GAIAK

Osakidetzak bere buruaz beste egiteko arriskuan dauden 300 pertsona artatu ditu lau hilabetetan

Datorren larunbateko Suizidioaren Prebentziorako Munduko Eguna dela-eta Lakuak jakitera eman duenez, Suizidioren Barne Kodea ezarri zuenetik 300 lagun baino gehiago artatu ditu Osakidetzak. 2021ean, Hego Euskal Herrian, 206 lagunek egin zuten bere buruaz beste.

2021ean, Hego Euskal Herrian, 206 lagunek egin zuten bere buruaz beste. (GETTY)

Osakidetzak Suizidioaren Barne Kode berria ezarri zuen apirilaren 26an EAEko osasun sare publiko osoan, eta, ordutik, 300 pertsona baino gehiago detektatu eta artatu ditu arrisku egoeran. Hala ziurtatu du ostegun honetan Lakuako Osasun Sailak, datorren larunbatean Suizidioaren Prebentziorako Munduko Eguna dela eta zabaldutako ohar baten bidez.

Protokolo hori Suizidioa Prebenitzeko Estrategiaren esparruan jarri zen abian. 2019an sortu zen, haren eragina murrizteko. Emandako datuen arabera, kalkulatzen da planeta osoan pertsona batek 40 segundotik behin egiten duela bere buruaz beste. EAEn, bi egunetik behin, pertsona batek. Espainiar Estatuan, adibidez, egunean 10 lagunek egiten dute beren buruaz beste.

Lakuak emandako datuen arabera, 2002an 187 suizidio zenbatu ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 2012an 180 eta 2021ean 148. Osakidetzak azaldu duenez, protokoloa ezartzeaz gain, «beste aurrerapen batzuk ere lortu dira, besteak beste, 024tik, jokabide suizidak dituzten pertsonei arreta ematen dien telefono zerbitzutik, Larrialdi zerbitzura igarotzea».

Gainera, nerabeen depresioa prebenitzeko baheketa protokolo bat ere badago, Lehen Mailako Arretako Pediatria zerbitzuen bidez. Neurri horiei hezkuntza arloko protokolo berri bat gehituko zaie, eta datorren astean aurkeztuko da, ikastetxeetan arrisku kasuak detektatzeko.

Nafarroako kasuan, azken datu ofizialak 2021ekoak dira. Iaz, 58 lagunek egin zuten bere buruaz beste. Hau da, sei egunetatik behin. Hala ere, zifra horiek aurreko urteetakoak baino altuagoak izan ziren. Izan ere, 2020an 44 lagunek eta 2019an 45ek hartu zuten erabaki hori.

2020an, nafar Gobernuak Osasun Mentaleko Plana aurkeztu zuen, suizidio arriskua duten pazienteen detekzioa eta jarraipena hobetzeko tresna berriak garatu asmoz.