GAIAK

Elebitasunak garunaren zahartzea moteldu dezake, ikerketa baten arabera

HSE Unibertsitateko (Errusia) eta Northumbria Unibertsitateko (Erresuma Batua) ikertzaileek aurkitu dute elebitasunak giza garunaren adinarekin lotutako aldaketen ibilbidea moteldu eta arindu dezakeela.

Elebitasunak giza garunaren adinarekin lotutako aldaketen ibilbidea moteldu eta arindu dezake. (GETTY IMAGES)

Giza garuna okerrago funtzionatzen hasten da adinarekin: informazioa prozesatzeko abiadura orokorra murriztu egiten da, oroimen episodikoa eta epe laburrekoa narriatu egiten da, eta hizkuntza trebetasunen eta funtzio exekutibo eta bisoespazialen kontrola murriztu egiten da. Prozesu horri «zahartze kognitiboa» deitzen zaio. Neurona mailan, aldaketa anatomikoen bidez agertzen da garunaren eremu espezifikoetako materia grisean eta zurian.

Hala ere, zahartzearen abiadura aldatu egiten da kasuz kasu eta pertsonaren erreserba kognitiboaren mende dago, hau da, garunak adinarekin lotutako kalte zerebralaren ondorioei aurre egiteko eta errendimendu optimoari eusteko duen gaitasuna.

Erreserba hori pertsona baten bizitzan zehar metatzen da, garunak neurona sareak indartzen baititu, kanpoko hainbat estimuluri erantzunez. Zenbat eta konplexuagoak izan neurona sareak, orduan eta handiagoa izango da pertsona baten erreserba kognitiboa, eta arinagoak izango dira adinarekin lotutako aldaketak.

Dagoeneko frogatu da erreserba kognitiboak eragina duela ariketa fisikoan, nutrizioan, karrera profesionalean, aisialdiko ohituretan, hezkuntza mailan, estatus sozioekonomikoan eta beste hainbat faktoretan.

Orain, HSE Unibertsitateko eta Northumbria Unibertsitateko zientzialari talde honek elebitasunak adinekoen garunaren funtzionamenduan duen eragina eta erreserba kognitiboaren beste alderdi batzuekin duen harremana ikertzea erabaki du.

‘Frontiers in Psychology’ aldizkari zientifikoan argitaratutako lanean, ikertzaileek esperimentu bat egin zuten 60 urte edo gehiagoko 63 heldurekin. Parte-hartzaileak osasuntsu zeuden eta ez zuten arazo psikiatriko edo neurodegeneratiborik.

Azterlanean parte hartzeko baldintzek bigarren hizkuntza baten ezagutza partziala, gutxienez, barne hartzen zuten.

Esperimentuaren aurretik, parte-hartzaile guztiek galdetegi bati erantzun zioten. Galdetegi horretan, beren erreserba kognitiboa ikertu zuten (parte-hartzaileen egoera zibilari, ikasketa mailari, lanbideari, gizarte harremanei, kirol jarduerei eta abarri buruzko galderak biltzen zituen).

Parte-hartzaileek adierazi behar zuten, halaber, noiztik ezagutzen zuten bigarren hizkuntza bat, zein maiztasunez eta non erabiltzen zuten, eta hizkuntza horretan zer jariakortasun maila zuten.

Parte-hartzaileei ariketa bat aurkeztu zitzaien, non bost geziko errenkada bat erakusten zitzaien; erdiko gezi «objektiboa» estimulu gakoa da. Erdiko geziaren bi aldeetan dauden geziak estimulu giltzarriaren (kongruentea) norabide berean apuntatu daitezke, kontrako norabidean (inkongruentea), edo beste objektu batzuekin ordezkatu daitezke (karratuak, esaterako). Parte-hartzaileei helburu nagusiaren norabidea adierazteko eskatu zitzaien, eta ahalik eta azkarren egiteko.

Elebitasuna, «etengabe presente»

Egoera inkongruente batean (helburuak eta alboko geziek norabide desberdinetan apuntatzen dutenean), zailagoa izaten da pertsona batentzat kontzentratzea eta erantzun zuzena ematea. Elebitasunak, ordea, eragin lagungarria izan zuen zereginean. Zenbat eta denbora gehiago eman pertsonek bigarren hizkuntza ikasten, orduan eta errendimendu hobea zuten esperimentuan.

Subjektuen hizkuntza ezagutzak garrantzi handiagoa izan zuen bigarren hizkuntza ikasten eman zuten denbora baino. Ikerlariek emaitza hau azaltzen dute esanez hiztun elebidunek eguneroko bizitzan antzeko gatazkei aurre egin behar dietela etengabe, non erabakiak hartu behar dituzten eta bi hizkuntza sistemen artean aldatu.

«Erreserba kognitiboa osatzen duten beste faktore batzuk ez bezala, elebitasuna bakarra da, gure bizitzetan etengabe presente dagoelako. Ariketa fisikoa egiteari uzten ahal diogu, dieta bat edo beste egin edo lanez aldatu, baina hizkuntza gurekin egoten da denbora guztian. Komunikatzen gara, filmak ikusten ditugu eta liburuak irakurtzen ditugu, eta hizkuntza zentroak lanean ari dira etengabe gure buruan. Esperimentu honetan fenomeno interesgarri bat ikusten dugu: hizkuntzaren ezagutza maila altuarekin, gatazkak arrakastaz ebaztearen eta erreserba kognitiboaren beste osagai batzuen arteko korrelazioa desagertu egin zen. Horrek iradokitzen du elebitasunak erreserba kognitiboan dituen onurak beste faktore ezagun batzuenak baino handiagoak izan daitezkeela», azaldu du ikerketaren liderretako batek, Federico Gallok.