GAIAK

Osasun publikoaren eredu sozial, feminista eta ez normatiboa aldarrikatu du Medicus Mundik

2018an mundu mailan sinatu zen Astanako Adierazpenaren bertsio berri bat aurkeztu du Medicus Mundi Bizkaiak adierazpen batean. Aldarte-LGTBI+ Arreta Zentroaekin batera osatutako testuan sexu eta genero aniztasuna kontuan hartzen dute, osasun arreta hobetzeko neurrietako bat bezala.

Medicus Mundiren agerraldia Bilbon, Astanako Adierazpen Alternatiboa aurkezteko. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Medicus Mundi Bizkaia elkarteak Lehen Mailako Osasun Arretari buruzko Astanako Adierazpen Alternatiboa aurkeztu du. 2018an sinatu zen Astanako Adierazpenaren inguruan egindako beste proposamen bat azaltzen du; bertan mundu osoko herrialdeek beren lehen mailako osasun arretaren sistemak indartzeko konpromisoa hartu zuten.
 
«Osasuna gaixo ez egotea baino zerbait gehiago da, bizitza osasuntsuan funtsezko eginkizuna betetzen dute osasunaren oinarrizko faktore determinatzaileek, esaterako elikadura eta nutrizioak, etxebizitzak ur edangarrirako eta osasun baldintza egokietarako aukera, lan baldintza seguru eta osasuntsuak, ingurumen osasungarria, eta osasunarekin, genero berdintasunarekin eta sexu zein genero aniztasuna aitortzearekin lotutako gaiei buruzko heziketa eta informazioa», adierazi du Itziar Irazabalek, Medicus Mundi Bizkaiako presidenteak.
 
Elkarteak Aldarte-LGTBI+ Arreta Zentroarekin batera osatu duen Astanako Adierazpenaren edukiaren azterketa egin du eta konturatu da «borondate politiko falta nabarmenaren aurrean gaudela» eredu sozial, barneratzaile, ez normatibo eta genero ikuspegi integraletik landutakoan oinarritutako Lehen Mailako Osasun Arreta eredu baten alde egiteko.
 
Horregatik, Astanako Adierazpen Alternatibo honek aldarrikatzen du osasun sistema publikoa, pertsona guztien osasunerako aukera unibertsal eta parekidea bermatzea; praktika politikoak eta ekonomikoak abiaraztea giza eskubideak lehenetsi eta pobreziaren, desberditasunen, bereizkerien, estigmatizazioaren eta ingurumena hondatzearen aurka borrokatuko dutenak; desberdintasun sozialak desagerraraziko dituzten gobernuak sortzea eta herritarrak osasunerako eskubide unibertsala egikaritzea bermatuko duten politika publikoak ezartzea «ustelkeria zein zerga sistema bidegabeak» saihestuz.

Gainera, Lehen Mailako Osasun Arretan ongi trebaturik eta gaiturik egongo den nahikoa osasun langile izatea eta hauek lan baldintza bidezko eta seguruak izateaz gain egoki ordaindurik egon beharko luketela aldarrikatzen dute, baita herritar guztientzat eskuragarri egongo diren tratamendu eta botikak bermatzea eta parte-hartze soziala eta komunitarioa sustatzea Lehen Mailako Osasun Arretaren baliabideen plangintza erabakitzeko.

Hala, Medicus Mundiri gustatuko litzaioke Lehen Mailako Arrena «garapen sozial eta ekonomiko nagusirako ardatz» bilakatzea, «eredu sozial, feminista eta ez normatiboa» oinarrian izanik.

Bestalde, elkarteak bere konpromisoa berretsi du «generoari buruzko eta genero berdintasuna benetan lortzeari buruzko planteamendu sakon eta zeharkakoa duten politika publikoekin, emakumeen osasunerako eskubide unibertsala gauzatzea bermatuko dutenak».

Giza eskubideen errespetuan oinarritutako osasun arreta lantzea eskatzen dute, aurreiritziek bultzatutako bereizkeriarik gabe, sexu eta genero aniztasuna kontuan hartuz, «gorputzez, sexualitateez eta generoez egiten diren eraikuntza sozialak deseraikitzeko, pertsonen eta herrien osasun egoeran determinatzaile garrantzitsua direlako».