GAIAK

Planetaren kaosari soinu banda jarri dio Willis Drummondek ‘Hala ere’ lanean

Mandarina baten irudia, planetaren egoeraren metafora legez, ezarri du Willis Drummond taldeak bere zazpigarren estudioko lanean. Entseguetan sortutako sormenaren energia islatu nahi izan dute lapurtarrek azaroaren 18an kaleratuko duten ‘Hala ere’ indartsu, bizi, ilun eta zuzen honetan.

Ezker eskuin, Vincent Bestaben, Felix Buff, Jurgi Ekiza eta Xan Bidegain. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Tahitirako hegazkinean zihoanean, mandarina bat jan zuen Groenlandia gainean Jurgi Ekizak. Egoera erabat «surrealista» iruditu zitzaion, Willis Durmmonden kantariak asteartean Bilbon aitortu duenez. Mundua hankaz gora dagoenean, zorioneko batzuek toki beroetako fruitu bat zuritu eta jan dezakete uharte izoztuaren gainetik hegan egiten duten bitartean.

Metafora argi dago: «Sistema absurdo baten azken orduan bizitzen ari gara». Kontzientzia ekologiko eta sozial horren eragin nabarmena dago Willis Drummond lapurtar taldearen ‘Hala ere’ lan berrian.... eta, baita ere, kontraesanez beteriko mezua. Aitormen hori badago: mundua aldatu nahi genukeenok kontraesanez beteta gaudelako. Beraien zuzeneko indartsuengatik ospetsua egin den taldeak –egun, euskal taldeen artean sona gehien duenen artean dago–, hau guztia jaurti du disko honetan.

Baionarrek Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu dute asteartean zazpigarren estudioko lana eta bira, hain zuzen ere Antzokia ‘bigarren etxea’ bihurtu zaielako. Biraren hasiera bertan izango da, azaroaren 26ean. Gero, abenduan Biarritzeko Atabalen izango dira (2an), Durangoko azokan (Ahotsenean, oraindik ez da data iragarri) eta handik, Teruel eta Zaragozara joko dute.

2023rako data hauek aurreratu dituzte: Donostiako Doka kafe antzokian (urtarrilaren 6an), Iruñeko Zentralean (urtarrilak 13), Azpeitiko Sanagustinen (21ean) eta gero Logroño (27an), Madril (Wurlitzr Ballroom aretoan, 28an), Almazan (Sorian, 29an) eta otsailaren 17an, Gasteizko Jimmy Jazz.

Bitxia da, Estatu espainiarrean data dexente lotu dituzte, zaletu asko? «Askoz konplikatuago da jotzea Frantzian Espainian baino euskaraz kantatuz. Euskarazko musika ez da batere balioztatzen, eta ez da erraza, baina aurrerago lotuko ditugu», aitortu du Jurgi Ekizak.

Etxeko energia

‘Hala ere’ lan berrian laukote egiturara itzuli da Willis Drummond. Vincent Bestaven da bandaren laugarren ‘hanka’. Felix Buff-ekin batera Petit Fantome taldean aritutakoa, pandemia garaian akustiko formatuan egin zituzten 30 kontzertuetarako bildu zitzaien, hain emaitza honekin, zeinak Bordelen bizi den baionar hau ‘Willis familiaren’ beste kide bat bihurtu baita. ‘Hala ere’ honen lehen unetik egon da, bere ‘tokea’ ematen.

Johannes Buff-ek (Felixen anaia) Tarnosen zabaldu duen Shorebreaker estudioan grabatu dute lana. Estudioan bertan entsaiatzen dute, musika tresnak bertan gordetzen dituzte ere eta toki horretan ‘kozinatu’ da erabat diskoa: grabatu, ekoitzi eta nahastu. «Familia giroan» aritu dira lanean, aipatu dutenez, talde honen ‘espirituarekin’ bat datorrelako gertuko giro hori, DNAan daramate: «Badu orain kaxik 20 urte Willis Drummond familia bat bezala funtzionatzen duela, baina kooperatiba bat bezala ere bai, nolabait. Dena den kudeatzen baitugu taldekideoak horizontalki», aipatu dute.

«Batzuek esango dute lasaitu garela, nik esango nuke aldatu garela, eta aldatzen garela beste edonor bezala. Helburua ez da beti egitea beti disko berdina, baina disko berri bat egiten delarik berritasun bat egitea eta modu naturalean egitea izan da helburua», ohartarazi du Xan Bidegainek. Berriz aurkituko ditugu betiko rokanrola, indie ukitu berri batzuk, Australia ala Irlandako eraginak (The Drones, Teh New Christ, Fontaines...), baita aspalditik haien gainean eragina duen 90 hamarkadako musika eszenaren eragina, Seattleleko grungea (Nirvana, Pearl Jam), pop doinuak ere (Eels) eta betiko izan dituzte eraginak (Crazy Horse, esaterako).

Grabazio prozesua oso ‘vintage’ bezala defini daiteke: «Lehen unetik egon ginen laurok estudioan, grabatu genuen mikro gutxirekin eta izan genuen emaitza harritu gintuen. Hori behar dugu mantendu, behar dugu bizi arazi disko hori energia hori mantenduz. Horregatik erabaki genuen grabatu diskoa denak batera, gela berdinean, gordintasuna eta espiritu hori mantentzeko. Metronomorik gabe, tresnak baztertu gabe, eta mantenduz base erritmikoa: baxu, gitarrak eta bateria dena elkarrekin», aitortu du Xan Bidegainek. 

«Promo orrian esaten dugu disko hau 70. hamarkadakoa eta 90. hamarkadakoa dela musika estiloaren aldetik, baina bada ere oso 2022koa, batez ere ekoizpenagatik, soinu nahiko modernoa da nahiz eta grabatzeko prozesua oso vintage izan, eta, bestalde, badu beste alde modernoa edo garaikidea hitzetan, letretan», gaineratu du Jurgi Ekizak.

Hitzak taldearen arteko solasaldietatik atera dira: ekologiaren inguruko kezkak (‘Mandarina’, diskoa zabaltzen duen kanta), migrazioaren krudelkeria (‘Bidasoa’, salaketa eder eta sakon bat), planetaren kaosaren isla (‘Gauzak’). «Bizitzen ari garen isla da», Ekizaren esanetan. ‘Bidasoa’ eta ‘Gauzak’ bideoak bihurtu dituzte, dagoeneko ikusgai daudenak. Istorio anitz dituzte atzean, batez ere ‘Bidasoak’, muga eta hiltegia bihurtu den Bidasoa ibaian hil diren bederatzi etorkinei eskainita baitira.

Bideoan agertzen da, esaterako, Mustafa, Baionan bizi den Ginea Konakriko gazte bat. Berak pasatu zuen ibaia beste askok bezala, baina 18 urte baino gutxiago zituelako babesa lortu zuen. Eta Marie izeneko emakume bat azaltzen da ere, Mariek eman diolako babesa bere etxean Mustafari.