MAR. 31 2022 - 06:05h Interview Pello Reparaz Zeid Fest jaialdiaren sustatzailea «Gure jaialdia Euskal Herriko gizartearen isla izatea nahiko genuke» Dena prest da BECek larunbatean Zeinen Ederra Izango den Fest jaialdia hartzeko. Hamar mila musikazaletik gora bilduko dira bertan. Haur, gazte zein heldu, denek izango dute egunpasa atsegina egiteko aukera, etxealdi betean ereserki bihurtu zen kantaren espirituarekin bat eginda. Pello Reparaz, Zetak taldeak eskaini zuen NAIZ Kontzertuan. (Jon URBE | FOKU) Xole Aramendi Ptazeta, Ezpalak, Dupla, Bengo, Lildami, Motxila 21, Maren, Zetak, Zoo, Gatibu, Iseo & Dodosound, Los Chikos del Maiz, Maria Arnal & Marcel Bages, Sua, Luna Ki, Tanxugueiras, Adrianna Gaultier, ETS, Anne Lukin eta Ene Kantak taldearen haurrentzako ikuskizuna. Hauexek dira larunbat honetan BECen egingo den Zeinen Ederra Izango Den Fest jaialdiaren kartela osatuko duten musikari eta taldeak. NAIZ Eszenatokia izango da agertoki nagusia, Bizkaia Arenan kokatutako dena, NAIZek jaialdiarekin sinatu duen akordioaren harira. Tokian tokiko taldeei izurriak eragindako egoera zaila iraultzen laguntzeko nahiak bultzatutako hitzarmena da. Bederatzi talde arituko dira oholtzan. Bigarren pabiloiak La Salve Eszenatokia hartuko du, hamaika talderekin. Festibala ez da horretara mugatuko. Kanpoaldean jan-edanerako eta sortzaileen lanak bertatik bertara ezagutzeko guneak atonduko dira, besteak beste. Gogoz eta ilusioz. Horrela bizi ditu azken asteak Pello Reparazek (Arbizu, 1990). Estres uneak ere izan ditu jaialdiaren aurreko egunetan, «nahiko mobida handian sartu baikara», aitortu du. «Estilo aniztasuna izango du, adin guztientzat eta familientzat aproposa. Sarrerak ziztu bizian joan dira, denak saldu ditugu; ederra izango da», dio. Pozik BECeko agertokira igoko diren musikari eta taldeekin? Bai, badakigu esku artean kartel berezia dugula. Oso aberatsa da, proiektu oso ezberdinak daude bertan. Euskal eszenaren isla izan nahi du kartelak eta bertako proiektuak Euskal Herritik kanpoko beste hainbatekin uztartzea izan dugu helburu jaialdia antolatzerakoan. Askotan jaialdi handietan kanpoko taldeei presentzia handia ematen zaie kartelean bertan eta baita ordutegian ere, eta euskal taldeak beste plano batean geratzen gara. Eta errealitatea da euskal taldeek indar handia dutela hemen, sarri kanpoko taldeek baino gehiago. Gatibu bat, adibidez. Asmoa izan da oraingoan denak plano berean jartzea.Hizkuntza aniztasuna ere aipatzekoa da. Noski. Euskara, katalanera, galiziera, espainolez ere badira proiektuak... Egitasmoaren idiosinkrasiarekin bat dator. Herrialde Katalanetatik Zoo, Lildami, Maria Arnal & Marcel Bages... etortzea guretzat garrantzitsua zen hasieratik. Tanxugueiras taldearekin ere bat egin dugu; galizieraz abesten dute. Eta jaialdiarekin bat egin dezaketen beste hainbat proiektu ere gonbidatu ditugu. Buruhausterik handiena zein izan da? Dena, hainbeste arlo hartzen ditu bere gain horrelako jaialdi batek... Proiektu berria izanik hainbat prozesu lehen aldiz egin behar dituzu. Beti daude buruhausteak eta ezustekoak... Zorionez lantalde gazte gogotsu eta indartsua sortu dugu eta ilusio horrek lagundu digu hilabete hauetan guztietan bidean sortutako trabak gainditzen. Jaialdiaren ideia etxealdian otu zitzaizun. Konfinamendu erdian ginela, geure etxeetan sartuta, ‘Zeinen ederra izango den’ abestia sortu nuen. Euskal Herrian izan zuen eragina oso modu intentsoan bizi izan genuen sare sozialetan zein geure inguruko jendearen mezuen bitartez. Garai hartan kantak etorkizunari begiratzen zion mezu itxaropentsuaz eta pentsatu genuen “zergatik ez abestiaz gain beste helduleku bat eman jendeari” hura guztia pasa zela ospatuz? Ez genuen ideia handirik jaialdiak hartuko zuen formari zegokionean. Eta erabaki genuen jendeari data bat luzatzea nork joko zuen esan gabe. Sarrera erostea zen kontua, “hor egon nahi dut, jendearekin ospatuko dut” pentsatzea euskal herritar guztiok. Eta astebetean 1.500 sarrera saldu genituen! Horrek erakutsi zigun haratago joan gintezkeela. Gutxinaka-gutxinaka handituz joan zen. Eta BECera iritsi gara. Milaka eta milaka pertsona etorriko dira, festa erraldoia egingo dugu. Bidean gertatutakoek eraman gaituzte horra, oso naturala izan da. Nola joan zarete antolatzen? Hasieran Zetak-eko azpiegiturak hartu zuen bere gain ardura. Sormen zuzendaria den Iratxe Reparaz, nola ez, bertan zegoen eta Panda Artist Management enpresa ere bai. Xabi Uribeetxebarria bezalako lagunekin ere bat egin genuen une hartan, denon artean ideia zehazteko. Baina bat-batean inflexio puntua iritsi zen. Gauzak aurrera zihoazen heinean ikusi genuen azpiegitura aldetik BEC bezalako leku batean egin beharko genuela. Ez zen Zetak-en proiektu pilo horietako beste bat; agian berezko izaera eta lantalde propioa izan behar zituen proiektuak. Dena aldatu zen. Modu batera edo bestera ikusi genuen profesionalizatu egin zela hasierako ideia. Pandaren parte hartzeak beste dimentsio bat hartu zuen, orain arte gurekin lan egin duten pertsonak bakarrik ez, beste talde batzuk ere gehitu ziren, ekoizpen eta azpiegitura taldea, esaterako. Programazio lantalde ere osatu genuen. Eta ondoren, bidean, hainbat laguntzaileren babesa jaso dugu, NAIZ horien artean.Jaialdia «denona eta denontzat» dela nabarmendu duzue. Egun osoan zehar izango da zer ikusi eta zer entzun. Bai, hala da. Ate irekiera goizeko hamaiketan izango da eta lehen kontzertua hamabietan hasiko da. Ez da hain ohikoa musika jaialdi baten markoan. Eta goizaldeko ordu bat eta erdietan amaituko da. Egunean zehar bizitzeko jaialdia prestatu dugu. Programazioan badira familia osoari zuzendutako proiektuak: Ene Kantak, Motxila 21, ETS, Gatibu, Tanxugueiras... Uste dut familia nahikotxo hurbil daitezkeela halako planarekin. Ez izatea gazteentzako bakarrik, nahiko genuke Euskal Herriko gizartearen isla izatea gure jaialdia, denok bat egitea bertan.BECen kanpoaldean ere prestatuko da gune berezi bat. Egunpasa egiteko aukera ederra da. Kontzertuak barruan egingo dira, apirilean izanik Euskal Herrian eguraldi ona ez baitago ziurtaturik, eta kanpoan ere espazioa izango da jendea bertan egoteko, eta jan-edanerako tabernak eta food-truck-ak jarriko dira. Sortzaileen Azoka ere egongo da. Jaialdian bertan bi eszenatokietatik kanpo gunea irekiko dugu eta jaialditik ateratzeko aukera ere izango da. Bakoitzaren errealitate ekonomikoa kontuan izanda, agian bada jaialdian egon bai baina ezin duenik bertan egin jan-edana. Horregatik eskainiko dugu irteteko aukera. Autobusak ere izango dira hainbat herritatik. Euskal Herri osoa bertan izatea nahi baldin badugu, garbi ikusi genuen erraztasunak eman behar genizkiola jendeari. Oso sistema erraza da, eta beharrezkoa. Arrakasta handia izan du eta lagunduko du Euskal Herriko puntu desberdinetatik publikoa BECera hurbiltzen. Jendarteak ospakizun beharra zuen. Eta orain, izurria luzatu egin denez, are gehiago agian... Bai, pandemian Euskal Herriak bazuen itxaropenarekin bat egiteko beharra. Konfinamenduan ginelarik hasiera batean uste izan genuen bi asteko kontua izango zela, gero gehienez bi hilabeteko zerbait. Tesitura horretan egin genuen jaialdiaren aurkezpena. Oso gauza ederra izan zen, baina egia da kolpeak ere etorri direla, azkenean bi urteko kontua izan da eta eraldatu ere egin da jendearen itxaropena. Errealitatera, lurrera, gehiago jaitsi gara modu batera edo bestera. Publikoak jaialdiarekin izan duen harremana, hasierako txispa hura baino, beste zerbait izan da, ederra era berean, baina gehiago asumituz zer izan den eta zer eragin izan duen gure gizartean.«Guztiok elkarrekin lan egiten dugunean zer egiteko gai garen erakusten du», esana duzu. Konfinamendu hartan sentitu genuen sentsaziotik dator. Ikusi genuen Zetak-en lantaldea oso batuta eta indartsu zegoela une hartan, jaialdiaren germena izan zen proiektu plazaratu genuen eta Euskal Herriak oso indartsu erantzun zuen eta horri esker aurrera egin nahi izan genuen. Proiektu hau denona dela sentitzen dugu. Jende piloak parte hartu du; hartu-eman prozesu horrek egin du posible apirilaren 2an izango den jaialdia izatea. Beste puntu batean gaude jada. Eta ederra izango da. Kolektibitate sentimendua nabarmendu duzue. «Gure jendearen eta gure lurraren ikuspegi berezi batean oinarrituta jaialdi hurbila izango da», diozue. Hala da. Euskal herritarrak garenez, gu nafarrak izanik eta jaialdia Bizkaian ospatuz... badira hainbat faktore egiten dutenak gure nazioaren isla modukoa izatea. Baikortasun aldarria ere bada. Bada oso ezaguna den esaldi bat nik beti presente dudana: ‘Kantatzen duen herria ez da inoiz hilko’. Hori da geure herria eta horri heldu behar diogula sinesten dut serioski. Gure herriak mendeetan izan duen sufrimenduarekin bizi behar izan dugu, eta betiere ikuspegi positibo eta itxaropentsua garatu eta mantendu behar izan dugu, eta horrekin jarraitu behar dugu. Hori da gure herriaren esentzia eta jaialdi honek hori bera xurgatu nahi du. Publikoaren beharraz ari gara, baina goazen fokua bestaldean jartzera. Sortzaileek ere badute ospakizun beharra, kulturgintzak oso garai gogorrak bizi izan ditu. Argi eta garbi, urte gogorrak izan dira. ZEID Fest-ek izan nahi du Euskal Herriko musika sarearen aktibaziorako jaialdia ere ahal duen heinean, noski. Bertan parte hartuko dugun artista, teknikari, orotariko langile desberdinontzat garrantzitsua da horrelako ekimenak izatea.