Biarno: Erregetzen, gazteluen eta abadia laikoen lurraldea MAY. 09 2022 - 00:00h Testua eta argazkiak: Xabier Bañuelos Biarnoko bizkonderri zaharreko herriak zeharkatzea Nafarroako eta Frantziako erreinuen lotura historikoarekin tupustean topo egitea da. Lurrotako idiosinkrasia bereziak Errenazimendu garaiko erregetzen, mugako gazteluen eta kudeaketa laikoko abadien oihartzunak uztartzen ditu. Egunsentia da Biarnon. Eguzkia, oraindik ere nagi, ekialdetik bere izpiak botatzen hasi da, Pirinioetako gailurrak argituz, betiere, altuera ordena zorrozki betez. Harrizko dragoi isil baten esnatzea dirudi, edo, agian, Aragoiko lurrak gau eta egun iparraldetik begiztatzen dituen golem armada baten guardia aldaketa. Izan ere, Pauetik, Pirinioetako Bulebarraren barandatik zehazki, hegoaldera begiratzerakoan, Biarnoko lautada bat-batean desagertzen da mendi izugarriz osatutako harresi menderaezin bati bide emateko. Landetatik Pauera bidean lautadak amaiezina zirudien, baina baranda honetatik argi ikusten da bere amaiera malkartsua behin Pirinioen magalera iristean. Bi betizu gorrixken herrialdearen arima erdibitua da: lautadaren arima lasaia –Paueko eta Oloroeko uhaitzek bustitako labore lurrak eta berdetasuna– eta mendien arnas basatia, Auñamendi, Pic Palas eta Midi d´Ossau bezalako gailur elurtuetatik Pirinioen oinetako bailaretara jaisten dena. Bi arimok bat egiten dute Biarnon, tradizioak uztartuz eta Hegoaldeko Frantziako lurretan nortasun bereziko eskualdea osatuz. Gaskonia historikoaren zati piriniotar-mendebaldarrean gaude, oc-eko hizkuntza zaharraren lur atlantikoetan. Ekialdera Nafarroa Beherearekin, eta, batez ere, Zuberoarekin, egiten du muga Biarnok. Ondo dakigun bezala, Zuberoako lurretatik Euskal Herri osora zabaltzen dira sorterriarekiko maitasun eta nostalgia bertso aski ezagunak: «Agur Xiberua, bazter güzietako xokhorik eijerrena». Bada, Biarnon sentimendu bera aurkituko dugu, oraingoan okzitanieraz eta Los dé l’Ouzom taldearen ahotsetan: «Adishatz, qu’ei a partir!, tornarei, un beth matin, amic! Qu’ei açi qui cau fenir, shens nat brut, shens nat chepic» (Agur, abiatu beharra daukat! Baina goiz on batean itzuliko naiz, lagun! Hemen bukatu behar baitugu bidea, estutasun gabe, bakean). Eta ez da harritzekoa, Biarnon guztia, edo ia guztia, etxeko egiten baitzaigu, oraindik ere Euskal Herriko lurretan izango bagina bezala. Eta hizkuntzarekin ere berdina gertatzen da. Iparraldean gaskoiarentzako lekua baldin badago, adibidez Baionan bertan, administratiboki Biarnon kokatutako zenbait herritan euskararentzat lekua ere baitago, Lixozen eta Eskiulan kasu. Baina gaurkoan begirada Biarno garbiki okzitaniarrean jarriko dugu, historiaz eta edertasunez betetako eskualdeko herri ugari ezagutzeko asmoa baitugu. Iparraldetik Pauera Biarnoko landazabalaren espiritu arina lagun abiatuko dugu bidea. Arina, hori bai, soilik paisaiari dagokionez, iragan gatazkatsu baten berri emango diguten herri eta gotorleku ugari baititugu zain. Lehen froga Bellocq herriko gazteluaren itxura fantasmagorikoan eta bertako dorre kuboide eta zilindrikoetan aurkitu dugu. XIII. mendean eraikitako gaztelua, 1620an erre zuten Luis XIII.aren aginduz, protestanteen eskuetan eror ez zedin. Ortheze herri ederrak ere bi dorrerekin egin digu ongi etorria. Lehenak Zubi Zaharraren igarobidea gordetzen du erdiko zubi-brankan altxatuta. Bigarrena Moncada dorre pentagonala da, eta XII. mendetik XIV. mendera bitartean herria babesten zuen gazteluaren aztarna gutxietakoa da bertako lubanarroaren eta harresiaren hondakinen batekin. Frantziako Iraultza eta gero, gaztelua guztiz eraitsi zuten. Bizkonderriko hiriburu historiko izandakoak beste altxor txiki batzuk ere eskaintzen dizkigu, adibidez Gramont Hotela (XVII. mendea), Joana III.a Nafarroakoa (Juana de Albret) erregearen egoitza izandakoa eta XVI. mendeko etxe burges baten adibide bikaina, eta 18 metroko bobeda ikusgarria duen Saint-Pierre eliza (XII. eta XIV. mendeen artean eraikia). Morlanne herria Sault-de-Navailles herrira bidean jarraitu dugu, XIII. mendeko bertako gazteluaren aurrietara igo asmoz; luzaroan Akitaniako dukearen eta Biarnoko bizkondearen artean ezbaian izan zen kokagunearen gaineko kontrola. Geldialdi laburra egin eta Erdi Aroko Morlanne herrirantz jarraitu dugu bidean; bertan zain ditugu Carrère du Château ederra, gotiko berantiarren adibide bikaina den Saint-Laurent gotortutako eliza, La Tour abadia laiko zaharra eta harriz eta adreiluz egindako XIV. mendeko gaztelua. Ritter mediebalista adituak 1971n zaharberritu zuen gaztelua eta dorre nagusia, harresia eta lubanarro bikoitza ditu, baita gerora gehitutako lorategi frantziar soil bat ere. Ibilbidea jarraitu eta, hurrenez hurren, Mascaraàs-Haron herriko eliza eta abadia laikoa –gaur egun jauregi bihurtua–, Montaner herriko gaztelu zirkular harrigarria eta Saint-Michel eliza, Navailles-Angos herriko château eraberritua eta errekarriz egindako etxe bitxiak, eta Aren eta bertako château ikusgarriak eta eliza erromanikoak osatutako Erdi Aroko gune xarmagarria bisitatu ditugu. Oloroe-Donamariara heldutakoan Santa Cruz auzora jo dugu. Erdi Aroko aireak arnastu ditugu katedral bikaina liluraz begiztatu bitartean; tenplu erromaniko gisa jaio bazen ere, gotiko bezala handitu zuten, eta gizateriaren ondare ere bada egun Donejakue bideko geldialdi gisa. Bidean da Nabarrengose ere, gaur egun Estatu frantsesa denaren lurretan eraikitako lehendabiziko bastida. Toscanako Lucca hirikoak bezalako defentsa harresituak Enrike III.a Nafarroakoa erregearen aginduz eraiki zituzten. Salbaterra Bearnora heldu gara jarraian; bertan, Montreal dorrea Oloroeko uhaitzeko uren gainean altxatzen da harro, eta, Glère uhartera bidean, arku zorrotzeko Legendaren Zubi ikusgarriak zeharkatzen ditu ibaiaren urak. Hirigunean, ezpata eta dagazko kaleen artean, harresiaren hondakinek San Andres elizara, egun udaletxea hartzen duen château ederrera eta bizkondearen gaztelura eramaten gaituzte. Eta hegoaldera bidean jarri aurretik, beti da ideia ona ipuin batean paseoan ibili eta gero Salieseko bainuetxean geldialdia egin eta gatzezko bainu bat hartzea. Pauetik Pirinioetara Azkenean heldu gara Pauera, 1464tik Biarnoko hiriburu. Bertako gazteluan erditu zen Enrike III.a Nafarroakoaz Joana III.a Nafarroakoa; Frantziako koroa zain zuen Le bon roi Henri txikiak, eta, noski, ez zuen zalantzarik egin Parisek merezi zuen meza ordaintzeko. Parez pare, zutik da oraindik ere Luis XIII.a Frantziakoak (Luis II.a Nafarroakoa) aitaren omenez altxatu zuen Nafarroako Parlamentuaren eraikina. Paue hiri txikia, lasaia, atsegina da, Place Royale enparantza bihotz duen alde zahar trinkoa duena. Bertatik Les Sentiers du Roy parkeko begiratokira joan daiteke, hau da, funikular zaharkitu, mantso eta zoragarria irteten den lekura. Funikularraren ibilbideak eta hiriak berak txoko eder ugari eskaintzen dituzte. Sully jauregia Rue du Château kalean Sully jauregia aurkituko dugu, baita bertako txakur itxurako aldaba jo ere zorte onaren bila. Rue M. Joffre kalean, berriz, jauregitxo eta luxuzko etxeen ondotik ibiliko gara Clemenceau plazako terrazetara eta George V.aren plazako noriara heldu bitartean. Jarraian, Rue de Cordeliers zeharkatuko dugu Parentoy igarobidera heldu arte; bertatik jaitsiko gara Hedas auzora, hiriaren lehendabizikoetakoa izandako artisauen auzunea. Luzaroan ahanzturan izan eta gero, eraberritu egin dute eta egun jatetxez betetako auzo erakargarria da. Dagoeneko gertu-gertu ditugun Pirinioetara bitarteko bidearekin jarraitzeko ordua iritsi zaigu, baina bisitatzeko moduko beste leku ugari ere eskaintzen ditu Pauek: Rue Tran, Askatasunaren eta 7 Kantoien plazak, Taylor eta Serviez oinezkoentzako kaleak, San Martin eliza... Berde amaigabeen artean heldu gara Lestelle-Bétharram udalerrira. Notre Dame kaperaren barroko harrigarri eta joriaz gozatzeko egin dugu geldialdia, baita Mixel Garikoitz santu baxenabartarraren kapera bisitatzeko ere. Mendiak jada gertu-gertu ditugula, mendebalderantz jo dugu. Ingurua gero eta malkartsuagoa bilakatzen hasi da, eta argiaren eta gerizaren arteko mugak lausotzen. Goi mendietara hurbiltzen ari gara, eta harkaitzen edertasun basatiak zerua nola atzamarkatzen duen ikusten hasi gara. Ossau glaziar haranaren sakontasunetan murgiltzen ari gara. Europako tren garaienetako bat hartzeko irrikak ere ekarri gaitu lurrotara: le Petit train d’Artouse. Artouseko presa eraiki zuten langileak garraiatzeko eraiki zuten eta gaur bertigoari aurre egiten dion erakargarri turistiko bihurtu da: 2.000 metroko altuerara igotzen da amildegiz inguratutako 10 kilometroko ibilbidean barna. Behin behera itzuli ondoren, Marie Blanque mendi-lepora igo gara, Aspe haranera heltzeko. Paue-Canfranc trenbide zaharra jarraitzen duten herrixkak ditugu zain: Azkota, Akoz, Zeta-Igun, Borza, Urdos… Bata bestea baino ederragoa begitandu zaigu, arbel beltzeko bi isuriko teilatu izugarri inklinatuekin. Portaleteko gotorleku ikusgarrian amaitu dugu bidea; XIX. mendean muga zaintzeko kokaleku pentsaezin batean eraikitako gotorleku menderaezina da. Mendian bertan integratuta dago eta bere barrunbeak presondegi ere izan ziren Bigarren Mundu Gerran; Vichyko gobernuaren garaian disidenteak espetxeratzeko erabili zuten. Eta historiaren kontuak nola diren, behin gerra amaituta, Petain mariskala bera ere bertan izan zen gatibu. Kontuak kontu, Pirinioetako iparraldeko hegalean iluntzen ari da jada. Guardia aldaketaren ordua ere bada gailurretako elurraren azken distira okreak desagertzen ari diren bitartean...