GAIAK

Elikagaien ingurumen jasangarritasuna jakiteko sistema asmatu dute

AZTI zentro teknologikoak eta Lovainako Unibertsitateak ‘Envirescore’ garatu dute, ingurumen etiketen sistema bat, saltokian elikagaien eta edarien ingurumen jasangarritasunaren maila erraz jakin ahal izateko.

Produktuen ingurumen jasangarritasuna neurtzen duen ingurumen etiketen sistema. (AZTI)

AZTI zentro teknologikoak eta Lovainako Unibertsitateak (Belgika) ‘Envirescore’ garatu dute, produktuen inpaktua neurtzen duen ingurumen etiketen sistema bat, Produktuaren Ingurumen Aztarnaren europar metodologian onartuta, zeina nazioartean onartuta eta estandarizatuta dagoen.

Izan ere, sustatzaileek gogoratu dutenez, «elikaduraren sistema begirada guztien erdigunean dago, eta Europan sortzen den ingurumen inpaktuaren kausa eta biktima da». Horregatik, ingurumen degradazioa murrizteko eta Garapen Jasangarriko Helburuak lortzeko, «ezinbestekoa da ekoizpen jasangarriagoa eta elikagai eta edarien kontsumo arduratsua sustatzea».

Azpimarratu dutenez, ‘Envirescore’ nekazaritzako elikagaien industriarentzat zein kontsumitzaileentzat da baliagarria. Lehenengoei bere produktuen ingurumen inpaktua erraz neurtzeko aukera ematen die, ingurumen inpaktuaren 16 kategoria bakar batera bilduta, eta produktuaren ekodiseinua sustatuz hornidura kate osoan zehar. Bigarrenei informazio ulerterraza ematen die, elikagaian eta edarian eta produktuen kategoriak alderatu ahal izateko, «kontsumitzeko ohitura arduratsuagoen alde motibatzeko».

16 ingurumen inpaktu konbinatzen dituen algoritmoa

«Envirescore algoritmo bat da, produktu baten kilogramo bat ekoitzi eta kontsumitzeko etapa guztietan sortzen diren ingurumen inpaktuak amaierako puntuazio bakar batean jasotzen dituena. Zehazki, 16 ingurumen inpaktu konbinatzen dira, horien artean egonik, besteak beste, klima alaketarako potentziala, ozono geruzaren agortzea, uren kutsadura, baliabide fosilen agortzea edo toxikotasuna», azaldu du Saioa Ramosek, metodologiaren sortzaileetako eta AZTIko Prozesu Efizienteen eta Jasangarrien arloko ikertzaileak.

Analisi horretatik abiatuta, gehitutako informazioa komunikazio sistema «erraz, bisual eta intuitibo» bihurtzen du, 5 eskalarekin ( A | B | C | D | E ). Sailkapen horrek produktua ekoitzi, prozesatu, ontziratu, banatu, kontsumitu eta hondakinak kudeatzeari lotutako alderdi guztiak jasotzen ditu.

Elikagaien ingurumen jasangarritasuna neurtzen duen tabla. (AZTI)
Elikagaien ingurumen jasangarritasuna neurtzen duen tabla. (AZTI)

«150 elikadura produkturekin balioztatu eta gero, ondorioztatu da sistema gai dela elikagaien eta edarien arteko inpaktuaren aldagarritasuna ezagutzeko, eta baita, produktuen tipologia beraren barruan, ‘txarrenak’ diskriminatzeko ere, kontuan hartuta ekoizpen teknikak, gehiegizko enbasea edo garraiatzeko distantzia luzeak», adierazi du AZTIko adituak.

Ekimenak enpresa ugariren babesa dauka, baita ere Lakuako Gobernuaren eta Europar Batasunarena, Europako EIT Food elikagaien berrikuntzarako ekimenaren bidez, zeinak elikadura sistema jasangarriagoa, osasungarriagoa eta konfiantzazkoa izateko lan egiten duen.