JUL. 26 2022 - 10:00h Verlaine eta Rimbauden ihesaldi madarikatua Orain dela 150 urte bi poetek Paris utzi zuten, bidaia eskandalagarria hasteko. Aztarnarik utzi al zuten bizi ziren lekuetan? Frantziako hiribuan eta Charleville-Mezières-en begiratu dugu. Rimbaud eta Verlainen harremana, literaturaren historian gertatutako ospetsuenetarikoa. (NAIZ) Alessandro Ruta Meta-bidaiak: bidaiatzeari buruz hitz egiten duten bidaiak. Bidaia birtualak, bidaia eskandalagarriak, normaltasunetik kanpokoak, ihesaldiak. Orain dela 150 urte honelako bat gertatu zen: 1872ko udan bi gizonek, bi poetak, bi maitalek, Paul Verlainek eta Arthur Rimbaudek ihes egin zuten, egunerokotasunarengandik ihesi. Gaur egun gertatuko balitz, erabaki hark milaka orri beteko lituzke, bai paperezko prentsan bai webguneetan. Garai hartan, berriz, shock moduko bat izan zen, Verlaineren familian eta bere inguru burgesean. Kontua da bi poetek trena hartu zutela, Gare du Nord-en, eta iparralderantz abiatu ziren: lehenik Belgikara eta gero Ingalaterraraino. Ihesaldia ez zen ongi bukatuko: harremanak porrot egin zuen, Verlainek Rimbaudi tiro egingo zion arte. Hortik aurrera, bi urteko espetxe zigorra Paulentzat, eta bi gizonen arteko haustura, betirako. Baina 1872an antolatu zuten ihesaldi hark poeta madarikatuen ospea sortzen lagunduko zuen. Burges deserosoa Paul Verlaine gizon egonezina zen, aro egonezin batean. Metz-en jaio zen, 1844an, baina Parisen lortuko zuen arrakasta, Frantziako hiriburua II. Inperioan munduaren zilborra baitzen. Lan publiko bat zeukan Verlainek, Pariseko Udalean, baina benetan interesatzen zitzaiona poesia idaztea zen: 22 urterekin lehen bilduma argitaratu zuen, ‘Poèmes saturniens’, malenkoniaz beteriko bertsoak baina musikaz beteak ere bai; ‘Chanson d'automne’, esate baterako. ‘Les sanglots longs/des violons/de l'automne/blessent mon coeur/d'un langueur monotone’. Talka handiena gizartearen zuen Verlainek: izan ere, bizi zen garaian eta testinguruan edozein desberdintasun debekaturik zegoen Garai hartan, Frantzian Charles Baudelaire-ren sinbolismoa imitatzea zen tendentzia, batez ere estiloari zegokionez. ‘Parnasokoak’ deitzen ziren poeta haiek: Leconte de Lisle, Catulle Mendès edo Sully Proudhomme, adibidez, azken hau 1901eko Nobel Sariduna izango zena. ‘Poèmes saturniens’, gero ‘Fetes galantes’: bi bilduma, biak arrakastatsuak. Zoritxarrez, Verlaineren bizitza ez zen samurra, tentsioz betea baizik. Haien artean, bere homosexualitatea ezkutuan gordetzen zuen. Amarekiko harremanean ere gauzak larriagotzen hasiak ziren. Sendabide gisa alkoholari heldu zion Paulek, eta absintoarekin bat eginda bukatuko zuen garai hura. Dena den, talka handiena gizartearekin zuen Verlainek. Izan ere, bizi zen garaian eta testinguruan edozein desberdintasuna debekaturik zegoen: normalitatea erakustea derrigorretzen zuen Bonapartismoaren burgesiak. Dena den, kontrasterik handiena gizartearekin zeukan, Verlainek. Bizi zen garaian edozein desbertintasun ia debekatuta zegoen: askoz hobeto zen normalitatea mantentzea edo erakustea, Bonapartismoaren burgesia halakoxea zelako. Mende horretan Frantzian beste iraultza bat gertatu behar zen, ez 1789koa bezain gogorra baina iraultza hau ere: 1870. urteko Prusiaren aurkako porrotak odol-isuria ekarriko zuen. Bonaparteren Inperioa desagertu zen eta lurralde asko aurkariaren menpe geldituko ziren: Alsazia eta Lorena, esaterako, eta ondorioz Metz ere, Verlaineren jaioterria hain zuzen ere. Parisen gatazka piztu eta Komuna sortu zen, sozialismoaren laborategi bat: 72 egunez iraun zuen, Frantziako Armada agertu eta dena desagerrarazi zuen arte, odolez blai. Verlaineren oreka gero eta desegonkorragoa zen; Prusiaren aurkako gerran hartu zuen parte, bai eta Komunaren esperientzian ere. Beste zenbait iraultzaile bezala fusilatuko ote zuten beldur zen. Bitartean, ohitura burgesak barneraturik zituen oraindik; ezkonduta zegoen eta emazte Mathilde haurdun zegoen.Rive Gauche eta «ikuskaria» Rue du Cardinal Lemoine Parisen, Senako Rive Gauche mitikoan dago, ibaiaren ondoan: aldapan dagoen kale luze horretan, Panthéon eta Sorbonatik gertu gaude. Boulevard Saint-Germain ere ez dago urrun, bere irudi tipikoekin, Ville Lumière-ko benetako nortasun kuttunari eusten, bistrot eta brasserie-ei esker. Paul Verlaine eta bere emaztea, Mathilde, hemen bizi izan ziren. Eta hemen poetak egun batean gutun bat jaso zuen: Charleville-Mezières herritik zetorren eta bidaiaria Verlaineren zale amorratua zen. Burugogorra zen Rimbaud gaztea; bere etxera gonbidatu eta bidaiarako dirua eman zion Verlainek, ordurako jada maisu lanak eginak zituela jakin gabe Arthur Rimbaud zuen izena gutunaren egileak, eta ordurako jadanik behin saiatu izan zen Parisera etortzen, trenez, bidaia ordaindu barik. Gare du Nord-en, zoritxarrez, poliziakide batekin topo egin zuen, kartzelara eramango zuena. Burugogorra zen hala ere Arthur gaztea; 16 urte bakarrik zituen. Bera ere poeta zen, eta Verlaineri bertso batzuk bidali zizkion. Paul harrituta geratu zen eta berehala erantzun zion, bere etxera gonbidatzen eta bidaiarako dirua ematen. Verlainek ez zekien Rimbaudek dagoeneko maisu lanak eginak zituela, besteak beste izugarrizko ‘Le bateau ivre’, edo ‘Le dormeur du val’. Are garrantzitsuagoa izan zen beste gutun bat, adituen arabera Arthur-en benetako manifestua dena, ‘Ikuskariarena’. Izan ere, Rimbauden ustez poeta batek «ikuskari» bihurtu behar du bere burua, «zentzumen guztien indiskrezio luze, izugarri eta arrazoituaren bidez». Eta bukatzeko, eslogan bat: ‘Je est un autre’, ‘Ni beste bat da’, alegia. Irizpide hori betetzeko, Arthur ezin zen geratu gorroto zuen hirian, Charleville-Mezières-en. Parisera joan behar zuen, ezagutu behar zuen garai hartan bere ustez poetarik ospetsuena zena: Verlaine. Literaturaren historioaren bikoterik eskandalagarrienetako bat jaioko zen horrekin: maitasuna eta bortizkeria, zalaparta eta odola izango ziren beren arteko harremanaren osagaiak. 1872ko uztailean Verlainek eta Rimbaudek elkarrekin ihes egitea erabaki zuten, eta urte hartako irailean Gare du Nord-etik iparralderantz jo zuten. «Rimbaudville» Esan bezala, Charleville-Mezières gorroto zuen Arthur Rimbaudek, txikiegia iruditzen zitzaiolako. Baina gaur egun bertara joaten bazara, edonon aurkituko duzu hiriko semerik ospetsuenaren izena, benetako «Rimbaudville» bat delako. Erdigunean bakarrik, hauxe topatu dugu Rimbauden izena edota aurpegiarekin: pizzeria bat, jatetxe bat, ileapaindegi bat, higiezinen agentzia bat, zigarro elektronikoen denda bat, liburutegi bat eta liburudenda bat. Gehi, geltokiaren parean, parke batean, Arthurren oroitarria, apurtxo bat ezkutatuta. Eta nola ez, Rimbaud Museoa, Quai Rimbaud-en. Belgikatik gertu gaude eta egia esan Place Ducalek, Charleville-Mezières erdigunean, bertako hiri bat ematen du. Eguraldia ere nahiko iparraldekoa da, Ardenesekoaren itxurakoa, oso ezegonkorra. Rimbauden museoan, hasieran oso deigarria da bere olerkiak hainbat hizkuntzatan entzutea, efektua izugarria da Oso kokapen polita dauka Rimbauden museoak, Meuse ibaiaren gainean ia eskegita: 8 euro balio du sarrerak, baina merezi du bisitak, poetaren bizitzaren testigantzarik onena delako. Bisita goitik behera egin behar da –hirugarren solairutik hasita, alegia– eta dena ondo azalduta dago. Hasieran oso deigarria da Rimbauden olerkiak hainbat hizkuntzatan entzutea. Nahasketa handia izan daiteke, baina efektua izugarria da. Rimbaud Museoa. (Alessandro Ruta) Bigarren solairuan Arthurren lehen urteak ikus ditzakegu. Arazo asko izan zituela jakin badakigu, bai aitarekin baita amarekin ere, baina ezagutzen ez genituen beste ezaugarri asko ere agertzen da: esaterako, oso goiztiarra zela, eskolan nota oso altuak lortzen zituela eta bizi-bizia zela, lehen bertsoetatik antzeman daitekeen bezala. Hortik hurrengo urratsa Paris «menderatzea» izango zen, nori eta Verlaineri esker. Museoko lehen solairuan, sarreran bertan, lagunaren oroitarria dago. Argi dago; Verlaine izan ez bazen, Rimbaud ez litzateke inon agertuko. Verlaine, Rimbauden museoan. (Alessandro Ruta) Jadanik solairu honetan Rimbauden irudia apur bat Andy Warholen estilokoa da. Jakina denez, AEBetako artistak Marilyn Monroe-ren erretratua hartu eta edozein modutan errepikatuko zuen, kontsumismoari kritika zorrotza eginez. Baina Marilynen aurpegia ultrafamatua zen eta poetari dagokionez bi argazki ofizial baino ez daude, biak Etienne Carjatek Parisen atera zituenak, 1871n edo. Bietako bat, batez ere, oso ezaguna egin da eta etenik gabeko errepikapenak izan ditu: Rimbaudek harro eta sendo kameratik kanpo begiratzen duenarena, hain zuzen ere. Rimbauden irudia, Warhol estiloan museoan. (Alessandro Ruta) Verlain maitemindu zuen tipo hura «apur bat basatia» zen, Mathilde bere emazteak ‘Mémoires de ma vie’ liburuan deskribatu zuen bezala. «Itxura gorriduna zuen, nekazari baten modura. Begiak urdinak ziren, adierazpen iluna, lotsa iruditzen zitzaidana», betiere Verlaineren bikotekide izandakoaren arabera. Museoko azken solairuan, Arthurren azken etapa, poesia eta literaturatik kanpo, gertutik ikus daiteke. Afrikara joan zen Rimbaud, armak eta kafe saltzaile gisa aritzera: ez dago ziur, baina agian esklabo batzuk ere saldu zituen. Argazkilari bezala ere saiatu zen, eta emaitzak ez ziren batere txarrak izan. Etiopian jardun zuen batez ere. Eraikinean testigantza hunkigarriak daude, adibidez bertatik ekarri zituen gauzak: liburuak, poltsa batzuk... Bere ospitaleratzearen eta 1891n gertatutako heriotzaren ziurtagiria ere badago azken solairuan, museotik atera baino lehen. Sasoia infernuan Une berean, Parisen, bere lagun ohi Verlainek berpizten zuen Rimbauden mitoa. Nahiz eta Arthurrek bere bizitza erabat hankaz gora jarri zuen, Metzeko poeta erreferentzia gisa mantenduko zen literaturaren munduan. Dekadentismoaren ordezkaria zen, ‘Prince des poètes’ izendatu zuten eta horregatik tarteka diru-laguntzak ematen zizkioten. Verlaineren azken geltokia jatetxe «bohémien» bat da; hor bizi izan zen, gero Ernest Hemingway ere bai Sariak jaso arren, ez zituen inoiz alkohola, zikintasuna eta beste bizio batzuk alboratuko: ironikoki, Rue Descartes-en hil zen, Rue du Cardinal Lemoine-tik oso gertu. Ihes egiteko hain gogo sutsua, zertarako azkenik? Gaur egun Paulen azken geltokia jatetxe «bohémien» bat da; plaka batek gogoratzen digu poeta bertan bizi izan zela, eta gero Ernest Hemingway ere bai. Eraikin berak gogorarazten ditu Verlaine eta Hemingway Parisen. (Alessandro Ruta) Hil aurretik definizio bat asmatuko zuen Verlainek, liburutxo batean: ‘Les poètes maudits’, ‘Poeta madarikatuak’. Bere ustez sei ziren, besteak beste Arthur Rimbaud, garai hartan nahiko ahaztuta zegoena eta batez ere ezer argitaratzen lortzen ez zuena, Frantzian behintzat. Belgikan bai, ‘Une saison à l'enfer’ kaleratuko zuen, baina oso irakurle gutxik egin zion kasu. ‘Sasoia infernua’ Arthurrek bizi izan zuena izan zen, Verlainerekin ihes egin ondoren, 1872tik 1874ra, Rimbaudek poesiari betirako agur esan zionean. Baina «bateau ivre», «mozkortutako itsasontzi» batean bezala jarraituko zuen aurrera. Denak misterio itxura du Rimbauden bizitzan. Hor dago, beharbada, bere xarma, hainbat artista erakarri zuena, Pablo Picassorengandik –surrealismoaren mugimendutik pasaz– Fabrizio De André Italiako abeslari handira iritsi arte: ’Et tout le reste est litérature’.