GAIAK

65 emanalditan banatuko da Katapulta Tour zirkuituaren VII. edizioa

530 artistak eman dute izena zirkuituan parte hartzeko hautaketa prozesuan eta horietatik sei aukeratu dituzte. Beste sei Kutxa Kultur Musika programak hautatu ditu. Horrez gain, tokiko 15 artistak eta hautaketako finalistek ere aukera izango dute parte hartzeko.

Katapulta Tour zirkuituaren VII. edizioaren aurkezpena. (IREKIA)

Musikaren eta arte eszenikoen esparruan Gipuzkoako talentuen balioa nabarmentzea eta horiek sustatzea, eta eszena dinamizatzen laguntzeko helburua duen Katapulta Tour zirkuituaren edizio berria aurkeztu dute gaur goizean. 

Edizio honetan 27 artistak jardungo dute guztira, eta horietatik 6 Katapultako zirkuituko hautaketa prozesukoak dira. Musikan, Agresion Verbal, Mikel Moreno, Rumbling Lips eta Sega Sound Killers izango dira, eta Arte Eszenikoetan, Alazne Etxeberria aktorea eta Behibi´s Antzerki Konpainia. Kutxa Kultur Musika programak hautatutako 6 artistek ere parte hartuko dute zirkuituan: Deñe, Intza, Julen, Kyxo, Lamiak eta Tek au maisin.

Edizio honetan 65 emanaldi aurreikusten dira zirkuituaren barruan, Gipuzkoa osoko hainbat espazio eta jaialditan. Zirkuitua Jazzaldiaren 57. edizioan egongo da, eta Donostiako jaialdiko tokiko taldeak hautatzeko prozesuan parte hartzen duten tokiko 15 artistaren emanaldiak eta 10 artista finalisten emanaldiak babestuko ditu.

Katapulta Tour Gipuzkoak eta Kutxa Kultur Musikak hautatutako artistei Gipuzkoako hainbat espaziotan 3 emanaldi egiteko aukera eskaintzen zaie, emanaldi bakoitzeko 400 euroko konpentsazio ekonomikoarekin, eta promozio bideo bat grabatzeko aukera Katapultak aukeratutakoen kasuan.

Guztira, zazpi deialdietan, 530 artistaren 720 inskripzio jaso dira. Urte honen amaieran, zirkuituak berak hautatutako 52 proiekturi (musikako 30 eta arte eszenikoetako 22) eta Kutxa Kultur Musika programaren 42 musika proiekturi lagunduko zaie; guztira, 94 proiektu.

Harkaitz Millan Gipuzkoako Kulturako diputatuak adierazi duenez, «Aldundiak tokiko talentuaren aldeko apustua egiten du eta ekimen horren bidez, Gipuzkoa osoan azaleratzen ari diren musika bandak eta arte eszenikoen konpainiak bultzatzen ditu». Bestalde, Kutxa Kulturreko zuzendaria den Mikel Mendartek azpimarratu duenez, «programa honi esker, 6 taldek emango dute beren talentuaren berri. Nabarmentzekoa da musika, genero, geografia eta hizkuntza estiloen aniztasuna».

Esther Fernandinok, Donostia Kulturako Musika Teknikariak eta Jazzaldiko kideak esan bezala, «zirkuitu honetako lau taldek Jazzaldiko agertokietan parte hartuko dute, beren ahalmena eta talentua erakusteko apustu garrantzitsua baita». Halaber, Katapulta Tour programaren zuzendarikideak, Imanol Goñezek, aipatutakoaren arabera, «dagoeneko finkatuta dagoen zazpigarren edizio hau, beste lurralde batzuetarako eredu bihurtzen ari da, gure tokiko talentuari laguntzeko adibide bat».