MAR. 30 2022 - 14:15h Gari errepidera itzuliko da «bake prozesu» izango den zuzeneko disko bat grabatzeko Garik 40 urteko ibilbidea dauka Euskal Herriko musika eszenan. 80ko hamarkadan Ziper taldearekin abiatuta, hamaika urte eman zituen Hertzainak taldearen ‘frontman’ gisa. 1995etik bakarlari bezala aritu da eta oraingoan zuzeneko disko bat grabatzeko bira bat prestatu du ekainerako. Garik Bilbon aurkeztu du prestatzen ari den bira. (Marisol RAMIREZ | FOKU) Alaia Sierra Bere ibilbidearekin «bake prozesu bat» izango delakoan, Hertzainak taldeko abeslaria izandako Gari errepideetara bueltatuko da zuzeneko disko bat grabatzeko. Lehendabiziko maketak berreskuratu eta 26 abestiz osatutako ‘setlist’-a prestatu du Maldanbera taldearekin batera. Zuzeneko disko bat grabatzearen ideia «aspaldikoa» da Gari eta Maldanbera talde bidelagunarentzat. Motibazioa kontzertuetan duten harrera izan da: «Estudioko diskoek ez dute egiten dudana islatzen, estudioan musikari sentitzen naiz eta zuzenekoetan, abeslari», zehaztu du kantariak asteazken honetan Bilbon emandako prentsaurreko batean. Bide batez, bere ahotsarekin «adiskidetzeko» balioko duen lana dela azaldu du. «Oso zaila da zeure ahotsa onartzea, eta abeslarioi gure akatsek mugatzen gaituzte. Gainera, nire bizitzan presak gidatu nau, eta disko honekin lan bukatuago bat lortu nahi dut», gehitu du. Abestien zerrendari dagokionez, «prestatzea ez zait ez erraza ez zaila egin, ibilbide zabal baten erretratua da», azaldu du Garik. Hala ere, lehendabiziko diskoetako abestiak jotzea kosta egin zaiola azpimarratu du: «emozionalki prozesu gogorra izan zen, lehenengo maketa horrek garai hartan zegoena proiektatzen zuelako». Garirentzat musikari izatearen «grazia» abestiak behin eta berriz bertsionatu ahal izatean datza. «Proiektu berriek bizirik mantentzen gaituzte, bira eta disko hau nire emozio negatiboetatik askatzeko eta jendea hunkitzen jarraitzeko da», adierazi du. Maldanbera taldearekin duen lotura «elkar-laguntzako komunitate» bat bezala definitzen du musikariak. Alex Alonso bateria-jotzaileak, Oier Aldekoa baxu-jotzaile, teklista eta abeslariak, eta Miguel Moyano abeslari programatzaile, teklista eta gitarra-jotzaileak osatzen dute taldea, Unai Mimentza soinu teknikaria eta John Luhman argi teknikariarekin batera. Lau hitzordu Euskal Herrian zehar Gariren hitzetan, «zuzeneko disko bat egitea ez da erronka bat» eta hainbat urtez kide izan duen Maldanbera taldearekin batera lau kontzertu lotu ditu Euskal Herriko antzokietan zehar. Bira laburra izango da: «ez daukat adinik nire burua hutsera botatzeko». Ekainaren 3an Lazkaoko Areria antzokian izango dira. Lau egunen ostean, ekainaren 7an, Bilboko Arriaga Antzokiak hartuko ditu. 10ean, bestalde, Muxikeberri Antzokian egingo dute emanaldia, Algortan. Bukatzeko, ekainak 17 izango dituenean, Bergarako Seminarixuen izango da kontzertua.