NOV. 03 2022 - 16:30h Esti Markez: «Nire ibilbidea orain hasiko da» 'Hitzekin Jolasean' diskoa kaleratu berri du Esti Markez abeslariak. Duela bi urte 'Azal berritzen' lana egin zuen aitarekin, baina disko berri honekin eman nahi dio hasiera bere ibilbideari. Maitatzeari eta maitatu ezinari eskainitako 10 kantu egin ditu abeslariak. This browser does not support the audio element. Bigarren Kafea Pentsatu nahi dugu bizi osoa daramala kantuan, baina 2020 urtera arte ez gituen Esti Markezek sortutako kantuak entzun. Urte hartan 'Azal berritzen' diskoa kaleratu zuen aitarekin batera, Mikel Markezekin. Elkarlanean sortu eta kantatutako 10 abestik osatu zuten lan hura. Bi urte beranduago, 'Hitzekin Jolasean' diskoarekin ekin dio bere bakarkako bideari abeslariak, 10 abesti berrirekin. «Nire ibilbidea orain hasiko da» esan digu aiarrak, eraikitzen ari den proiektua hasi besterik ez dela egin erakutsiz. «Ausardia eduki behar da hasteko; lana, denbora eta dirua behar dira» kontatu digu. Beraz, ausardiaz baliatu eta diskoa aurkezten ari da orain abeslaria. Diagnosi Irudiko eta Medikuntza Nuklearreko teknikari lanetan aritu da orain arte, baina musikari eskaini nahi dio orain merezi duen denbora. «2020an, aitarekin diskoa kaleratu nuenean, osasungintzan egiten nuen lana eta ito egin nintzen; zazpi orduko lanaldiaren ostean, kontzertutara joaten nintzen ez nuen disfrutatu» aitortu digu. Disko berri honetan hitzekin jolasean ibili da Esti Markez, eta bereak dira letra gehienak. «Asko kostatu zitzaidan abestiak aukeratzea» kontatu digu. Alaia Martin eta Jon Martinen laguntza izan du kantu batzuak idazterakoan, eta Iker Lauroba, Garazi Esnaola, Josu Erviti, Arkaitz Miner eta Rayco Gilen bidaide izan ditu grabaketan. «Laguntza beharrezkoa da; bultzada bat ematen dizu, eta horrela ez zara bakarrik sentitzen».