MAY. 27 2022 - 00:00h Cidetec zentroak 25 urte bete ditu, hazkunde betean Gipuzkoako zentro teknologikoak etapa berri bati ekin dio 2021-2027 Plan Estrategikoari jarraituz, eta 30 milioi eurotik gorako inbertsioak aurreikusten ditu, taldearen dimentsioak eta fakturazioa bikoizteko asmoz. Guztira 215 langile ditu; horietatik %50, hainbat diziplinatako doktoreak. (NAIZ) Joseba Salbador Goikoetxea Gipuzkoako Parke Zientifiko Teknologikoan kokatuta dago Cidetec zentro teknologikoa. 1997ko martxoaren 4an hasi zen lanean, I+G zentro gisa, jarduera arlo hauetan: energia biltegiratzea, bateria elektrokimikoak (hidrogeno pilak bereziki) eta gainazalen ingeniaritza. Garai hartan, arlo horietan esperientzia zuten lau pertsonaz osatutako ikertalde bat zuen. Hogeita bost urteko jardueraren ondoren, Cidetec hazi egin da, eta gaur egun hiru zentro ditu. Zentro horien jarduera ildoak energia biltegiratzea, gainazalen ingeniaritza eta nanomedikuntza dira, eta guztira 215 langile dituzte; horietatik %50, hainbat diziplinatako doktoreak. Joan den urtean, Cidetec-ek 15 milioi euroko diru sarrerak izan zituen, inoizko zenbatekorik handiena. Duela gutxi, erakundeak etapa berri bati ekin dio 2021-2027 Plan Estrategikoari jarraituz, eta 30 milioi eurotik gorako inbertsioak aurreikusten ditu, taldearen dimentsioak eta fakturazioa bikoizteko asmoz. Gaur egun, Cidetec-ek Gipuzkoako Parke Zientifiko Teknologikoan du egoitza, Donostian, eta bertan hiru zentro ditu. Gainera, Tolosan dagoen Mubil Gipuzkoako Elektromugikortasunaren Poloan ere instalazioak ditu (laster Donostiako Eskuaitzetara eramango dituztenak, Zubietara). Cidetec-ek tokiko eta nazioarteko enpresentzat lan egiten du, eta lankidetza proiektuetan parte hartzen du beste zentro eta unibertsitate batzuekin. 25 urteko ibilbide honetan, Cidetec-ek 675 ikerketa proiektu baino gehiagotan lan egin du, bere proiektuetan nahiz beste erakunde batzuekin lankidetzan, eta horietatik 65 Europako I+G+Bko etorkizuneko joerak markatzen dituzten programen esparrukoak izan dira. Erreferentziazko zentroa Zentro teknologikoa, bestalde, nazioarteko erreferentziako zentro gisa posizionatu du Horizon 2020 programak, Euskal Autonomia Erkidegoko lehendabiziko zentro pribatua baita ikertzaile bakoitzeko itzulkinei dagokienez, eta Estatuko seigarrena, lankidetzako H2020 proiektuak gidatzen. 2013-20 aldian espainiar Estatuak Horizon 2020 programan izandako parte-hartzearen ondorioek berretsi dute Cidetec dela estatuko ikerketa-zentro pribatu nagusietako bat. Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroak (CDTI) egindako txostenetik ondorioztatzen denez, Donostiako erakundea estatuko seigarren postuan ageri da, gidaturiko proiektu gehien dituztenen artean (17 zentro dira guztira), eta, ondorioz, Europako zentro handienetako bat da Cidetec. Azterturiko denboran, Cidetec-ek, besteak beste, Image, eCaiman, E-Magic, i-HeCobatt eta Ecoxy proiektuetan parte hartu du, eta, horietan guztietan, BMW, Volvo edo Audi-rekin elkarlanean aritu da, Alemaniako Fraunhofer eta Cambridgeko Unibertsitatearekin batera. Cidetec-ek H2020 programako proiektuetan duen parte-hartze handiari esker, hainbat gaitasun eta ezagutza bildu ahal izan ditu, Europako eragile nagusien erreferentziazko partner izan dadin, eta 50 ikerketa-erakunde pribatu biltzen dituen estatuko ekosistema batean nabarmentzea lortu du.