JUN. 12 2022 - 14:40h Seychelleak, Indiako Ozeanoak bustitako bitxi eder eta lasaia Izena aipatze hutsari exotismoa dario. Askotan, luxu irudia ere hartzen du. Baina aurretiaz etxeko lan pixka bat eginda, Seychelleek ez dute zertan leku bisitaezina izan. Izugarri ederrak dira uharteak, itsasoan zein lurrean, lasai ibiltzeko lekua da, eta oso esperientzia atsegina da. Izugarri ederrak dira uharteak. Urtzi Urrutikoetexea Lur hartzeko hegazkinak bigarren ahalegina behar badu, bidaia herren hasi den seinale. Halaxe, haize eta euri zaparradaren erdian lurreratu zen aparatua Mahe-ko pistan. Eskailerak jaitsita, euritakoak banatu zituzten terminalerainoko bidea egiteko, baina goitik behera bezainbat zeharka jotzen zuen, eta mela-mela iritsi ginen. Garai lehorrean ei gentozen, Euskal Herriko udan eta hegoaldeko hemisferioan negua denean. Tropikoan, ez dago aldaketa handirik udako eta neguko tenperaturen artean; hiruzpalau gradu, b ordea, edozein unetan zaparrada ekartzea esan gura du. Gure kasuan, hiru egunez bota zuen, doi-doi une batez atertu eta berriz euri-jasari ekiteko. Urezko gortinaren atzean, oso eder ageri ziren Maheko hondartza zuriak, antigoaleko erupzioetatik etorritako harkaitz bolkaniko eta guzti. Baina oskarbiak zeinen zoragarriak ziren irudikatzeko balio zuen. Mahen bizi dira herrialdeko hamar biztanletik bederatzi, eta hura du uharterik handiena, baina aski txikia da, hala ere: 26 kilometro ipar-hego, eta 156 kilometro koadro baino ez (Euskal Herriko edozein eskualde baino txikiagoa, Sakanaren erdia gutxi gorabehera). Aireportutik hegoalderantz joanda, Maheren aurpegi tradizionalena ageri da; hemen ere etxe gehienak dagoeneko porlanezkoak izan arren, aurki daiteke egurrezko harribitxirik, eta elizetako victoriar arkitekturak are kontraste handiagoa egiten du askotan ingelesez ere ez dakiten herritarren kreolerarekin. Aldi labur batez izan ziren Seychelleak frantsesen menpeko, baina haiek kolonizatu zituzten lehen aldiz –aurretik nabigatzaile arabiarrak eta portugesak ere hemendik pasatu baziren ere–, Mauriziotik ekarritako kolono eta esklabo gutxi batzuekin. Gerora britainiar lurralde izan zen independentzia lortu arte, haien eskola sistema eta ezkerretik gidatzea ezarri ziren, etorkin indiar eta txinatarrak ere iritsi ziren, eta ingelesa da egun Estatuko eta hezkuntzako hizkuntza. Halere, kreolera bizi-bizirik dago, ahozko mintzaira erabiliena da, eta eskolan eta prentsan ere erabiltzen dute tarteka, Seychelleetako nortasunaren adierazle. Egun, ia alde guztietan egiten dute ingelesez zein frantsesez. Eta “ia” horren salbuespena Mahe hegoaldeko arrantzale-txoko batzuk izan litezke, bide estuen amaieran dauden hondartza eta kalak erakusten dituztenak. Ederra da igande goizez elizetatik datorren kantu hotsa, edo edozein unetan dominoan olgetan ikustea herritarrak... hiriburukoek burla-haizez hartzen dituzte Quatre Bornes, Takamaka edo Anse Soleil-ekoak. Aireportutik abiatu eta gutxira, Anse aux Pins utzita dago Lenstitit Kreole (Kreoleraren institutua), Au Cap udalerrian, zenbait ostaturen inguruan, eta hondartza eta arrezife edo uharri ederrak dituela parez pare bidearen beste aldean. St Joseph etxe kolonial dotorean dago, eta uharteko kultur ondarearen berri izateko leku aproposa da. Zorte pixka batekin, bertako kantak entzungo ditugu, eta baliteke dantza saioren bat ere egotea. Moutia du izena seychelletar musika eta dantza bereziak; esklaboaren garaian du jatorria, eta agerikoa du afrikar jatorria. Luzaroan, uhartearen hegoaldean eutsi zaio moutiari, muino zein hondartzetan danborra joz. Egun, Maurizion sortutako sega dantzarekin batera, posible da hoteletan ere entzun, ikusi eta, zergatik ez, dantza egitea. Dortokak eta kanela Kultur ondarearen gunetik hur, natur ondarea biltzen duen txokoa dago, Seychelleetan edonon aurki badaiteke ere kontinenteetatik bereizita izandako milaka uharteetako eboluzio bereiziaren arrasto diren landare zein animaliak (dortokak nabarmenen!). Anse Royalen gorantz doan errepidea hartuta (uhartearen mendebalderaino iristen da), Jardin du Roi interesgarrira iritsi gara. Dortoka erraldoien gunea ere badu, baina zuhaitz eta landareak ditu bereizgarri: jatorriz Seychelleetakoak direnak batzuk, eta Indiako ozeanoko espezien merkataritzarako ekarritako hazietatik sortuak besteak. Kanela izan zen uharteotan ondoen errotu zena, eta gaur nongura dago. Duela hamarkada gutxi arte, bertako ekonomiaren oinarri garrantzitsuetakoa zen kanela. Hegoaldetik, Quatre Bornesetik goaz irlaren beste aldera. Harrizko eliza ederra du herriak, eta Takamakara bidean egur eta lastozko etxalde bikaina dago. Uhartea amaitzen den Malhereux lurmuturrerainoko errepidea hasten da hemen. Gero iparrerantz, Baie Lazare, Anse La Mouche eta beste hainbat hondartza datoz, erdi hutsik gehienetan, Anse Soleil-eko piraten ondare eta guzti. Seychelletar askok asteburuetan iparralderago dagoen Grand Anse-ra jotzen dute, Port Launay-ko itsas parkearen baitan. Gero, hiriburura itzultzeko Morne Seychellois parke nazionaletik doaz La Misere eta Sans Souci-ko errepideak, bihurgunez bihurgune, tarteka te zelaiak, sarritan oihana agerian. Hiriburua ere , uharteko biztanleen erdiek hartu arren, 40.000 biztanlera iristen ez den kale-multzo atsegina da, britainiar erloju eta elizarekin, eta eguneroko azoka biziarekin (larunbatetan bereziki da koloretsua, frutak, artisautza eta atuna, marrazoa eta beste hainbat arrain dituzten saltzaileekin). Iparralderago dago gunerik turistikoena, Beau Vallongo hondartza luzearen inguruan, baina guk portuko bidea hartu dugu (ohikoa da euskal arrantza-ontziak ikustea), Praslinera joateko. Itsas kokondoen lurraldea Ordubete pasatxo behar du ontziak Ste. Anne-ra iristeko. Praslineko bi herrietako bat da; bestea Grand Anse da, eta turismoaren eta hondartza eder baten inguruan ere badago herri gisako bat antolatuta Anse Volberten. Mahe baino askoz txikiagoa izanik, ezin egokiagoa da autobusez lasai asko ibiltzeko, iparraldeko muturreraino iristen ez bada ere: posible da punta batetik bestera oinezko txangoa egitea, eta bidenabar hainbat postaletan agertu den Anse Lazio ederreko harea zuri eta ur gardenez gozatzea. Praslineko beste harribitxia ez dago kostaldean. Vallee de Mai oihana Unescoren ondarea da, itsas kokondo ezagunaren berezko habitata baita. Hiru ibilbide dituzte, gidarekin ere egiteko moduan, oihan tropikalean sartuta. Duela mende bat, biderik ere ez zegoen eremu honetan eta hala iraun dute hainbat espezie endemikok. La Digue da bisitatuko dugun hirugarren uhartea, eta populatuta dagoen azkena, herri bakarra baitu. Eta guretzat bereziena ere bada. Praslindik ordu laurdeneko bidean gakartza ferryak, eta moilan badago kamioi txiki bat. Egonaldi osoan ikusiko dugun motordun ibilgailu ia bakarra izango da. Golfean erabiltzen direnak bezalako cart bat dugu zain, ostatutik bidalita maletak eta gu jasotzeko. Aurrerantzean baina, oinez eta txirringaz ibiliko gara, uharteko biztanle guztiak bezala. Plazer hutsa da haurrak ere inolako arriskurik gabe bizikletan dabiltzan horrelako txokoak topatzea. Zer esanik ez, tropikoan. Anse La Source hondartza da, ziur aski, Seychelleetako argazki ezagunena, eta munduko hondartzarik ederrenetakoa, harea fin eta harkaitz erraldoiekin. Horregatik, asko dira egun-pasa datozenak, bai Praslindik, baita Mahetik ere. Baina ez zaigu damutu zenbait egunetarako etorri izana, bizikletaz lasai uharteko txokoak ezagutu, patxada ederrean gozatu eta bertako bizimoduan galtzeko. Bizitza beti lasai doala dirudi, herritarrak bizikletan hara-hona... abuztuaren 15 inguruan izan ezik. La Digueko jai nagusia da Andre Maria eguna; ostatu hartzea zaildu egiten da, eta eszenatokian musika eta dantza lehertzen dira ordu txikietara arte.