NOV. 04 2022 - 00:00h Wagenya herria, Kongoko arrantzale akrobatak Kongo ibaiko lasterren ur burbuilatsuetan, arrantzatzeko asmoz, euren egurrezko aldamio ikusgarrietara igotzen jarraitzen dute wagenyek. Akrobata arrantzale hauen etorkizuna iluna da: ibaiaren gain-ustiaketak arrantza murriztu du eta koronabirusagatik turisten diru-ekarpena ia erabat galdu dute. Guerchom NDEBO Testua: Gaizka MARTINEZ Argazkiak: Guerchom NDEBO (AFP) Wagenya herriak Kisangani-n, Tshopo izeneko probintziako hiriburuan du jatorria. Lehen Stanleyville gisa ezaguna izan zen hiria, hala izendatu baitzuten, 1877az geroztik, Henry Morton Stanley hara iritsi ondoren. Stanleyk eman zuen wagenyen berri aurrenekoz Mendebaldean, baina gizaldi hagitz lehenagotik dira han. Eta haien bizimodua ez da ordutik asko aldatu, iraganean arbasoek egin bezala harrapatzen baitituzte kapitain eta tilapia arrainak egun ere, Kongo ibaiak puntu honetan eskaintzen dien egoera ezin hobea probesturik. Ur bizien azpitik harkaitz-ertz baxu eta zorrotzak azaleratzen dira, ur-lasterrak sortuz. Hori dela eta, Kongo nabigatzea ezinezkoa da hemendik aurrera eta ibaia mozteko aukera dute. Wagenyak arrantzarako prest dira Kongoko ur arin eta arriskutsuen gainean aldamioetan zintzilik. Guerchom NDEBO (AFP) Bertako kulturaren eta identitatearen sinbolo kolektiboa den eta tolimo deritzon sistema baliatuz arrantza egiten dute. Elkarren artean atxikita dauden eta harrizko zulo naturaletan paratzen dituzten egurrezko zutoin batzuen bidez, aldamioak osatzen dituzte. Egitura horietatik, liana batzuekin loturik, tranpa zorrotz handiak eskegitzen dituzte, eta hauek ur-korronte indartsuan murgilduz harrapatzen dituzte arrainak. Ikusgarria bezain arriskutsua, haien ogibidea. Zuhaitz eroriari orok egurra Arriskuz beterikoa eta mantentzen zaila halaber. Duela 15 bat urtera arte Estatuak diruz laguntzen zituen aldamioak eta saskiak konpon zitzaten, baina babes hori bertan behera geratu da. «Lan hau gure arbasoek utzi ziguten, egin behar dugu, baina egoera honetan zaila da oso» dio AFP agentziari Andjoipa Aluka 27 urteko bi semeren aitak. Arrain-espezieen kopurua ere murriztu egin dela dio, «atseden denborak errespetatzen ez direlako». Bioaniztasuna erasotzeak, finean, ekonomian eta elikaduran eragin zuzena dauka. Aldi berean, etxolak, sua eta arrantza egiturak sortu eta mantentzeko baliatzen zuten aldameneko baso komunitarioko zura ere enpresa batzuen esku utzi dute instituzioek, wagenyak haien lurretatik lekutzera behartuz. Hainbat kilometro egin behar dituzte orain egurra aurkitzeko eta biltzeko. Atzerriko bisitariei arrantza era berezi hau irudikatzen duten egurrezko figuratxoak salduz, zonaldean barrena txangoak antolatuz eta ostatua emanez lortzen zuten bizitzeko adina. Baina, egun, ahanzturan murgildurik bizi dira. Bide eta errepideek mantenu eskasa dute, argindarra ere faltan da askotan, eta aldirietako erakargune eta memoria gune ia guziek ageriko kalteak dauzkate, Patrice Lumumba Kongoko independentziaren heroiaren monumentua kasu. Zoologikoan ez da animaliarik. Aireportua inoiz amaitzen ez diren zaharberritze lanetan da eta, hori gutxi balitz, kerosenoaren gabeziak hegaldi aunitz atzeratu edo bertan behera utzi ohi ditu. Komunitatearen indarra Arrantza eta Kongo ibaia dira Wagenya herriaren bizitzaren erdigunea; Wagenya ur-jauzia deritzo haien lur eremuan dagoen Kongo emaritsuaren zati honi. Bazter eta ur hauetan burutzen dituzte erritu gehienak. Haien sinesmenen arabera, arbasoen ibaia da hau; bertan, ur-jauzien azpian, bizirik jarraitzen dute hil ostean, eta itota hiltzetik babesten dituzte. Komunitatearen indarrak berebiziko garrantzia izan du eta izanen du ere, etorkizunean, herri honen iraupenean. Egun hiru klan eta bost subklanetan antolaturik dira. Buruzagi bakarra izaten dute, zaharrenen artean hautatzen dutena. Agintarien aurrean bozeramailea eta solaskidea da bera, eta taldearen barnean ere tutore edo gidaritza lanetan dihardu, sortu daitezkeen arazoetan bitartekaria izanik. Azken urteotako eztabaida eta liskar batzuk direla-eta, ordea, ez dago funtzio hau betetzen duen inor. Wagenya herriko biztanleak arrantzarako kutxa eta sareak atontzen. Guerchom NDEBO (AFP) Hala ere, lehen egin moduan, orain ere gurasoek semeei erakusten diete ofizioa. Semeek, gainera, sendiaren aldamioak eta arrantza kutxak jasotzen dituzte oinordetzan. Eta arrainak direla, zura dela edo dirua dela, wagenya guzien artean banatzen dira dauzkaten ondasun apurrak. Nolabaiteko gizarte-berdintasun eta -oreka lortuz. Izan ere, oztopoak oztopo, wagenyek argi dute arrantzatzen duen herria ez dela inoiz hilko.