GAIAK

Hibai Etxebarria: «Imaginazioan dago limitea»

‘Goxokiak’ diskoa kaleratu ostean, berriz ere triptikoen kontzeptura itzuli da Hibai Etxebarria musikari gernikarra. Oraingo honetan ‘TripTics VIII-IX’ diskoa da kaleratu eta Durangoko Azokan aurkeztu duena. MusikHaria saioan izan da.

Plateruenako oholtzan, Ahotsenean, aurkeztu du Hibaik ‘TripTics VIII-IX’ diskoa. (NAIZ Irratia)

This browser does not support the audio element.


Durangoko Azokako hirugarren egunak uzten duen ajearekin hurbildu zaigu Hibai Etxebarria ‘Hibai’ Landakon jarri dugun estudio ibiltarira, nekatuta baina gogotsu. Egun berezia da gaur gainera, aurkezpen kontzertua eman baitu Ahotsenean ‘TripTics VIII-IX’ lana aurkezteko.

Ez da geldirik egoten den horietakoa, bost urtetan bost disko atera ditu. «Ez zen hasieran espero nuen zerbait. 2017koa ez zen nire lehen diskoa izan, baina bai izan zen lehena Hibai bezala atera nuena. Lehen lan horretan material asko geratu zitzaidan atera gabe, beraz, sorkuntza prozesua etengabekoa izan da» azaldu digu Hibaik. «Nire kasuan prozesua etenik gabea da, eta zuzenekoak ere eboluzio batean daude» gehitu du.

Arte piktorikoaren kontzeptuak ekarri ditu musikara. «Triptikoak hiru koadroz osatutako artelanak izaten dira, zeinetan indibidualki pieza bakoitzak zentzu bat duen, baina era berean konjuntoaren parte diren» dio Hibak. Jeromino Bochen ‘Atseginen Baratzea’ edo Hans Memlingen ‘Azken Epaiketa’ adibide piktorikoak dira eta kontzeptu hori beste disziplina batetara egokitu du.

Hibaik argi baitu, «imaginazioan dago limitea». Eta hala pentsatzen duelako lortu du orkestra disko honetarako. «Orkestrazio lanetan nabil azkenaldian eta horrek eragin handia izan du ekoizpen honetan. Badakit ez dela normala horrelako ekoizpen bat egitea gurean, baina nire kasuan nik egiten dut dena, eta ez diot inori baimenik eskatu behar».

Diskoa grabatzerako orduan ahalik eta hartualdi gutxien egitea izan da helburua. Gehienez jota 3tan grabatu dituzte grabatu beharrekoak, horrelakoa izan da grabaketa prozesua. «Bandaren basea hiru alditan egin dugu eta bat aukeratu. Horren gainean orkestra grabatu dugu, beste hiru toma. Eta azkenerako utzi ditugu xehetasun puntualak», azaldu digu. Mecca estudioetan egin dituzte grabazioak eta, Hibaik esan digunez, «Mecca handia da bai, baina han orkestra bat ez da sartzen».

Horrek guztiak noski esfortzu handi bat du atzetik, bai pertsonala eta baita ekonomikoa ere. Eta Hibaik badaki hori, baina gustoko lekuan, aldaparik ez. «Nik musika bizi dut, musikan bizi naiz, uneoro. Ez naiz nekatzen, gehiago nekatzen naiz geldirik», dio. Bere lanak bere poltsikotik ateratzen ditu aurrera, irakaslea da eta aurrezten duena bere musika proiektuak aurrera ateratzeko erabiltzen du. 

Hibairen lan berri honetan hainbat musika estiloren zertzeladak nabaritu daitezke. Badira doinu blueseroak dituzten kantuak, esaterako: «Ni gitarra-jotzailea eta piano-jotzailea naiz, baina batez ere bluesa da gehien maite duten hizkuntza». Horregatik ez da kasualitatea disko honetan Jon Gurrutxagak kolaboratu izana: «Gurrutxaga aitzindaria da euskal bluesean, laguna eta maisua dut».

80. hamarkadari ere egiten dio keinu diskoan: «Sintetizadoreak anaiarekin grabatu ditut eta sintetizadore analogikoak dira guztiak». Aitor Etxebarria anaiaz galdetuta irrifarre txikia ateratzen zaio Hibairi: «Luxu bat da nire anaiaiaren anaia izatea» dio barrez, izan ere anaiaren estudioan grabatu ditu kantu ugari. «Nire estudioa berea da,eta nirea berea».

Aitor Etxebarria eta Jon Gurrutxaga ez dira izan disko honetan kolaboratu duten bakarrak. Mikel Markezek ere hartu du parte, besteak beste eta hura ere Ahotseneako aurkezpenean izan da. Kolaborazio ugari izan ditu Hibaik bere ibilbidean, «200 pertsona baino gehiagok hartu dute parte nire diskoetan, eta hori ohore bat da niretzako».

Hirunaka egin dituen abestien artean, Bilintxen ‘Triste bizi naiz eta’ sortari doinu berria jarri dio Hibaik ‘Triste bizi naiz eta 2.0’ sortuz. Bi modutara, bata bossanovan eta bestea barber estiloan, gisa horretara abestu dute, gainera Ahotseneako emanaldiaren bukaeran: «Gaur egun ahotsaren inguruan eztabaida handia dago. Zerbait aldatu bada musikan, soinuaren tratamendua da eta desnaturalizatu egin da. Guk dena modu organikoan grabatu dugu».

Diskoa eskuratu nahi duenak, Durangoko Azokara gerturatu edota azokaren webgunean eskuratu beharko du, Hibaik ez baitu plataforma digitaletan zintzilikatzen bere musika. Diskoko kantu bat jarri du behintzat denon gozagarri.

;