NOV. 24 2022 - 16:13h Zea Maysek ‘Adore, Kemena, Kuraia’ disko berria eman du argitara Pandemia garaian sortutako ‘Adore, Kemena, Kuraia’ aurkeztu du ostegun honetan Zea Mays taldeak. Disko berria osatzen duten hamar kantak oso prozesu «maitekorraren» emaitza dira, bost ekoizle ezberdinek produzituta. Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu du Zea Mays-ek bere lan berria. (Oskar Matxin | FOKU) Marcel Pena Bilbo Zea Mays taldeak ‘Adore, Kemena, Kuraia’ (Garden Records, 2022) disko berria aurkeztu du ostegun honetan. Nahiz eta «bakarrik» 10 kanta izan, diskoaren ibilbidea luzea izan da, pandemiak eragindakoa. Dena den, horrek taldeari lagundu dio kantak ondo lantzen eta bereziki beste musikari eta produktore batzuekin lan egitea, 25. urteurreneko urtean. 2019ko azaroan Zea Maysek ‘Atera’ diskoa argitaratu zuen. Dozena-erdi kontzertu eman ostean, covid-19aren agerpenak euren plan guztiak aldatu zituen: «Kontzertu guztiak bertan behera gelditu ziren eta denok etxera joan behar izan ginen. Urte hori aurrera joan zen, kontzerturik gabe, eta egian esan, ez genekien zer etorriko zen. Ez genuen ikusten disko bat ateratzea, ezin bagenuen kontzerturik egin. Azkenean erabaki genuen abestiak binaka grabatzea, eta ateratzea digitalki, ‘miniEP’ ezberdinetan», azaldu du Aiora Renteriak Bilboko Kafe Antzokian egindako aurkezpenean. «Guretzat formula hau berria izan da. Azkenean, abestiek binaka pentsatuta sekulako freskotasuna daukate, zeren sortu eta grabatu egin ditugu jarraian. Abesti pare bakoitzeko denbora luze egon gara, orduan izan duten tratamendua izan da oso maitekorra», gehitu du abeslartiak. Kontzertuak ematea posible izan denean, taldeak pandemia garaian sortutako hamar kanta horiek bildu ditu eta disko formatuan kaleratu ditu, bira bat egiteko asmoarekin. ‘Adore, Kemena, Kuraia’ diskoaren aurkezpenak eramango du taldea Euskal Herriko hainbat herri eta hiri batzuetara, baita Estatu eta Europako beste puntu batzuetara ere. Biarritzeko Atabalen (2023ko otsailak 11a), Iruñeko Zentralen (martxoak 24a), Donostiako Dabadaban (apirilak 22a), Bilboko Kafe Antzokian (apirilak 29a) eta Gasteizko Jimmy Jazzen (maiatzak 13a) emango dituzten kontzertuez gain, Madrilen, Oviedon, Boiron (Galizia), Massalion (Katalunia), Bartzelonan, Zurichen, Frankfurten eta Berlinen ere egingo du geltokia Zea Maysek. Kolaborazioak Diskoaren grabazioan, Zea Mayseko taldekideek musikari askoren eskutik lan egin dute. Grabatutako lehenengo bi kantetan, ‘Adore’ eta ‘Zuk borroka hasi’, Ricky Falknerrek sartu ditu sintetizadoreak, ‘shakerrak’ eta pianoa; bigarren multzoan, Santi Garciak sintetizadorea ere bai; ‘Kuraia’ eta ‘Corazón de tango’ abestietan, Marc Clos katlana izan dute bateria, perkusioa eta bibrafonoa sartzen; eta Rozalenek ahotsa eta letra ipini dizkio ‘Ez naiz ni’ kantari. Gainera, lehenengo aldiz Zea Maysek gaztelerazko kanta baten bertsioa egin du disko honetan; hain zuzen ere, Doctor Deseoren ‘Corazon de tango’ abestiarena. Gainera, bideoaren tratamendua eman diote eta bideoklipa estreinatu zuten urriaren amaiera, Carmen Machi eta Ramon Barea aktoreen parte-hartzearekin. Gaurko gaueko 00.00etatik aurrera plataforma digitalean egongo da entzungai. Disko fisikoa eskuragarri egongo da Durangoko Azokan, eta behin azoka bukatuta, dendetan salduko dute, CDz zein biniloz. Birarako sarrerak, igandetik aurrera egongo dira salgai. Oraintxe arte, Zea Maysek ‘Adore, Kemena, Kuraia’ diskoaren sei aurrerapen atera ditu, eta beraz, lau geratzen dira argitara emateko: ‘Adore, kemena, kuraia’ eta ‘Ez naiz ni’, Paco Locok ekoiztuta; eta ‘Ez zaitez sartu’ eta ‘Bizia’, Aritz Aranbururekin.