DEC. 01 2022 - 08:58h Hertzainak-en azken biraren lehen kontzertua zuzenean emango du EiTB-k ‘Jaio eta bukatu’ Hertzainak taldearen biraren lehenengo kontzertua, BECen abenduak 16an (larunbatean) programatua, ETB-2an ikusi ahal izango da. Hamahiru kamara jarriko dituzte Barakaldon. Bertan 16.000 lagun biltzea espero da, sarrera guztiak agortuta. Gari eta Josu Zabala, Bilbon 2019an emandako kontzertuetako batean. (Luis Jauregialtzo | Foku) NAIZ Hertzainak taldeak bere ibilbide bukaerako birari ekingo dio hurrengo astean, BECen bi kontzertua emanez eta amaiera moduko beste bat, Gasteizko Mendizabalako karpan, urtarrilaren 6an. BECeko lehenengorako sarrera guztiak aspaldi agortu ziren, urrian, baina telebista eta interneten bidez ere jarraitzeko aukera izango da. EiTBk ostegun honetan iragarri duenez, bere erdarazko kanalean emango du zuzenean, ETB-2an, bai eta eitb.eus-en bitartez ere. Honetarako hamahiru kamara jarriko dituzte BECen, horietariko lau 360ºtako panoramikak eskain ditzaketenak. «Era berritzaile honetan kantuak grabatzeko aukera izango da beraz eta biharamunean EiTBko Youtubeko kanalean izango dira eskuragarri», azaldu du EiTBk. Hertzainak 1993an desegin zen ofizialki. Horren ostean itzulera xume batzuk egin zituzten, baina nork bere aldetik ibilbide propioa egin du. Orain Araban sortutako taldearen formazio klasikoa berreskuratu dute aldi berean «kaixo berriz ere eta behin betiko agur» bezala irakur daitekeen ‘Azkena gure alde’ bira honetarako. 2019aan Bilboko Euskaldunean «piztu zen emozio kolektiboa berpiztu nahi dugu BECen abenduaren 16an», aurreratu dute Hertzainak-en taldekideek. 22.00tan hasiko da abenduaren 16ko emanaldia.