NOV. 18 2022 - 13:00h Kristonak taldea «berpiztu» egin da pandemia ostean rock and rollari esker Inguratzen gaituen munduari ‘Ahobetehortz’ begiratzen dio «berpiztu» berri den Kristonak taldeak. Azken hamar urteetan Eskean Kristo izenarekin lau disko utzi ditu atzean, rock and roll organikoa euren zeinu dela. Oraingoan lagunez inguratuta zortzi kantu ondu dituzte. Umorez bustitako rock and rolla eskaintzen du Kristonak taldeak. (Oskar Matxin Edesa | FOKU) Nagore Belastegi Donostia Duela hamar urte Eskean Kristo izenarekin kaleratu zuten euren lehen diska eta oraingoan bostgarrena aurkeztera datoz, ‘Ahobetehortz’, pandemia ostean berpizturik. Rock and rolla oinarrian duten zortzi kanta beso azpian, zuzenekoetan dituzte jarrita gogo guztiak. Victor Sanchezen gidaritzapean grabatu dute lana, Elkar estudioetan. «Rellenorik gabeko diskoa da, rokeroa baina dibertigarria», laburtu du Pello Artabe abeslariak, aitortuz kantetan dauden kolaborazioak bere «kapritxoa» izan zirela. Izan ere, euskal musikaren panoramari begirada bota ostean egin zien proposamena. «Niko Etxartekin remember bat egin naiz izan dugu. Gurekin aritu zen 2012an. Deskubrimentu bat izan zen guretzat bere musika eta bera, lagun egin ginen. Disko hau hasiera berri bat izan denez, berriro bera egotea nahi genuen», azaldu du. Roberto Moso (Zarama) ere beste kanta batean dago. «Berak egin zigun gure lehen elkarrizketa serioa Radio Euskadin. Kolaborazioa zor genion», aipatu du Artabek. Aiora Renteriarekin elkarlana mugitzen diren lekuak antzerakoak direlako egin dute, Bilboko parrandetan zein kontzertuetan askotan egin dutelako topo. Kristonakeko ahotsarentzat, abesti hori Zea Mays estilokoa gelditu zaie. Gonbidatuei deia luzatu aurretik, kanten zirriborroa egina zuten baina baiezkoa eman ostean, haiek eroso sentitzeko moldatu egin zituzten hoberen dagozkien estilora, eta horregatik, funtsean rock and roll diskoa bada ere, estilo desberdinan nabari dira; ez dute mugarik jarri nahi izan. Euren kantek badute zigilu bat eta entzuten duenak badaki beraienak direla; sintetizadorerik eta autotunerik gabe, musika organikoa eskaintzen dute. Pandemiaren seme Diskoaren izenburuari buruz, Artabek argitu du «inguratzen gaituen munduari» egiten diola erreferentzia: «pandemia, konfinamendua, gerra, suziri txinatarra, Irulegiko eskua, Landetan agertu den 5 kiloko perretxikoa...». Izan ere, pandemian hasi ziren kantak sortzen. «Zaleek beti diote talde baten diskorik onena lehena dela, eta musikariek diogu azkena dela. Guretzako hau oso berezia da, lan handia egin dugu. Kanta bakoitzarik eskaini diogu lana eta xarma, eta oso gustora gelditu gara. Kristo Aurretik eta Kristo Ondoren suposatzen du guretzat, asko ikasi eta ausnartu dugu. Guk uste dugu kristonak garela, zentzu literalean», adierazi du Peio Artetxek (baxua eta harmonika). ‘Ahobetehortz’ barne prozesu baten emaitza da. «Denbora asko pasatzen dugu elkarrekin eta batzuetan tira-birak egoten dira. Pandemian une gogor bat pasatu genuen eta horrek asko irakatsi zigun, eta berpizte honetara ekarri gaitu», aipatu du. Taldekideek uste dute euren espezialitatea zuzenekoak direla eta, beraz, nahiz eta disko laburra izan, garrantzitsua dela 8 kanta horiekin eszenatokian zer egingo duten. Durangoko Azokako Ahotsenean aurkeztuko dute, eta urtarriletik aurrera kontzertuak eskaintzen hasiko dira. Batzuetan diskoko kolaboratzaileak eramaten saiatuko direla aurreratu dute. Era berean, otsailean biniloa kaleratuko dute.