GAIAK

Errezeta jasangarri eta solidarioak

Elikagaien Bankuari laguntzeko, Gipuzkoako hamazazpi sukaldarik «0 km» produktuekin egindako errezetak proposatu dituzte «Gastronomia Solidarioa» liburuan.

Aurkezpen ekitaldian Jose Ignacio Asensio diputatua eta Belen Mendez de Vigo Elikagaien Bankuko presidentea izan ziren, errezeta liburua sinatu duten sukaldari batzuekin batera.

Premia bereziko une batean milaka familiari lagundu nahian, Gipuzkoako Elikagai Bankuak gastronomia solidarioko liburu bat argitaratu du. Bertan, herrialdeko 17 sukaldarik hartu dute parte beren errezetak proposatuz eta urtarrilaren 9a arte egongo da salgai hiru supermerkatu marka ezagunetan, 10 euroko prezio sinbolikoarekin.

Argitalpena Elikagai Bankuak eta En Clave de Sol komunikazio agentziak sustatu dute, eta, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak babestu du; izan ere, erakunde horren ustez, zabaltzen duen gastronomia, solidarioa izateaz gain, jasangarria ere bada.

Azaroaren 22an egindako aurkezpen ekitaldian Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatua eta Belen Mendez de Vigo Gipuzkoako Elikagai Bankuko presidentea izan ziren, errezeta liburua sinatu duten sukaldari batzuekin batera. Ruben Trincado (Mirador de Ulia jatetxea), Aizpea Oianeder (Xarma), Roberto Ruiz (Hika Gastronomikoa), Iñigo Peña (Narru), Pablo Loureiro (Urola) edo Ander Gonzalez (Astelena 1997) dira argitalpen berrian errezetak dituzten sukaldarietako batzuk.

Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok adierazi zuenez, «jasangarritasuna ezin da bakarka ulertu, lankidetza eta elkarlana behar baitira jasangarritasunaren mezua sektore guztietan sar dadin». Elikagaien Bankuko presidenteak ez zuen aukera galdu nahi izan «ekimen honetan parte hartu duten guztiei eskerrak emateko. En Clave de Sol agentziari, ideia bat izan eta ideia hori gauzatzeagatik; babesle guztiei, Aldundiari besteak beste, ekintza bakoitzean laguntzen digutelako; eta, nola ez, sukaldariei eta beren aletxoa, handia edo txikia, jarri duten guztiei, ideia errealitate bihurtu dutelako».

Elikagaien Bankuaren helburuetako bat «xahuketa murriztea eta jasangarritasuna bultzatzea» dela esan zuen, eta bere erakundea asmo hori gehien behar duten pertsonen alde izateko lan egiten ari dela gaineratu zuen, «zirkulua ixten duen pieza hori izan dadin».

Mendez de Vigoren hitzetan, «ekintza sozial hau Gipuzkoako gizarte osoaren parte da; izan ere, gero eta jende gehiagok parte hartzen du gure kanpainetan, eta dohaintzei eta ekimenei esker egin dezakegu gure lana. Beraz, antolaketa gurea izan arren, guztion lana da».

"Gastronomia Solidarioa" urtarrilaren 9ra bitartean salduko da 10 euroren truke Ubesco BM Taldeko eta Super Amarako supermerkatuetan eta Gipuzkoako Eroski hipermerkatuetan. Salmentarekin lortutako etekin osoa Gipuzkoako Elikagai Bankuarentzat izango da.