MAR. 18 2022 - 19:50h Australiako Arrezife Hesi Handia hiltzen ari da, uraren berotzeagatik Australiako Arrezife Hesi Handiko koralak era «kezkagarri» eta «masibo» batean zuritzen eta hiltzen ari direla ohartarazi dute, gune batzuetan uraren tenperatura lau graduraino igo baita. Australiako Harrezife Hesi Handiko koral bat, jada zurituta. (DPA | EUROPA PRESS) NAIZ Koralen Hesi Handiko Itsas Agintaritzak (gbrmpa bere ingelesezko sigletan) ostiral honetan argitaratu duen txosten batek jakinarazi duenez, uraren tenperaturaren igoeraren ondorioz, Australiako Arrezife Hesi Handiko koralak era «kezkagarrian» eta «masiboan» zuritzen ari dira. Zuritze masibo hau 1998az geroztik erregistratu den seigarrena da, eta ekosistema osoa «arriskuan» jartzen duela ohartarazi dute. Gbrmpa-tik azaldu dute zuritzea «hainbat» gunetan gertatu dela. Izan ere, sistema koralino australiarra munduko handiena da, 348.000 kilometro karratuko azalerarekin. Zehazki, Koralen Hesi Handiko Itsas Agintaritzak egindako ikerketek erakutsi dute Arrezife Hesi Handiaren erdigune eta iparraldean atzeman dituztela zuritzeak. Fenomeno honen atzean, uraren tenperaturaren igoerak eta beroak koralei eragiten dien «estres termikoa» dagoela uste dute adituek. Urpekari bat Australiako Arrezife Hesi Handia aztertzen. (Glenn NICHOLLS) Izan ere, uraren tenperatura 0,5 eta 2 gradu artean berotu da, baina badaude guneak non tenperaturaren igoerak lau gradurainokoak izan diren. Adituek salatu dute horrek koralei «estresa» eragiten diela eta, ondorioz, heriotza eragin diezaiekeela. «Uda honetan estres termikoak okerrera egin duen Arrezife Hesi Handiko gune zentraletan koralen hilkortasuna atzematen hasi gara», abisatu du gbrmpa-ko ikerlari taldearen burua den David Wachenfeldek. Txostenaren argitalpena bat dator UNESCOk arrezifearen, Gizateriaren Ondare gisa katalogatutako lekuaren, osasuna ebaluatzeko egindako bisitarekin. Iaz, arrezife australiarra gizateriaren ondaretik arriskuko ondare kategoriara lekualdatzea planteatu zuten. Momentu hartan kategoria aldaketa baztertu bazuten ere, datorren ekainean berriz helduko diote aferari. Arrezife Hesi Handiak zuritze masiboak erregistratu izan ditu lehenago ere; 1998an, 2002an, 2016an, 2017an eta 2020an, kasu. Adituek nabarmendu dute, gune batzuk oraindik ez direla aurreko zuritzeetatik suspertu. «Zuritzeengatik hiltzen ez bada ere, koral batentzat oso gertaera estresagarria da. Ez dago zuritzeak hain maiztasun handiarekin atzeman dituen erregistrorik», deitoratu du Britta Schaffelke doktoreak, Itsas Zientzien Australiako Institutuko Arrezife Hesi Handiko ikerketa-zuzendariak. Aireko irudiak Wachenfeldek azaldu duenez, zuritze «masibo baten» aurrean egoteko aukerak daude baina oraindik, aireko ikerketak amaitu arte, ez dute ofizialki baieztatzerik: «Aireko azterketak amaitu nahi ditugu zuritze honen irismen eta larritasunari buruzko dei bat egin aurretik benetan gertatzen ari dena benetan ulertzeko». Izan ere, koral bat zuritzen denean, haragia eta eskeletoa errazak dira airetik atzemateko. Baina, hiltzen bada, haragia usteltzen hasten da eta kolore ilunagokoak diren algek laster batean xurgatzen dute, aireko ikusgarritasuna kaskartuz. Australiako Arrezife Hesi Handiko koral bat, zuritzen hasia. (Glenn NICHOLLS) Joan den larunbatean hasi zituzten helikopteroen laguntzaz egiten ari diren aireko azterketa hauek. Gaur arte jaso dituzten datuek erakusten dutenez, zuritzea «leun eta moderatu artekoa» izango litzateke. Zuritzea txikitzat jotzen da arrezife indibidual bateko koralen %10 baino gutxiago zurituta badago. %30erainoko mailak moderatu gisa sailkatzen dira, %60 arte handia da eta hortik haratago, zuritzea larritzat jotzen da.