GAIAK
Tazara trenbidearen geltoki bat.

Tazara, Ekialdeko Afrikako trena


Kapiri Mposhi hiri txiki eta lokartuan, Lusakatik iparraldera, ekialdeko Afrikako trenbide harrigarrienetakoaren bi muturretako bat dago. Bestea Dar es Salaamen dago. Ia 2.000 kilometro; hiru egun, herrixkak, hiriak, ibarrak, mendiak, zubiak eta natur balio handiko guneak zeharkatzen. Trena, Tazara.

Antzinako moldeko bidaia batean murgildu gara, XX. mendeko lehen urteetan Afrikako lur hauetara menturatzen zirenak gogora ekarriko dizkiguna.

Geltokia hutsik dago. Hiru ordu lehenago Lusakatik, Zambiako hiriburutik, abiatutako autobusetik laukote bat jaitsi gara; eskuetan paperzorro zahar bat daraman gizon heldu bat, koloretako hainbat poltsa daramatzan neska gaztea, fardela buruan jarri duen emakume adindua eta ni. Autobusa martxan jarri eta erdigunerantz urrundu da; ni naiz terminalera abiatu den bakarra, gainerakoak erretzen hasi den eguzkiaren argi artean oinez galdu dira.

Eraikinak, errektangulu hotz eta funtzionalak, beiraz hornitutako fatxada gainean duen kartel handiarekin egin dit ongietorria: a itxita dago, oso goiz iritsi naiz. Ordinary Train, Kilimanjaro delakoa, puntuala bada, ez da 14:00ak arte irtengo eta 10:00ak baino ez dira. Expressa beranduago irteten da, 16:00etan, baina astearteetan, eta gaur ostirala da. Bestalde, bataren eta bestearen artean irabazten den denbora ez da hainbestekoa, eta bi kasuetan bi gau eman behar dira first class-eko lau literako kamarote batean. Itxarotea baino ez daukagu, eta itxaronaldia aspergarri samarra suertatuko litzateke, ohikoa zalaparta den Afrika beltzeko bat-bateko bakardade honek liluratuko ez banindu.

Bi ordu igaro eta jendea iristen hasi da. Norbanakoak eta familia osoak maleta eta fardelekin, harreraleku handia era ordenatuan betez. Leihatila zabaldu dute eta ilaran jarri naiz; duela aste pare bat Lusakan, Tazara-ren (Tanzania-Zambia Railway Authority) bulegoetan, 278 kwatxa-ren truke (26 euro) erosi nituen txartelak konfirmatu behar ditut. Dar es-Salaam-etik banantzen gaituen 1.860 kilometroko bidea egiteko arrazoizko prezioa deritzot, europarren patrikarako, behinik behin.

Ordu eta erdi igarota, zalaparta patxadatsu batek girotzen du espazioa. Nasara gerturatu gara, konboiaren dozenatik gora bagoiek osaturiko ilara sigi-sagatsuaren ondora. Nirea bilatu eta barrura sartu naiz. Gainerakoak bezala, furgoi adindua da, oso zaharra, baina atsegina eta garbi-garbia. Eroso jarri naiz; oraingoz ez dago beste inor. 13:55ean txano eta banderadun guardia pasatu da, behar den bezala; 13:57an txilibitua aditu da eta bozinak erantzun dio, lokomotorrarenak, 1982ko Krupp U30C zahar eta sendoarenak; 14:00etan, britainiar puntualtasunez, nagiak atera eta biraka hasi dira gurpilak.

Tren bat sabanan

Izugarri atsegin dut trenez bidaiatzea eta Afrikan horretarako aukera urriak dira. Herrialde kolonizatzaileak ez zituzten lurralde desberdinak barne hartuko zituzten trenbide sareak eraiki, eta herrialdeok burujabetu osteko baliabide gabeziak ateak itxi dizkio garapenari. Hori dela-eta, tamaina honetako obra bati ekitea ahalegin ikaragarria izan zen bere garaian, eta oztopo politiko eta geoestrategikoak zein finantzario eta teknikoak gainditu behar izan zituen.

Nahiz eta Afrika hegoaldea ekialdeko kostaldearekin lotzeko aukera 1940ko hamarkadatik zetorren, britainiar interesentzat errentagarri ez zelakoan eragozpen ugari antzematen zituzten beti. Independentzia iritsi behar izan zen egitasmoari heltzeko. Tanzaniako presidente Nyerere eta Zambiako Kaunda trena bi herrialdeok lotzeko aukera zela ikusi zuten eta Zambiari itsasorako irteera bat ematekoa, erregimen arrazistei –Hegoafrikakoa eta Ian Smith buru zuen orduko Rhodesiako Errepublikakoa– izkin eginez. Finantzaketa eta laguntza tekniko eta logistikoa Txinatik iritsi zen, afrikar lurraldeetan muturra sartzen hasi zena.

1968an Tanzania-Zambia Railway Authority sortu zen eta 1970ean hasi ziren eraikuntza lanak. Bost urteren buruan amaitu ziren, ia 90 milioi metro kubiko lur mugitu eta 90 geltoki, 320 zubi eta 22 tunel eraiki ostean. Izugarria, ezta? «Benetan txundigarria», diot neure artean, ostertzera begiratu eta zerupean hedatzen diren akaziak, euforbiak, baobab-ak eta bakardadeak ikusiz. «John Boerstra naiz, pasa naiteke?».

Esertzera gonbidatu dut eta hizketan hasi gara. Hegoafrikarra da, atsegina, oso hiztuna, Lurmutur Hirikoa eta arbaso ingelesak dituena. «Bere kontinentean» barrena asko bidaiatzen badu ere, Tazara hartzen duen lehen aldia da eta, nik bezala, Afrikako lur zaharraren gainean triki-traka patxadatsu, etengabe eta nostalgikoa sentitu nahi du. Biak ere zinemazaleak gara eta burura datorkigu ‘The Ghost and the Darkness’ (‘Maitasuna eta iluntasuna’ euskarazko bertsioan), zeinean Michael Douglas eta Val Kilmerrek Tsavoko gizonak irensten dituzten lehoi aseezinak ehizatu behar dituzten, Mombasa eta Kampala arteko trenbidea eraiki bitartean. Ni atzerago noa eta Robert Stack «ukiezina» protagonista zuen «Bwana, oihaneko deabrua» gogorarazi diot.

Errealitatearen eta fikzioaren artean

Orduak aurrera doaz, paisaiak bezala. Geltokiak bata bestearen atzetik ageri dira –Serenje, Mpika, Chozi, Tunduma...– zeintzuen burdinbide eta ezpondak haur eta emakumez betetzen diren, leihoetara hurbildu eta bidaiariei palankanetan daramatzaten tomate, kakahuete, banana eta papaiak eskaintzeko. Irudi koloretsua izan arren, ez dago glamour izpirik horretan; bai, ordea, behar gordina, trenbidean bizibidea ateratzeko aukera ikusten dutenena, txabolaz osatutako herrixketako eta auzo pobreetako txaboletako jendearena.

Azafatak beren burdeos koloreko uniformeak emandako itxurazko segurtasunez mugitzen dira, baina lehen irribarrean segurtasuna xalotasun bihurtzen da, eta irribarre ugari egiten dute. Jatetxe-bagoira hurbiltzera gonbidatzen gaituzte. Kasik hutsik dago. Sakonean, kolore gorriz, belusez eta plastikozko lorez osaturiko dekorazio kitcharen azpian, gizon ilehori bat axolagabe ageri da gu ikustean; atseginago agertu da israeldar bikote gazte bat; mutila argentinar jatorrikoa da, eta ederki moldatzen da hortaz gaztelaniaz. Gainerako bidaiariak beltzak dira, eta beren konpartimentuetan edo hirugarren klaseko eserlekuetan jaten dute. Gizon-emakumeok ez dute erromantizismo edo abenturarik ikusten ibilbide patxadatsu honetan; distantziak gainditu eta geografiako toki batetik bestera garraiatzen ditu, besterik gabe.

Baina guretzat bestelako esperientzia da; ia fikziozko bidaia bat da, espazioan baino denboran garraiatzen gaituena, zabaltasun neurtezinetan zehar, landaretza aldakorren gainean, errealitate eskuraezinetan eta danborrak bezalako ilargiak dituzten arrastiri mugikorretan, zeintzuetan eguzkia goritasun harrigarrietan desagertzen den. Bigarren egunean, goizean, Nakondeko muga igaro dugu. Jendea era ordenatuan metatu da mugako pasabidean, baina lehen klasekoak ez gara jaitsi. Aduanako ofizialak pasaportea konpartimentuan zigilatu digu.

Bideari berrekin eta zati ikusgarrienari aurre egingo diogu, Makambakotik Mlimbaraino dauden 158 kilometroei, baina ilunabarra sartu eta apenas sumatzen ditugu orografia konplexu horren profil mehatxariak. Hala ere, ohartu gara Irangiko tunelaren 2,4 kilometroetako erabateko iluntasunean sartu garenean, eta halaber, gure oinen azpian dardara antzeman dugu Mpanga ibaiaren gaineko zubiaren 49 metroko eroria, berau zeharkatu dugunean. Zorionez, hirugarren eguneko egunsentiak Miomboko sabanako zuhaiztian agurtu gaitu; hiru herrialdetan banatzen den naturgunea da, eta puntu honetan esan nahi du Mikumi parke nazionalaren eta Selous ehiza erreserbaren arteko mugan sartu garela.

Viktoriar eta eduardiar garaien artean gabiltzan turista gisa, aho bete hortz geratu gara inpala, zebra eta elefanteei so, bazkan dauden bitartean, metala zapaltzen duen metalaren hots pausatu isilari jaramon egin gabe. Eta ez oso urrun, lehoia. Hipnotikoa eta zirraragarria da tren bateko leihotik begiratu eta Afrikako basa-bizitza ikustea; bekatua litzateke gure desira handiena eskatzeko ere begiak ixtea.

Zenbaitetan, pakidermo eta felido handiek trenbidea gurutzatzen dute edota bide erdian gelditzen dira. Orduan, trenak frenatu egin behar izaten du, are gelditzeraino ere. Gaur ez da halakorik gertatu eta puntual iritsi gara Dar es Salaamera. Jendez gainezka dagoen nasara jaitsi eta Johni agur esan diot Tanzaniako hiriburuko kaleetan galdu aitzinetik. Ziur aski, ez dugu berriro elkar ikusiko, baina hiru egunez Afrika barneraezinaren bihotza errail gainean gurutzatzeak emandako konplizitatearekin begiratu diogu elkarri.