GAIAK

Mendizabalako karpan esango du betirako agur Hertzainak taldeak urtarrilaren 6an

Hertzainak taldeak ostegun honetan iragarri du Gasteizko kontzertuaren data: urtarrilak 6. Egun horretan Mendizabala auzoan jarriko duten karpa klimatizatua gainezka jarriko dute lagun eta zaleek. ‘Azkena gure alde’ biraren bukaerarekin etorriko da taldekieen azken agurra.

Txanpi, Urtaran eta Josu gaur hedabideen aurrean eginiko agerraldian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Abenduaren 16an, Barakaldoko BECen duten hitzorduaren ostean etorriko da Gasteizkoa, urtarrilaren 6an. Lagungiroko emanaldia izango da, oso berezia. Euskal musikaren historian izena hizki larriz idatzi duen taldea sortu zenetik 40 urte joan direnean eszenatokiak betirako uztea erabaki dute taldekideek.

Gari eta Txanpi Gorka Urtaran Gasteizko alkatearekin agertu dira gaur hedabideen aurrean. Bertan eman dituzte hainbat argibide. 19.00etan irekiko dira ateak eta 
ordubete geroago okasiorako gonbidatu dituzten lagunak igoko dira agertokira. Peru Abarrategi, Manex Agirre, Paula Amilburu, Xabier Amuriza, Juantxo Arakama, Jon Basaguren Dupla, 
Iñigo Etxezarreta, Xabi Igoa, 
Joseba Irazoki, Miren Narbaiza, Ruper Ordorika eta Oihane Perearen partehartzea iragarri dute gaur. Eta 22.00etan hasiko da Hertzainak 
taldea jotzen.

2019ko Euskaldunako eta Kafe Antzokiko kontzertuek sorrarazitako emozioak zale gehiagorekin partekatzeko gogoa utzi zien Josu eta Gariri. «Izurriak eten zuen gogo bizi bat erne zitzaigun kontzertu haien ondorioz: Bilbon bizitakoak Gasteizen ere bizitzea lortu behar genuke. Bertan hasi zen dena eta bertan bukatzea zor diogu. Egin dezagun azkena gure alde, sortzen ikusi gintuen hirian. Horrenbeste merezi dugu». Pentsatu eta egin.

Txanpi ere agertokian

2019 kontzertuekiko bada alderik. Batetik, Luis Javier Saiz ‘Txanpi’-k, hasieratik taldearen bateria izan zenak, parte hartuko du kontzertuotan. Bestetik, 2019ko kontzertuak nostalgia gabe, inolako penarik gabe, poz handiarekin eta bizitzarekiko maitasun sakonarekin eskaini bazituzten, mundua inarrosi zuen pandemia baten ostean eta mundu mailako gerra hotsen artean, bizitzarekiko are maitasun handiagoaz eskainiko dituzte Hertzainaken kantak. Hala nabarmendu dute taldekideek.

«Gaur egungoengandik ezberdin baina oso antzeko» ikusten dituzte Hertzainak taldeak lehen pausuak eman zituen garaiak. Urte oso gatazkatsuak ziren. Espainolez kantatzeko hautua egin zuten RRV legez ezagutzen den etiketa osatu zuten talde gehienek. Hertzainakek ez. Gasteiz oso erdaldun batean, punkiak izateko ezinbestean euskaraz kantatu beharra ikusi zuten, hein handi batean, lagun eta inguruko erdaldunek behartuta.

Euskaldunentzat zein erdaldun askorentzat erreferente bihurtu zituen hautu horrek, eta Hertzainaken kantagintzaren arrastoa, eragina edota zantzoak, 2022an kantagintzan euskaraz ari diren talde batean baino gehiagotan igarri daitezke. Bai hizkuntzaren hautuari dagokionez, bai hautu estetikoari dagokionez, bai jarrerari dagokionez.

Punk jarrerak aurrekoaren eta ordukoaren kontra egitera bultzatu zituen. Sistema ororen aurka. Eta era berean, nahi gabe, katebegi bihurtu ziren, aurrez euskaraz kantatzeko hautua egin zutenen eta gaur egun euskaraz kantatzeko hautua egin dutenen artean.

Oroitzapenen berpizte kolektiboa

Oroitzapenen berpizte kolektibo bat izango dira Hertzainaken emanaldiak. «Orduko porroten eta gaurko lorpenen balantza bat. Orduko lorpenen eta gaurko porroten gorazarre bat. Izan ere, 2019ko Euskaldunako eta Kafe Antzokiko kontzertuak bizi izan zituztenek sentitu zuten, kanta askok, 40 urte beranduago, zeresana dutela, kanta haiek gaur ere badirela, korapilo askok bere askatu gabe dirautelako, arazo asko konpontzeke ditugulako eta gaur garen orduko haiek jakitun garelako», diote.
 
«Aspaldion askoren ahotan dagoenarekin bat eginez, transmititu dezagun euskarazko kantagintzaren historia eta oraina biharkoek euskaraz kantatzeko hautua egin dezaten, euskarazko kantagintza luzaroan bila dezan bere bidea», luzatu dute gonbita.

Sarrerak azaroaren 30ean jarriko dira salgai 10.00etatik aurrera webgunean.