GAIAK

Minbiziaren ikerketan laguntzeko martxak egin dituzte Bilbon eta Gasteizen

Kamiseta berdeak soinean, ehunka lagunek hartu dute parte Gasteizen egin den Minbiziaren Aurkako Martxan. Ikertzeko dirua biltzea izan du xede, baita gaixo dauden lagunak eta hurbilekoak babestea ere. Bilbon, milaka pertsonak arrosaz pintatu dituzte kaleak bularreko minbiziari aurre egiteko.

Arrosaz pintatu dute Bilbo, bularreko minbizian ikertzen jarraitzeko dirua jasotzeko. (@emakundEJGV)

Minbiziaren Aurkako Martxa egin dute igande honetan Gasteizen, zortzigarren urtez, gaixotasuna sendatzeko tratamenduetan ikertzeko dirua lortzeko eta horrela bizi itxaropena handitzeko helburuarekin.

Arka kaletik abiatu dira, oinez, ikertzaile talde batek zinta moztu eta bidea ireki ondotik. Ekitaldian izan dira Beatriz Artolazabal Lakuako Berdintasun kontseilaria, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta Pedro Elosegi Arabako Batzar Nagusietako presidentea, instituzioetako beste ordezkari batzuen artean.

Partaideak Armentiako zelaietara iritsi dira, eta bertan buelta eman eta hasierako puntura itzuli dira. Aldarrikapena eta festa uztartu nahi izan dituen egun honetan ez da falta izan zunba klaserik eta indarrak berritzeko pintxopoterik.

Gaixo daudenak eta hurbilekoak babestu

Artolazabalek agertu duenez, sei kilometroko martxa honek kontzientziazioaren alde lan egiteko aukera ematen du, baita ikerlarien jarduna babesteko eta prebentzioan eta bizi ohitura osasungarrietan azpimarra jartzeko ere.

«Gure xedea minbiziaren kontrako ikerketa laguntzea da, eta gaixo dauden pertsonak eta senideak ere bai», esan du. «Jendarte osoaren zeregina da gaixotasun hau bizi duten lagunen eta beren familien laguntza eta arreta beharra zabaltzea».

Biziraupen tasa %70era handitzea xede

Joan den urtean, 2.145 laguni atzeman zioten minbizia Araban, gehienak kolonekoak izan ziren (310), prostatakoak (270), bularrekoak (249) eta biriketakoak (224), Lakuak emandako datuen arabera.

2021ean Araban minbizia zuten 6.517 herritarretatik 749 hil ziren. Batez besteko biziraupena %57koa da, nahiz eta badiren mota batzuk –pankrea, birikak, esofagoa eta gibela– %30 baino txikiagoa dutenak.

Arabako Minbiziaren Kontrako Elkartearen helburua 2030erako ehuneko hori %70era handitzea da, eta horretarako gakoa da ikerketarako nahikoa baliabide edukitzea.

Larunbatean, Agurainen; aurki, Amurrion eta Oionen

Gasteiztarrak ez dira izan minbizia gainditzearen alde kalera atera diren arabar bakarrak. Larunbatean Agurainen egin zuten martxa eta goiz ederra pasatu zuten. Laster Amurrion eta Agurainen egingo dituzte.

Arabako Minbiziaren Kontrako elkarteak eskerrak eman dizkie ekintza hauetara animatu diren herritar guztiei eta jasotako diru dena gaixotasunaren inguruan ikertzen segitzeko eta sufritzen dutenen bizi itxaropena handitzeko izango dela adierazi dute.

Bilbo, arrosaz, bularreko minbiziari aurre egiteko

Bizkaiko hiriburuan milaka herritarrek arrosaz pintatu dituzte kaleak. Bizkaiko Bularreko Minbiziaren eta Minbizia Ginekologikoaren Elkarteak, Acambik, eta Urtzi Gimnasioak elkarrekin antolatutako lasterketan 10.000 lagunek baino gehiagok hartu dute parte. «Pandemiaren ondotik gogo handia zuen jendeak eta erantzuna bikaina izan da», nabarmendu dute.

Han izan dira erakundeetako kideak, Juan Mari Aburto alkatea besteak beste.

51.000 euro baino gehiago bildu dituzte, bularreko minbiziaren ikerketan laguntzeko. Zehazki, Maria del Mar Vivanco doktoreak Zamudioko BioGune ikerketa zentroan hasitako proiektuari segida emango diote.

Acambiko idazkariak, Anabel Jimenezek, Europa Pressi esan dionez, ekitaldiaren asmo nagusia bularreko minbizia duten emakumeak babestu eta laguntzea da. «Erakutsi nahi diegu ez daudela bakarrik eta bizi kalitate hobea eta bizi itxaropen handiagoa izan dezaten lanean jarraituko dugula».

Lasterketa ez da lehiakorra izan eta Guggenheim museoan hasi eta bukatu da, tartean bost kilometroko ibilbidea eginda.