gitarra klasikoa), Igor Arzuaga (aho-soinua), Pello Ramirez (txeloa eta akordeoia) eta Iñaki Aurrekoetxea (‘Bazkalosteko kafea’ / ‘Arrasto umela’ letrak). 2022an beteko ditu lanak 25 urte, eta aurretik Urdangarinek mende laurden hau ospatu nahi izan du bere kanta aipagarrienen errepasoa eginez, baita orain arte argitaratu gabeko abesti batekin ere: ‘Su ñimiño bat’. Birmasterizazioan oinarrizko diskoari moldaketa gutxi egin dizkiote, oso lan landua zelako. ‘Itxura’ eguneratu diote, Alain Urrutia margolari bizkaitarrak diseinatu baitu azal berria. Zart taldeko kidea da Urrutia, Urdangarin, Rafa Rueda, Iker Lauroba, Elizabeth Macklin eta Maite Larburu artistekin batera, besteak beste. Horrez gainera, kanta berria gehitu diote: «Hortxe aurkituko nauzu bidean / bidezidorrean, ibar luzean / baso berdean, porlanezko oihanean / su ñimiño bat bihotz ondoan», dio kantak. Suak eta izurdeak «Denetarik bizi izan dut, ospakizun handiak, suziriak, uholdeak, desertua, baso berdea… kontraste handiko iruditegia. Eta, inoiz ere, bakarrik sentitu naiz oso musikaren bidaia intentso honetan», dio Mikel Urdangarinek kanta honi buruz idatzi duen testuan. «Egoera zailenetan ere, gutxienez nire buruarekin egon izan naiz beti. Eta norbere baitan norbera baino jende eta mundu gehiago bizi dira. Ez gaude bakarrik. Nire ahotsa, nire kemena eta indarra ez dira neureak bakarrik, ezta neure beldurrak ere. Nigan bizi diren arbaso eta lagunenak ere badira. Ezagutzen ez ditudan baina nolabait ere ondoan bizi diren mundu eta jende batenak ere badira. Horiek guztiak dira –dio– oraindik nigan bizirik dirauen su ñimiñoa». Aldi berean, Mikel Urdangarin ‘Izurdeen lekua’ (2020) diskoaren zuzenekoaren bira amaitzen ari da. Amaren heriotzaren ondoren hausnartutako disko hunkigarri eta hauskor honen ibilbidea pandemiaren ibilbidearekin oso lotuta dago. Pandemiarekin sortu baitzen eta pandemiarekin zabaldu. Dena den, osasun-egoerak behartutako geldialdiaren ostean, emankor dator bere zuzeneko bizitza. Abenduan, esaterako, bi hitzordu ditu Abadiñon (3an) eta Ugaon (18an). Tartean, Durangoko Azokan ere izango da Mikel Urdangarin eta, abenduaren 10 eta 11n, Fernando Velazquezen bertsio sinfonikoen proiektuan parte hartuko du, Bilbo Arenan, beste hamalau artista ezagunekin batera, ‘Ura bere bidean’ kontzertuan. Urtarrilean agur egingo dio bi hitzordu berezirekin: urtarrilaren 9an Iruñeko Zentral kafe antzokian izango da, eta urtarrilaren 28an emango dio bukaera birari Donostiako Victoria Eugenia antzokian.