JUN. 22 2022 - 21:00h Emakume zientzialariek gutxiago sinatzen dute autore gisa parte hartzen duten ikerketetan Ikerlan batek frogatu duenez, emakumeak diren zientzialariek beraien gizonezko lankideek baino % 13 aukera gutxiago dute parte hartzen duten ikerketetan autore kategoriarekin agertzeko. Ikertzaileak laborategi batean lanean. (Alessandro BIASCIOLI | GETTY IMAGES) NAIZ ‘Nature’ aldizkariak asteazken honetan argitaratu duen ikerketa batek baieztatu duenez, ikerketa-proiektu batean lan egiten duten emakume zientzialariek beraien lankide gizonek baino %13 aukera gutxiago dute autore gisa agertzeko haiekin lotutako artikulu zientifikoetan. New Yorkeko eta Ohioko (AEB) unibertsitateen azterlan berri batek egiletzen esleipenetan sakondu du. Horretarako, hainbat ikerketa-proiektuetako parte hartzaileei buruzko datu-multzo zabal bat erabili zuten, eta aldizkari zientifikoetan argitaratutako patenteekin eta artikuluekin lotu zituzten. Honen helburua proiektu indibidualetan lanean ibilitako zientzialarien artean patenteak eta kredituak zeintzuk jaso zituzten eta zeintzuk ez argitzea zen. «Alde nabarmena dago argitalpenetan emakumeak eta gizonak egilekide izendatzeko tasaren artean», salatu du Julia Lane New Yorkeko Unibertsitateko azterlanaren egilekideak, eta genero arrakala «handia, iraunkorra eta ikerketa-eremutik independentea» dela kritikatu du. Era berean, ikerketak azalerazi du «emakumeek gizonek baino %59 aukera gutxiago» dutela biek lan egindako patenteetan egile gisa agertzeko, gehitu du ikerketaren egilekidea den Ohioko Unibertsitate Estataleko Bruce Weinbergek. Ikerketan erabilitako administrazio-datuak UMETRICS datu-multzotik atera zituzten, eta bertan, 2013tik 2016ra 52 ikastetxe eta unibertsitaterentzat babestutako ikerketa-proiektuei buruzko informazio zehatza jasotzen zen. Datu horiek 9.778 proiektutan parte hartu zuten 128.859 pertsonaren datuak batzen zituzten, tartean, irakasleenak, graduondoko ikerlarienak, ikertzaileenak eta unibertsitate ikasleenak. Era berean, ikerketak agerian utzi du emakumeei gizonei baino kreditu gutxiago aitortzen dizkietela, «bereziki» beraien karreretako lehen etapetan. Hori horrela, graduatutako 100 ikasle neskatik 15i bakarrik aitortu zieten autoretza, 100 ikasle mutiletik 21i autoretza aitortu zieten bitartean. Gainera, ikerketak frogatu duenez, emakumeek are aukera gutxiago dituzte autore gisa agertzeko baldin eta ikerketa «inpaktu handikoa» kontsideratua bada. Datuak inkesta bidez berretsita Ikerketaren datuak gerora egindako inkesta batek berretsi zituen. 2.400 ikertzaileri egindako galdeketa baten emaitzen arabera, emakumeen %43k aitortu zuen inoiz baztertuak izan zirela artikulu zientifikoen egiletzatik. Gizonen kasuan, ostera, %38k adierazi zuen inoiz autoretza ukatu ziotela. Ikerketak elkarrizketatutako emakume zientzialari baten adierazpenak birgogoratu ditu: «Askotan zientziari modu batera edo bestera laguntzen diozula, baina oihu egiten ez baduzu edo indargune bat egiten ez baduzu, gure ekarpenak gutxietsi egiten dira».