MAR. 09 2022 - 19:10h Gorputzeko organo bakoitza bere erritmoan zahartzen dela deskubritu dute ikertzaile txinatarrek Jaiotzen garenetik hasten gara zahartzen, baina organo bakoitza bere erritmoan doa, ‘Cell Reports’ aldizkarian argitaratutako eta aditu txinatarrek zuzendutako ikerketa zientifiko baten arabera. Xinhua albiste agentziak jaso du berria. Pertsona bakoitzak bere zahartze patroiak ditu eta, era berean, gorputzeko organo bakoitza bere erritmoan doa. (Jaizki FONTANEDA | FOKU) NAIZ «Hainbat erloju» ditugu gure gorputz barrenean. Horregatik, organo desberdinen adin biologikoak ez du nahitaez bat etorri behar. Gainera, zahartzeko patroi ezberdinak ditugu pertsona guztiok. Hori ondorioztatu du behintzat zientzialari txinatarrek gidatutako ikerketa batek. ‘Cell Reports’ aldizkarian plazaratu dute eta Xinhua albiste agentziak eman du albistea.Ikertzaileek heste-floraren aniztasuna jarri dute adibidetzat. Heste osasungarrien sintoma da, baina lan gehiago ematen die giltzurrunei eta hauek lehenago zahartzea eragin dezake. Azterketa honetan Shenzhen hiriko 4.066 boluntariok parte hartu dute. 20 eta 45 urte bitarteko lagunak dira. Beren gorozki eta odol laginak eta aurpegiko azalaren irudiak eman dituzte, eta probak egin dituzte euren sasoia ebaluatzeko. 403 ezaugarri neurtu dituzte eta bederatzi kategoriarekin lotu dituzte: bihotza, giltzurrunak, gibela, sexua, aurpegiko azala, elikadura, immunitatea, sasoia eta heste-flora.Sistema bat garatu dute gorputzeko sistema bakoitzaren zahartzea baloratzeko, gainerakoekin alderatuz. Horren ondotik, pertsona bat bere adinari dagokiona baino gehiago edo gutxiago zahartu den jakin ahal izan dute. Gehiegizko pisuaren eraginaZientzialariek ikusi dutenez, gehiegizko pisua duten pertsona batzuen metabolismoan eta sasoian nabariagoa da zahartzea. Beste pertsona batzuei, aldiz, gibelean sumatzen zaie dekadentzia azkarragoa.Aurkikuntza horrek «erakuts lezake gehiegizko pisuak eta obesitateak kausa ezberdinak dituztela pertsonen artean». Azterketaren ondorioak «esku-hartze espezifikoekin osasun egoera hobetzeko erabil litezke», eta «etorkizunean zahartzea moteltzeko», zientzialariek nabarmendu dutenez.