GAIAK

Orain bai, agur eta ohore betirako Hertzainak

Jaio zen hiri berean behin betiko agur esan du Hertzainak taldeak. Agur beroa, magikoa eta apoteosikoa izan da. Baita jendetsua ere, guztira, egin dituzten hiru hitzorduetan –BEC-en abenduan, bi; ostirale honetan, Mendizabalan– 50.000 lagun inguru mugiarazi dituztelako. Agur eta ohore Hertzainak.


Gure memorian tatuaturik dauden dozenaka kanten egilea eta euskaraz egindako rock musikaren bilakaera ulertzeko ezinbestekoa den banda da Hertzainak. Araban sortutako taldearen azken-kontzertua berezia izan da oso; gaua, erabat magikoa. Gure herriaren 40 urteko historiaren isla, rocka zainetan duten belaunaldi desberdinen elkargunea bihurtu da Mendizabalako karpa klimatizatua.

1978eko Gabon Zaharrean Gasteizen Hertzainak taldekoek eman zuten lehen kontzertu zoro hartatik gauza anitz pasa dira. Istorio asko, bizitzaren ajeak, minak –ugari– eta gozamenak –hainbat–. 1993. urte bitartean Euskal Herria astindu zuten, ehunka kontzertu eta diskografia oparo bat utziz historiarako, baina taldea 1993. urtean desegin zen, eta lozorroan mantendu zen 2019. urtera arte.

Josu Zabala eta Gari itzulera prestatzen hasi ziren, baina pandemiak dena eten zuen. Azkenean, 2022eko bukaera eta 2023ko hastapen honetan ‘Azkena gure alde’ lelopean hiru emanaldi eman dituzte. Hertzainak taldearen ohiko formaziotik, Tito saxo-jolea (2010 urtean hil zen) eta Kike gitarra-jolea falta izan dira soilik. Taula gainean: Iñaki Igon Garitaonaindia ‘Gari’ (ahots nagusia eta gitarra), Josu Zabala (eskusoinua eta teklatuak)  eta Luis Javier Saiz ‘Txanpi’ (bateria). Eta, guk geuk beste bat gehituko genuke, Bingen Mendizabal (teklatuak).

Abenduaren 16an eta 17an Barakaldoko BECen eskaini zituzten bi kontzertu ahaztezin, eta azkena, urtarrilaren 6. honetan Gasteizen. Azken hau Mendizabalan egin da, espresuki eraikitako karpa batean. Eta ‘Hertzainak jaio eta Hertzainak amaitu’ izenburua jarri dio taldeak emanaldiari.

Egun osoan zehar jai giroa egon da Gasteiz-en. Garik berak iragarri zuen aurkezpenaren egunean: «Urtarrilaren 6a, egun osoa, jai eguna izan dadila nahi dugu, eta egun horretan festa Alde Zaharrean hasiko da». Eta horrela izan da, Hertzainak taldearen azken agur-kontzertuaren ‘beroketa’ eguerdian hasi delako Matxete plazan zuzeneko musikarekin. Alde Zaharra izan baitzen Hertzainak taldearen bizitokia, agertokia eta bihotza.

Barakaldoko BECen eskaini zituzten bi kontzertuetan 32.000 lagun elkartu ondoren, Gasteizen eraikitako karpan beste 15.000 bat sartu dituzte. Sarrerak aspaldian salduta zauden. Ateak 19.00etan zabaldu eta 20.00etan lehen gonbidatuak pasata... Hertzainak. Memorian iltzatuta geldituko diren kantak eta kontzertuak izango dira, betirako.