GAIAK

Ikasleen e-posta zerbitzua «pribatizatu» eta datuak «kolokan» jartzea leporatu diote EHUri

LABek eta Ernaik performance bateratua egin dute EHUko gobernu taldeak ikasleen posta elektronikoak Microsoft Office 365era migratzeko prozedura hasi duela salatzeko, ikasleen datuak eta pribatutasuna «kolokan» jarriz. Aldaketak 35.000 ikasle baino gehiagori eragingo lieke.

LAB sindikatua eta Ernai gazte antolakundaren performancea UPV/EHUko ikasleak Microsoft Office kontu bat egitera behartuko dituztela salatzeko. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

LAB sindikatuak eta Ernai gazte erakundeak performance bateratua egin dute asteazken honetan Bilboko EHUren Bizkaia Aretoaren aurrean, barruan unibertsitateko Gizarte kontseilua bilduta egon den bitartean, unibertsitateak bere 35.000 ikasleen posta elektronikoak Microsoft Office 365era migratzeko hartu duen erabakia gaitzesteko. Azaldu dutenez, Microsoft Officerako saltoak «zerbitzua pribatizatu» eta «ikasleen pribatutasuna kolokan» jarriko luke.

Izan ere, Ernaiko kide den Arrate Amorinek azaldu duenez, «duela gutxi jakin izan dugu 2022-23 ikasturtean ikasle guztiek O365 kontua derrigorrez izateko azken moldaketa teknikoak egiten ari direla, uztailaren 18an irekiko den matrikulazio-kanpainan bertan automatikoki gauzatzeko».

LABeko Iñaki Etaiok nabarmendu du e-postak Microsoftera lekualdatu ezkero, ez dakitela «etorkizunean datu horiek non buka dezaketen». Etaiok ohartarazi du ikasleen ostean, hurrengo pausoa langileen e-postak eta mezuak Microsoften kanpoko zerbitzarietara lekualdatzea izango litzatekeela eta, ondorioz, «ikerketa proiektuetako informazioa» ere geldituko litzatekeela enpresa transnazionalaren esku.

«Erabaki hau gauzatzen bada, datuak Microsoften kanpoko zerbitzarietan geldituko lirateke, non EHUk eskumenik ez daukan», abisatu du LABeko bozeramaileak. Horren ostean, Etaiok gehitu du ez zaiela «batere logikoa» iruditzen propioak diren baliabideak «kanpoko baliabideekin ordezkatzea».

Ildo horretatik, Amorinek aldarrikatu du EHUn badaudela informatikan adituak diren langileak eta baliabideak «IKTak EHUn bertan kudeatzeko».

Eztabaida gabe

Etaiok deitoratu du erabaki hau «eztabaida gabe» hartu dela. «EHUko komunitatearekin kontatu gabe hartu da, azken finean erabakia ezkutuan hartu dute, ez dute informaziorik eman eta azken finean ezarritako erabaki bat da», gaitzetsi du.

Hortaz gain, LABeko bozeramaileak jakinarazi du gaur-gaurkoz ez dutela afera honen inguruko elkarrizketarik izan errektoretzarekin.

Hori horrela, UPV/EHUko arduradunak zuzenean interpelatu ditu Etaiok: «Zuzendaritzari egindako eskaera erabaki hau atzera botatzea eta EHUko komunitatearekin eztabaida prozesu bat irekitzea da etorkizuneko erronkei eta digitalizazioaren aurrean hartu beharreko pausoak denon artean eztabaidatu eta adosteko».

Alemaniako eskoletan, debekatuta

Alemaniako Baden-Württemberg estatuko eskoletan, esaterako, Microsoft Office 365aren erabilera debekatu dute datuen babeserako legea errespetatzen ez duela argudiatuta.

Are gehiago, 2020ko udaberria eta 2021eko azaroa bitartean Baden-Württembergeko Informazio-askatasunerako estatu-mandatariak (LfDI) proba pilotu bat egin zuen Microsoft, konfigurazio murriztu batekin, datuen babeserako legea betetzeko gai zen egiaztatzeko.

Froga egiteko, Microsofteko kontuak irakasleei esleitu zitzaizkien, ez ikasleei. Datuen babeserako legea urratu zezaketen funtzioak, hala nola telemetriako eta diagnostikoko datuen bilketa desaktibatu zituzten eta, gainera, segurtasun-funtzio gehigarriak ezarri zituzten. Alabaina, froga bukatutakoan ebatzi zuten «ez dela posiblea datuen babesarekiko konponbide bateragarri bat aurkitzea» eta ikastetxeetan bere erabilera debekatu zuten.