DEC. 03 2022 - 07:05h «Pong»ekin bideo-bizitza oso bat, 50 urte Orain dela 50 urte lehen bideojolas arrakastatsua agertu zen. Gaurtik ikusita oso sinple eta kaskarra dirudi, eta bada, baina garai hartan sekulako iraultza ekarri zuen, batez ere tabernetan edota etxean erabili ahal zelako. Pong, hau baino gauza sinpleagorik (eta arrakastatsuagorik) ez dago. (Wikimedia Commons) Alessandro Ruta «Pong», «pong», «pong»... Gaur egun bideojolasak gure eguneroko ogi dira, gehiegi beharbada, baina iraganean soinu hori ateratzen zuten makinak extralurtarrak ziruditen. Pong jolasa agertu zenean, 1972ko azaroaren 29ean hain zuzen ere, harridura handia eragin zuen. Sinplea benetan. Hainbat puntutxo zelai antzeko bat markatzen, bi lerro eta pilota baten antzerakoa zerbait: tenisa izan zitekeen, edo mahai-tenisa (ping-pong) zehatzago. Erraketa, ordea, zelaitik at zegoen, pantailatik kanpo. Erraza zen joku araua ere: aurkakoak baino puntu gehiago egitea, pilotari kolpeak ematen –ahal zenean futbolean bezala, «efektu» bereziekin–. Markagailua ere bazegoen, noski. Eta nabarmentzeko detaile oso garrantzitsua: pilotaren abiadura minutuz minutu bizkortzen zihoan, lerroak neurri berean txikiagotzen ziren, eta horregatik jolasa gero eta zailagoa bihurtzen zen. Dena soinu honekin lagundurik: «pong», «pong», «pong», pilotari kolpeak ematen zitzaizkionean. Puntu bakoitza bukatzerakoan beste tonu bat, apalagoa, entzuten zen. Partidaren iraupena? Hiru minutu asko jota. Gure 2022ko begiekin ikusita dena errazegi eta kaskarra dirudi, edo minimalista behintzat, baina urte haietako munduak eta merkatuak ez zuten ezer hoberik irudikatzeko aukerarik. Orduko gertaerak, gainera, gris kolorekoak ziren benetan: Richard Nixon bigarrenez Amerikako Estatu Batuen presidente izendatua zen (gero jakingo zen nola, Watergate eskandaluari esker), Frantzian oraindik heriotz-zigorra aratua zen (gillotina barne)...Erronka Bideojolasak dagoeneko existitzen ziren, baina oso jende gutxiren eskura, aintzindaria zen dena. Horrenbestez Atari ekoizpen-etxeak zerbait oso sinple asmatu behar zuen eta langile bati erronka bota zion. Allan Alcorn zuen izena, 24 urte baino ez zituen eta San Frantziskon bizi zen (oraindik Silicon Valley-rik ez zen aurreikusten). Izen-abizen hori ez da apenas ezaguna, baina informatikari begira ezinbestekoak dira. Kontua da Alcornek erronka onartu egin zuela eta hiru hilabetez, 1972ko ekainetik aurrera, bideojolas berri eta oso oinarrizko bat landu zuen. Frikikerien aztiak hasiak ziren, «nerd»en hizkuntza aurreratzen. Ondoren, jolas horrekin dirua nola irabazi zen zalantza. Atariri bururatu zitzaion hau ere: Pong tabernetan sartzea. Erabiltzeko tresna kutxa handi bat izango zen, bertan jolasa txertatuta zegoela. Deigarria izan behar zen, koloretsua, arreta deitzeko; hasiera batean horia izan zen. Kapitalismoaren borobila isteko, taberna-jabeek inbertsioa berreskuratu behar zuten. Pong partida bakoitzeko dolar laurdeneko txanpona sartu behar zen makinatxoan. Laborategi modura Andy Capp's Tavern delakoa hartu zuten, Sunnyvaleko hirian. Lehendabiziko bezeroa, Alcornen lagun bat, taberna-jabea. Imaginatu ezazue jatetxe zikin bat, zigarroen keaz beterik, eta bertan, bilar-mahaia eta pinball-en artean, mozkortien arreta deitzen, Pong-en kutxa. Bertan bapatean estralurtar bat agertzea ez zitzaien arrotzagoa egingo, ‘All your base are belong to Us: How 50 years of videogames conquered pop culture’ liburuak aipatzen duen bezala. Dolarreko 25 zentimoko txanpona nahikoa zelarik, jendea erraz batu zitzaion jolas berriari. Garagardo bat baino askoz merkeagoa zen hori. Egiak eta kondairak nahasten dira puntu honetan. Andy Capp’s Tavernetik egun batean Alcornek telefono dei bat jasoko zuen, lehenbailehen hara joateko eskatuz. Makina zerbitzutik kanpo geratua zen, erabiltzaile gehiegi zuelako, txanponen kutxa gainezka, itzalita. Egileak Atariren ordezkariekin hitz egin eta asmatutakoa merkaturatzeko ordua zela erabaki zuten. Ehunka makina zabaldu zituzten hasieran, milaka gero. Taberna guztiek nahi zuten «console» hori, zutik erabiltzen zena, lagunez inguratuta eta inguru zaratatsuan. Tabernetan egoteko modua bera aldatuko zuen Pongek. Unerik onenean 35.000 kutxatxo zeuden Estatu Batuetan. Bakoitzak astero 200 dolar inguru jasotzen zituen, dolar laurdeneka pilatuta. Hurrengo urratsa Pong etxeetan sartzea izango zen, etekinak biderkatuz. Gaur egun bideojolas hau pieza arkeologikotzat har liteke. Datu bat: aurtengo enkante batean Pong etxerako prototipoa 270.000 dolareren truke saldu zuten. Inbertsio bikaina agian, hasierako hura bezalakoa. Bide batez, arrakasta haren ondoren askori Atarin lan egiteko gogoa piztu zitzaion. Esate baterako, 1974. urtean «hippy» itxurako tipo bat agertuko zen enpresaren... atarian (‘atari’ berez hitz japoniarra da eta ‘helburu bat lortu’ esan nahi du). Ideiez beteriko zetorren gizon hura, Steve Jobs zuen izena eta Alcornek fitxatuko zuen. Beste iraultza teknologikoen jatorria izango zen hura, baina hori beste istorio bat da.