JAN. 12 2023 - 17:35h Aaron Swartz: 10 urte igaro dira sarea irauli zuen gaztearen heriotzatik Informazio askea eta guztiontzat eskuragarria zuen helburu, eta hori lortzeko egun baliagarriak zaizkigun tresna ugari garatzen lagundu zuen. Gobernuaren aldetik jazarpen handia jasan zuen iruzur informatikoagatik atxilotu zutenean, eta bere heriotzaren errua honi botatzen dio bere familiak. NAIZ Ezagutzaren pribatizazioaren aurka borrokatu zen Aaron Swartz ordenagailu programatzaile estatubatuarrak. Informazioa guztien eskura jartzeko lana egin zuen eta egun oso baliagarriak zaizkigun tresnak sortu zituen. Bere sinadura daramate (beste izen askorekin batera) RSS eta Markdown formatuak, Creative Commons lizentziak, Open Library liburutegiak, web.py webguneak eta Reddit sare sozialak, adibidez. 2011an atxilotu zuten iruzur elektroniko eta informatikoa egotzita, baita Massachusetts-eko Teknologia Institutuko ordenagailura konektatu eta argitalpen akademikoak jaisteagatik. 35 urteko espetxe zigorra eta milioi bat dolarreko isuna eskatzen zuen fiskaltzak. Epaiketaren zain zegoela, 2013ko urtarrilaren 11an, bere buruaz beste egin zuen Brooklyneko bere pisuan. Familiak suizidioaren errua gazteak Gobernuaren aldetik jasan zuen jazarpenari botatzen dio errua eta, horregatik, Swartz ‘heroi’ moduko bat da, eta bere heriotza erahilketa da askorentzat. Sekulako etorkizun oparoa zuen aurretik, programatzaile gisa. Izan ere, txikitan hasi zen lan horretan, bere pasioa, eta 12 urterekin The Info Network sortu zuen, Wikipediaren aurrekari bezala hartzen dena. Utzitako ondareaInformazio askearen aktibista batek utzi zezakeen ondarerik aberatsena berari buruzko informazio askea da. Hala, Swartzen kasuari buruzko dokumentala egin zuten bera hil eta bi urtetara Youtuben ikusi daitekeena. Bestalde, gazteak berak 2008an idatzitako manifestua ere irakurri daiteke interneten. «Informazioa boterea da. Baina botere oro bezala, badaude guztia eurentzat gorde nahi dutenak», hasten da esaten. ‘Guerrilla Open Access Manifest’ deituriko testuan bere intentzioa argi utzi zuen. «Lehen Munduko unibertsitate elitistetan dauden horiei artikulu zientifikoak eman, baina ez Munduaren Hegoaldean dauden haurrei? hori ikaragarria eta onartezina da», azpimarratu zuen. Horren aurrean, kontra egiteko deia luzatu zuen. Informazioa eskura dutenen pribilegioa onartuz, pasahitzak eta dokumentuak lagun artean partekatzera animatu zituen. «Honi lapurreta edo pirateria deitzen diote, ezagutza partekatzea itsasontzi bat arpilatu eta bere eskifaia hiltzea bezalakoa izango balitz. Baina partekatzea ez da immorala, inperatibo morala baizik. Zitalkeriaz itsututakoak bakarrik uko egingo lioke lagun bati kopia bat egiten uzteari», adierazi zuen.