APR. 08 2022 - 13:55h Zero emisioko espedizioa egingo dute Groenlandiara, haize-lera bat eta eguzki plakak erabiliz Zientzialari talde batek, klima aldaketaren ikerketaren baitan, zero emisioko SOS ARTIC 2022 espedizioa antolatu du Groenlandiara. Karbono arrastorik ez uzteko, haize-lera bat erabiliko dute eta eguzki plaken bidez lortuko dute laginak batzeko beharko duten energia. Ramon Larramendik diseinatutako haize-lera ekologikoa. (Panasonic Business | EUROPA PRESS) NAIZ Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak eta Donostiako Udalak ostiral honetan jakinarazi dutenez, laguntza ekonomikoa emango diote klima aldaketaren nondik norakoak ikertzeko apirilaren 26an Groenlandiara joango den SOS ARTIC 2022 espedizio polarrari. Karbono emisiorik ez igortzeko asmoz, leku batetik bestera joateko erabiliko duten lerak haize-kometa baten bitartez eskuratuko du mugitzeko beharko duen energia. Eta, ildo beretik, ikerketa ekipoak aktibo mantentzeko kontsumituko duten energia guztia eguzki-plaken bidez lortuko dute esploratzaileek. «Zero emisioko energia efizienteak mugituko duen lehen ibilgailu eolikoa izango da», azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak. Ramon Larramendi izango da espedizioaren zuzendaria eta Carlos Pitarch, Marcus Leisegang, Lucia Hortal, Juan Manuel Sotillos eta Begoña Hernandez esploratzaileen laguntzaz, zeharkaldi zirkular bat egingo dute Groenlandiako mendebaldetik ekialderaino. Zehazki, Groenlandiako hainbat tokitan izotz eta aire laginak batuko dituzte monitorizazio klimatikoa egiteko eta klima aldaketaren irismena kalkulatzeko. «Horrela, poloetan izan daitezkeen eraldaketak aurreikusi ahal izango dira, eta Artikoa eta planeta osoa babesteko neurriak diseinatzeko behar den informazioa eskuratu ahal izango da», azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak. Sentsibilizazio kanpaina Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak 10.000 euroko diru laguntza eman dio proiektu honi eta Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak zehaztu duenez, esploratzaileak itzultzen direnean, ekainaren 15ean, «sentsibilizazio eta hezkuntza proiektu bat garatuko da honen inguruan, aldaketa klimatikoak ingurune polarretan dituen ondorioez eta horrek gure planetan izan ditzakeen ondorioez sentsibilizatzeko». Hala, espedizioa amaitu ostean, bai Gipuzkoako ikastetxeetan bai hala eskatzen duten foroetan esploratzaileek hitzaldiak emango dituzte klima aldaketak poloetan duen eraginaren inguruan sentsibilizatzeko.