MAR. 18 2022 - 12:05h Ane Pikaza ilustratzailea eta aktorea da Donostiako 57. Jazzaldiaren kartelaren egilea Heldu den uztailaren 21etik 25era bitartean izango den Donostiako 57. Jazzaldiak badu kartela: ‘Jazzaldiaren Besarkada’ izena du. Ane Pikaza ilustratzaile, aktore eta kultur kudeatzaileak egina da. Jazzaldiaren 57. edizioko kartela aurkeztu dute. Ane Pikazarena da. (JAZZALDIA) NAIZ Donostiako Jazzaldiak bere 57. edizioko kartela aurkeztu du, Ane Pikaza ilustratzaile, aktore eta kultur kudeatzaileak egina. ‘Jazzaldiaren Besarkada’ izena du eta musikak hiriarekin duen loturan inspiratzen da. Kontxa badian kokatzen da, Igeldotik Urgullera, eta agertoki baten atzealde gisa ageri den Jazzaren besarkada irudikatzen du. Proposamen koloretsua da, Jazzaldian Donostia zuzeneko musikaz beteriko hiri distiratsu bihurtzen duten giroa eta espiritua islatzen dituena.Ane Pikaza aktorea da, Arte Ederretan lizentziatua eta Arte Dramatikoan diplomatua. Antzerkia eta Arte Eszenikoak espezialitatearekin eta UOCeko Kultur Kudeaketa masterrarekin osatu zituen ikasketak. ‘Nora’, ‘Begiak Zerumugan’...Ilustratzaile, aktore eta kultur kudeatzaile lanak uztartzen ditu. Ilustratzaile gisa egin dituen lanetatik ondokoak nabarmentzen dira: Zinegoak, Zinemakumeak eta Durangoko Azokaren kartelak eta ‘Gomutan’ eta ‘Begiak Zerumugan’ liburuetarako ilustrazioak. Horretaz gain, ilustrazioak eta aktore gisa paper protagonista egin ditu ‘Nora’ filmerako, Azkuna Zentroko Fatxada proiektuan parte hartu du, Vetusta Morlaren ‘Los ríos de Alice’ bideo-jokorako lanak egin ditu eta baita antzerkirako bisualak ere.Aurretik aipatutako guztiari ibilbide luze bat gehitu behar zaio kartelgintzan, antzerki eta jaialdietarako, erakusketa eta liburu azaletarako, eta aldizkariekin izandako kolaborazioetarako.Orain La Dramática Errante-ren ‘Yerma’ eta ‘Altsasu’ antzezlanetan aktore dabil. Maria Goirizelaiarekin batera sortutako konpainia da, eta harekin batera zuzentzen du Oliteko Antzerki Jaialdia.