APR. 08 2022 - 12:40h Kirol heziketarako erreferente berria Tolosaldean Lehen ikasturtea ondo bideratuta, hurrengoari begira lanean dabiltza Tolosako Gainberri Kirol Heziketa zikloko arduradunak. Aurtengo matrikulazioa gaindituko dutela espero dute, asko baitira interesa adierazi eta izena ematen hasi diren gazteak. Gainberri Kirol Heziketa eskolako taldea. (NAIZ) Maitane Aldanondo Kirola eta jarduera fisikoa egiteko joera hazi egin da azken urteotan. Gero eta pertsona gehiago dira modu batera edo bestera gorputza lanean jartzea erabakitzen dutenak, eta horrek, haiei irakatsi edo laguntzeko ondo prestatutako profesionalen beharra areagotu du. Tolosaldean kirol giro indartsua dago, baina arlo horretako heziketarik ez zegoela ikusita, Tolosako Gainberri Heziketa Eskolak Kirol Heziketa zikloak sortzea erabaki zuen. 2021-2022 ikasturtean abian jarri dute eta amaitzeko oraindik hilabeteak falta badira ere, datorrenari begira daude, jada. Gurutz Aginagalde eskubaloi jokalari ohia da ikasketa horien arduraduna eta harengana jo du GARAk estreinako urtea nola joan den jakiteko eta, matrikulazioa martxan dutela, hurrengoari nola aurre egingo dioten galdetzeko. Kirolari lotutako hiru ziklo osatu eta martxan jarri ditu Gainberrik; erdi mailako bat, Natura inguruneko gorputz eta kirol jardueren gidaritza, eta goi mailako bi: Gizarte eta kirol irakaskuntza eta animazioa eta Egokitzapen fisikoa. Estreinako ikasturtea «ezin positiboagoa» izan da Aginagalderen esanetan. «Lehen pausoak beti dira oso ilusionagarriak, baina, aldi berean, badaukate nola aterako den zalantza puntu hori. Nahiz eta proiektu ona eduki eta ilusio handia jarri, ez dakizu nola aterako den. Kasu honetan pentsatu baino hobeto joan da eta, egia esan, oso pozik gaude». Aurreikuspenak gainditu dituztenen artean, esaterako, familien aldetik izan duten harrera eta jasotako iritziak nabarmendu ditu arduradunak. Jarraipen eta tutoretza pertsonalizatua dira Gainberriren metodologiaren oinarria. Ezaugarri bereizgarri horri garrantzia handia ematen diote eta horregatik familiek «eroso» eta «eskertuta» daudela adierazi diete. «Jatorri oso desberdineko gazteak dauzkagu, askotariko kasuistikak, eta, batez ere, helburu desberdinekin. Batzuk oso argi lanera bideratuta, eta beste batzuk oso argi unibertsitatera. Bakoitzaren egoeran zentratzen gara, bere beharrak ondo ezagutu eta haiek lortzen laguntzeko». Alegia, gertutik jarraitzen dute ikaslearen ibilbidea eta harekin batera joaten ahalegintzen dira norberak bere asmoa gauza dezan. Hala, ikasketak osatuta unibertsitatera jauzi egin nahi dutenei behar duten nota lortzen lagunduko diete; lan mundura sartu nahi dutenek, berriz, heziketa dualaren alde egin dezakete proiektuaren parte diren enpresetan, «ahalik eta hobekien» presta daitezen pausoa emateko.Ahoz ahokoak hauspotuta Eskualdean interes handia piztu du Gainberriren eskaintzak, baita handik kanpo ere. Izan ere, nahiz eta Gipuzkoan halako heziketa eskaintzen duten beste ikastetxe batzuk egon, hainbat txokotatik etorri dira formazioaren berri izatera. «Ahoz ahokoak ondo funtzionatu du eta matrikulazioa zabaldu dugunean ikusi dugu Gipuzkoa osoko jendea datorrela, baita Bizkaikoa eta Nafarroakoa ere. Ondo baloratu dute egin duguna eta jendearen belarrietara iritsi da gure ikastetxea. Egia esan, oso pozik gaude». Erantzun onaren isla da lehen ikasturtean 64 ikasle dituztela; mugarik ez zuten eta izena eman zuten guztiek bermatuta zuten lekua. Aginagalderen esanetan, «iazko matrikulazioa oso arrakastatsua izan zen eta aurten epeak dezente aurreratzen ari zaizkigu, jendea askoz lehenago etorri baitzaigu, oso interesatuta, eta asko matrikula egiten hasi dira». 2022-2023ra begira, 75 leku dituzte, 25 eskainitako ziklo bakoitzean. Laguntza emozionala Dena ez da positiboa izan, ordea. Gizarte guztiari bezala, pandemiak Gainberriri ere eragin dio. Hala ere, egoera zail horretatik ondo atera direla uste du arduradunak, ez baitute egun bakar batean ere gelarik itxi behar izan eta eskola guztiak eman ahal izan baitituzte. «Denon garaipena izan da –laburbildu du Aginagaldek–. Lortutakoak esan nahi du gauzak ondo egin direla. Familiekin harreman zuzena dugu eta une oro baloratu dugu egoera elkarrekin. Eskertu egin nahi diet beraiei, ikasleei eta irakasleei izan duten ardura eta konpromisoa». Hamasei urtetik aurrerako ikasleak dituzte eta bizi izan duten egoera «ez da batere erraza izan». Laguntza emozionala ematen ahalegindu dira, errealitate guztiak entzuten, aztertzen eta haiei erantzuna ematen. Ikasketa ibilbidearen jarraipena, lehen bileratik bertatik hasita Gainberri Heziketa Eskolako azpiegiturak ezagutu eta heziketa proiektuaren berri bertatik bertara izateko, martxoaren 27an ateak zabaldu zizkieten ikasketok egiteko interesa dutenei. Ikastetxea erakutsi eta irakasleek familiei aurkeztu zieten hezkuntza proiektua: zikloen edukia, metodologia, balioak eta egunerokotasuna nolakoa den. Halaber, familiek dituzten zalantzak argitu eta galderei erantzun zieten modu orokorrean. Egun horretan bertaratzerik izan ez zutenek, beste aukera bat izango dute maiatzaren 22an. Edonola, banakako bilera ere egin dezakete familiek eta etorkizuneko ikasleek euren jakin-mina asetzeko. Are gehiago, horren alde egitera gonbidatu ditu Kirol Heziketako arduraduna den Gurutz Aginagaldek. «Gure metodologiagatik eta jarraipenarengatik garrantzitsua da, eta beti gomendatzen dugu bilera hori eskatzea, bakoitzaren egoera pertsonalki lantzeko. Izan ere, familiei informazio zehatzagoa ematen zaie bilera horietan, eta batez ere, guri dagokigunez, ikaslearen aldetik informazio asko jasotzen dugu. Hor hasten gara etorkizunari begira egingo dugun jarraipena lantzen». Heziketa eskoletako gradu guztiek bi irteera nagusi dituzte: goi mailako beste ikasketa batzuk edo lan mundua. Bide bat edo bestea nahi dutela dakitenen beharrak ez dira berberak izango, eta helmuga bezala, etorrera ere oso bestelakoa izaten da ikasleen artean. Bi aldagai horiek oso kontuan hartzen dituzte Gainberrin. Aginagalderen esanetan, gazteekin izaten duten elkarrizketa horretan aipatu informazio hori jasotzen dute ikasturtean zehar izan ditzaketen «baldintzatzaileak edo zailtasunak» aurreikusteko. «Horrek egunerokoan asko laguntzen digu ahalik eta probetxu handiena ateratzen ikasleek ikastetxean egiten duten lanari». Halaber, formakuntza ikasle bakoitzak egin nahi duen ibilbidera egokitzeko ahaleginean lagungarri zaie. «Saiatzen gara ikasleak bideratzen eta beraien helburuen eskutik joaten».