JUN. 01 2022 - 00:00h San Martin irla, paradisua erdibituta Karibeko altxorretako bat da, perla ñimiñoz osatutako mosaiko baten erdian. Antilla Txikietako txokorik txikiena izateaz gain, San Martin irla bera ere bi zatitan banatzen da, duela ia 400 urtetik. Alde bakoitzak bere nortasun eta izaera dauka eremu urri horretan. Urtzi URRUTIKOETXEA | U.U. eta Getty San Martin da euskaraz, Saint Martin frantsesez, Sint Maarten nederlanderaz, eta ingelesezko liburuxketan St Martin / Sint Maarten ageri da. Bi izeneko izen bakarra, irlaren zatiketa eta nortasun bikoitza azaltzeko. Soualiga edo “Gatz Lurraldea” izena eman omen zioten arawak biztanleek, baina europarrak iritsi zirenerako, karibe indiarrak ziren nagusi irlan. Kristobal Kolon 1493an, bigarren bidaian, iritsi zen Antilla Txikietara, azaroaren 11n, San Martin egunez, hortik egungo izena. Espainiarrek, ordea, urre-gose izanik, ez zioten jaramonik handirik egin, XVII. mendean Herbehereak, Frantzia, Ingalaterra eta Espainia bera uharteon kontrolagatik borrokan hasi ziren arte. Espainiarrek alde egitean, frantses eta nederlandar kolonoak iritsi ziren. Amsterdamentzat garrantzitsuak ziren San Martineko gatzagak. Hasierako liskarren ondotik, irla era baketsuan bereiztea erabaki zuten, Concordia hitzarmenaren bidez. Hala, 1648tik dago zatituta San Martin: irlaren 87 kilometro koadroetatik erdiak baino gehiago, 53, Frantziaren menpe daude, Herbehereen menpekoak 34 kilometro koadro dira, baina biztanle gehiago dituzte, 41.000 eta 32.000, hurrenez hurren. Zergatik duen zati batek besteak baino azalera handiagoa? Frantsesen aldean gustura kontatzen duten kondairak dioenez, irla erdi bana egitea adostu zutenean, alde bakoitzeko ibiltari bat hautatu zuten; irlaren punta banatan oinez abiatu (debekatuta arineketan joatea) eta biek topo egiten zuten lekuan zatitu omen zuten lurraldea. Bistan da frantsesa urrunago iritsi zela; ardoa edan zuela diote San Martin iparraldean, nederlandarrak jenever (Herbehereetako ginebra) irentsi omen zuen artean. Hegoaldean ez dute hain gustuko kondaira, bistan da. Batzuek diote frantsesak korrika ere egin zuela; besteek, kondaira hutsa dela, eta gerora ere muga behin eta berriz lekuz aldatu zela gogorarazten dute. Hegoalde komertziala Erraz uler liteke, beraz, txikiena eta pilatuena izatea Sint Maarten, nederlandar zatia. Bertan dago aireportua eta bertara iristen dira turistaz betetako kruzeroak ere. Hala, Philipsburg hiriburua uharteko gune turistikoa da, hotel handien eta kasinoen lekua. Gau giroa eta ronez osatutako koktelak nahi dituztenentzako txokoa, nolabait esateko, estatubatuarragoa da. Bai, ingelesez egiten dute Karibeko irla nederlandarretan; kale nagusiak Voorstraat eta Acherstraat izena izan arren, sarritan Front Street eta Back Street deitzen zaie. Goienkale eta Barrenkale, gutxi gorabehera. Inguruotan eta Wyther plazan etxe kolonial koloretsuak daude, eta beti dabil jende asko, hondartzara bidean edo erosketetan. Bitxi-denda asko ere badaude, Herbehereetako tradizioa eta Karibeko bazterrotako luxua lotuz. Luxu hori, beti, bertako biztanle askoren pobreziarekin kontrastean dator. Baina duty free estatusak erosketarako txoko kuttun egiten du Sint Maarten zenbait bidaiarirentzat. Ez da harritzekoa, beraz, Antilletan gehien eraiki den lekuetako bat izatea, Great Bay eta Simpson Bay inguruan batez ere. Azken horretan, hareatza aireportuko pistaren ondo-ondoan dago, eta aldameneko Mahe Beach-en bezalaxe, ikusgarria da (beldurgarria, esango luke baten batek) nola lur hartzen duten hegazkinek. Hondartzetatik urrunduta, gune natural gehienak zati frantsesean egon arren, Sint Maarten Park dago, Karibeko zoologiko handienarekin eta lorategi botaniko eder batekin. Hondartzen atzean daude uharteak historian famatu zituzten gatzagak. Simpson Bayren aintziraren parean doanak, esaterako, irlako bi aldeen arteko “muga” dauka erdibidean. Handik kilometro bat pasatxora, Marigoteko sarrera dago, alde frantseseko hiriburua. Saint Martin Sint Maartin baino handiagoa da eta errazagoa da hondartza galduak aurkitzea (nahiz eta Orient Beach bezalako leku ederretara jende asko joan ohi den, nahi adina ur-kirol praktikatzeko aukera baitago bertan). Friar’s Bay-k berriz, ur geldo eta lasaiak ditu, harea zuria, Karibean espero ohi den irudia, alegia. Europako leku askotan egin litekeen baina munduko bazterrotan ezohikoa den beste aukera bat ere badu Saint Martinek, hondartzetan nudismoa egiteko Karibeko ia leku bakarra baita. Kutsu europar horren adierazle, uhartearen hegoaldean ukitu nederlandarra askorik nabari ez den artean, iparralderantz etorrita frantses kutsua nabarmenagoa da, errotulazio-motan hasi eta jatetxeetaraino. Hemen ere ez da turismorik falta, baina lurralde handiagoa izanik ez dago hain pilatuta, eta paisaia aldetik ere, hondartza ederrez gain barnealde erakargarriagoa dauka. Itsasoa eta oihana Marigoten hainbat taberna, Aingira uharteko ferrya eta azoka interesgarri bat daude. Goizean goiz hasita eta arratsaldera arte, leku bizi honetan turistentzako artisautza-lanak saltzen dituzte; asteazken eta larunbatetan egoten da bertako girorik bereziena, arrain-azoka ere egiten baita, eta sanmartindar asko datoz bertara. Aurreraxeago Marigoteko itsas-portua dago, yate garesti asko amarratuta dituela; arropa eta bitxiak saltzen diren saltokia ere bada marina. Aldamenean, uharteko museo arkeologiko txiki bezain interesgarria dago (Philipsburg-en ere beste museo txiki bat dago); irlako jatorrizko biztanleen historia ezagutarazten da bertan hainbat lanabes eta aurkikuntza arkeologikoren bidez, baita hurrengo mendeetako historia kolonial bitxi zein tragikoa ere, esklabotzaren ondorio. Egia da gutxi direla bazterrotara mendiko planekin datozenak, baina, ahal izatera, merezi du tarte batez kostaldea utzi eta ber-bertan dagoen oihan tropikalaz gozatzea, Paradis tontorreraino igotzeko, esaterako. Handik goitik, irlaren alde guztiak ikusteaz gain, inguruko uharteak ere ageri zaizkigu begien aurrean: iparraldean, Aingira, eta hego eta ekialdean, urrunago, aireplanoz edo ontzi-bidaian ere irisgarriak diren Saba eta Statia nederlandarrak eta St Barts frantsesa. Loterie Farm izeneko naturagunetik abiatzen dira irla barnealdeko ibilbideak. Behera jaitsitakoan, leku atsegina da zerbait hartzeko eta bertako igerileku naturaletan dzangada bat egiteko. Errepide nagusira itzulita, Grand Casera iristen da berehala. San Martineko hiriburu gastronomikoa da. Hondartza luze baina estu batean, badia ederraren parean, daude jatetxeak, eta itsasoko olatuek ere ekarpena egiten diote esperientzia gastronomikoari. Edozelan ere, irlan badira hareatza ederragoak. Orient Bay edo Baie Oriental-era heltzeko errepidea irlaren barnealdetik doa. Kostaldetik jarraituz gero, berriz, bihurgunez bihurgune Anse Marcel eta Cul de Sac badia txiki bezain atseginak daude; irlako itzulia zertxobait luzatzeko aproposak dira eta jende gutxiago egon ohi den txoko ederrak dituzte.