GAIAK

Hertzainak taldearen Gasteizko azken kontzerturako sarrerak agortuta dira

Hertzainak taldearen azken agur-kontzerturako sarrerak agortu dira astelehen honetan, taldeak jakitera eman duenez. Arabako taldea behin betiko agurtuko duen kontzertua Mendizabalan egingo da urtarrilaren 6an karpa batean, ‘Hertzainak jaio eta Hertzainak amaitu’ izenburupean.

Abenduaren 16an BECen Hertzainak taldeak eman zuen kontzertuko irudia. (Monika DEL VALLE | FOKU)

«Sarrerak agortuta. Eskerrik asko!». Mezu hau zabaldu du Hertzainak taldeak astelehenean, pozarren, urtarrilaren 6ean Gasteizen emango duten azken kontzertua hasi aurretik erabat arrakastatsua suertatuko zaielako.

Kontzertua karpa klimatizatu batean egingo da Mendizabalan, 20.000 lagun inguru har ditzakeen karpa batean; beraz, Arabako hiriburuak hartu duen mota honetako ekitaldirik handienetakoa izango da.

Urtarrilaren 6ko 19.00etan zabalduko dituzte ateak eta 20.00etan hasiko dira artista gonbidatuen emanaldiak. 22.00etan aterako dira eszenatokira Hertzainak-eko taldekideak.

Hitzordu honetan, eta Barakaldoko BECn abenduaren 16an eta 17an gertatu zen legez, Hertzainak taldeko hiru kide historiko elkartuko dira: Gari abeslaria, Josu Zabala teklista eta Luis Javier Saiz ‘Txanpi’ (Doctor Deseoko kidea egun) bateria.

Itzuli zaie, halaber, garai batean taldearen teklista izandako Bingen Mendizabal konpositorea, baina ez Kike Sáenz de Villaverde gitarrista nagusia.

Sarrerak joan den azaroaren 30ean jarri ziren salgai taldearen webgunean, eta, kontzertuaren aurkezpenean azaldu zutenez, taula gainean Peru Abarrategui, Manex Agirre, Paula Amilburu, Xabier Amuriza, Juantxo Arakama, Jon Basaguren, Dupla, Iñigo Etxezarreta, Xabi Igoa, Joseba Irazoki, Miren Narbaiza, Ruper Ordorika, Oihane Perea, Mikel Urdangarin eta Iñaki Viñaspre izango dituzte lagun.
Hertzainak taldeko kideek azaldu zuten azken ikuskizun honekin 2019an eskainitako azken kontzertuetako «emozioak berpiztu» nahi dituztela. «Gasteizen hasi zen dena eta hemen behin betiko agurtu behar ginen», adierazi zuten.