JUN. 21 2022 - 16:28h Arkupehotsak, hasi berriak diren musika taldeentzako zuzeneko plaza baino gehiago Zuzenean jotzeko plaza eta sormen egonaldia eskaintzen dizkie Azpeitiako Arkupehotsak egitasmoak musika talde hasi berriei. Laborategia, ikasteko eta esperimentatzeko espazioa izan nahi duen proiektuak deialdi berria egin du. Arkupehotsak egitasmoaren aurkezpena gaur egin da. (Jon URBE | FOKU) NAIZ 2017an Azpeitiako Kulturaz kooperatibak abian jarritako proiektua da Arkupehotsak. Dagoeneko lau edizio osatu ditu sortzaile berrien plaza izan nahi duen proiektuak. «Tarte honetan dozenaka taldek zapaldu dute Sanagustin arkupeko agertokia», adierazi dute astearte honetan egindako aurkezpenean. Bitartean, Kulturaz kooperatibaren proiektua bera ere osatzen joan da. «Ekitaldietatik haratago sormen eta transmisio proiektu ugari garatzen ditu orain», diote. 16 eta 25 urte bitarteko talde edo musikariei zuzenduta dago ekimena. Uztailaren 15a arte dago irekita izen-ematea. «Datorren ikasturtean Dinamoa sormen guneko soinuaren eremua irekiko da eta, honi lotuta, Arkupehotsak ekimenari beste gorputz bat eman nahi izan diogu, esperientzia osoago bat eskainiz: musika sortu, formatu, prestatu eta plazaratzeko aukera bat», iragarri dute. Doinu berrien plaza ez ezik, laborategia, ikasteko eta esperimentatzeko espazioa izango da Arkupehotsak. Musika talde edo bakarlari gazteei bi asteburutarako sormen egonaldiak eskainiko zaizkie Dinamoko soinuaren eremuan. Bertan, sortzeko eta entseatzeko espazioa ez ezik, formazio teknikoa eta musikari ezagun baten bidelaguntza izango dute. Egonaldiaren amaieran, berriz, kontzertua eskainiko dute Sanagustin kulturgunean. Egonaldi bakoitzean musikari bidelagun bat izango dute talde edo bakarlariek. Arkupehotsaken bidelagun gisa parte hartuko dute, besteak beste, Olatz Salvador eta Tomas Lizarazuk. Hautatuak izango diren taldeek jorratzen duten musika motaren araberakoak izango dira gainontzeko lau musikari bidelagunak. Sortzaile berriei jardunerako tresnak eskaintzea, inguruan ditugun sortzaileak balioan jartzea eta belaunaldi berriei plaza bat ematea dira proiektuaren xedeak. Aurreko edizioetako onena hartu eta ekarpen berriak eginda prestatu dute deialdi berria Aitor Bengoetxea Kulturaz kooperatibako kidearen esanetan. «Sortu, ikasi eta plazaratu. Horiek dira Arkupehotsak proiektuaren hiru gako garrantzitsuenak. Sortzeko, Dinamoko irekitzear den soinuaren eremuan sormen egonaldi bat egingo dute musika taldeek. Ikasteko, soinu teknikari eta musikari ezagunen bidelaguntzekin garatuko dituzte sormen egonaldiak. Eta, azkenik, plazaratzeko, musika taldeak Sanagustingo arkupera etorriko dira, eta bidelagunen kolaborazioarekin kontzertu bat eskainiko dute». «Azken urteotan oholtzari babesa emateaz gain, haratago joan eta sorkuntza eta bere inguruko lan guztia ere babestu behar dela esaten ari gara. Horri erantzuteko jarri zen martxan Dinamoa. Eta udazken honetan, berriz, Soinuaren Eremua irekiko da bertan. Eremu honetako proiektu ardatza izango da gaur aurkezten ari garen Arkupehotsak ekimena. Beraz, egitasmo honekin abiatuko dugu Soinuaren Eremua», esan du Eneritz Albizu Azpeitiko Udaleko kultura batzordeburuak. Tomas Lizarazu Bulego taldeko abeslariak, adierazi du «sekulako ilusioa» egin ziola proiektu honetan parte hartzeko gonbitak. «Oso beharrezkoa ikusten dut sormen prozesu bat aurrera eramateko horrelako babesa emango duten proiektuak egotea. Beraz, eskertzekoa da Kulturaz kooperatiba egiten ari den lana. Bestalde, oroitzapenak etorri zitzaizkidan burura, gu, Bulego taldea, Arkupehotsak ekimeneko parte hartzaileak izan baikinen duela urte batzuk. Talde bezala ere, dena dugu eskertzeko: emandako babesa, hasieran eman ziguten bultzada... Nire aldetik, bidelagun gisara dena ikasteko eta dena emateko daukat. Gogotsu nago».