JAN. 26 2023 - 12:31h ‘Ura Bere Bidean’: Euskal musikaren hainbat belaunaldiren bilera eta Rozalenen bisita Dagoeneko salgai daude urriak 28an BECen egingo den bigarren ‘Ura Bere Bidean’ jaialdirako sarrerak. 20 artista oholtza gainean eta kanpoko gonbidatu bat: Rozalen. Berritasunez beteta dator egungo euskal musika egitura sinfonikora moldatzen duen proiektu ikusgarri hau, Gasteizera hedatu baita. Iaz BEC-en egin zen kontzertuaren irudi ikusgarria. (URA BERE BIDEAN) Amaia Ereñaga Bilbo Doctor Deseoko Francis eta Süne taldeko partaideen artean 40 urteko tartea dago, euskal musikagintzaren barnean jardunean izan diren belaunaldi ezberdinen arteko tartearen isla. Istorio bizi baten isla, era berean. Talde bi hauek pasako dira oholtzaren gainetik urriak 28an BECen beste hainbat musikarirekin batera, ‘Ura Bere Bidean’ egitasmoan. Kartela osatuko dutenak, bi horiez aparte, Parabellum, Delirium Tremens (Andoni Basterretxea), Urtz (Xabi Camarero), Sorotan Bele (Urbil Artola eta Gorka Sarriegi), Gozategi (Asier Gozategi eta Iñigo Goikoetxea), Mikel Urdangarin, Gatibu (Alex Sardui eta Haimar Arejita), Zea Mays (Aiora eta Piti), Anne Etchegoyen, Esne Beltza (Xabi Solano), Skakeitan (Peio Armendariz), En Tol Sarmiento (Iñigo Etxezarreta), Kalakan, Olatz Salvador, Bulego (Tom Lizarazu), Idoia eta Neomak dira. Eta gonbidatua legez, Rozalen. ‘Matriz’ diskoan euskaraz egin duen ‘Xalbadorren heriotzean’ kantaren bertsioa egingo du BECen eta, antza denez, berak ere bide berriak zabalduko ditu, ‘Ura Bere Bidean’ egitasmoaren hurrengo edizioei begira nazioarteko partaideren batekin negoziatzen ari baitira. BEC-en bertan egin den aurkezpenean ez dute nor den zehaztu, baina sareak bota omen dituzte gure mugetatik kanpo. Sarrerak salgai jarri dira ostegunean beraien web orrialdean, 12 eta 75 euroen arteko salneurrian. Aforoa: 11.000 eta 11.500 ikusle. Sarrerak agortuz gero ez da beste bigarren hitzordu bat egingo baina, antolatzaileek aitortu dutenez, eskaera handia egonez gero agian bezperako entsegu orokorrerako ateak zabalduko dituzte. Iaz kolektibo desberdinetako 600 lagunei eman zitzaien aukera entsegu orokorra ikusteko; aztertzen ari dira ikuslegoa, egun horretan, handiagoa izan dadin. Hori bai, aforoaren %30a erreserbatuta dago dagoeneko, iaz egon zirenei eskaintza hori egin zitzaielako oraindik kontzertuko partaideak nortzuk izango ziren jakin ez arren. Laboraleko bezeroei ere eskaintza berezia egin zaie. Ekainera arte, Fernando Velazquez musikari getxoztarrak BEC-en entzungo diren orkestra-bertsioak prestatuko ditu. Ekainaren hasieran kantuen ikus-entzunezko grabazioa egingo dute Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin eta Bilboko Koral Elkartearekin eta hortik aurrera, pixkanaka hasiko dira kanten moldaketak publiko egiten. Kanten estreinaldi digitala irailaren 1etik aurrera egingo da. Astean behin kanta bat argitaratuko da eta, bide batez, sortzaileen gogoetak, oroitzapenak eta inpresioak bilduko dira prestatuko diren dokumental antzekoetan. Urriaren lehen hamabostaldirako, bestalde, errealitate birtualeko betaurrekoekin ikusi ahal izango diren 360 gradutan egindako grabazioak jarriko dituzte eskuragarri. Euskarazko musika ondarea sustatu Proiektu hau hainbat belaunalditako euskal artisten musika-topaketa eta euskarazko musika-ondarea sortzeko asmoarekin sortu zen 2020an. Proiektuaren barnean, artista nabarmenek garai guztietako euskal gaiak berrinterpretatzen dituzte Grammy saria jaso berri duen Fernando Velázquez konpositoreak egindako bertsio sinfonikoetan. Proiektua Fair Saturday fundazioak sustatzen du, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin. «Mundu globalizatuan eta etengabe azeleratzen ari den mundu batean bizi gara. Musika-sorkuntzak iraungitze azkarrekoak dira, gizarteak ia mugarik gabeko sarbidea du mundu osoko banda eta taldeetara eta, musika-industrian, handiak dena eramateko joera du. Testuinguru honetan, beharrezkoa da kultura gutxituei balioa emango dieten proiektuak sortzea eta esparru horretan lan egiten duten artistei ahalik eta protagonismo eta garrantzi handiena ematea», aipatu du Jordi Albaredak, fundazioko bultzatzaileak. Erantzuna ezin hobea izan da. Iaz 1.000 entzuleren artean egindako ikerketa baten arabera, aipatu dutenez, 4,7ko onespena eman zieten (gehiena 5 zen). BECera bertaratu zirenen artean %55a Bizkaitik zetozen, %25a Gipuzkoatik, %10a Arabatik, eta gainontzekoak Ipar Euskal Herritik eta Nafarroatik. Abesbatzak Gasteizen 2020an sortu zenetik, hainbat ekimen eta produktu sortu ditu egitasmo honek. Esaterako, asmoa dute urte honetan zehar bere ibilbidean sortutako kantak formatu digitalean eta fisikoan eskuragarri jarri ahal izatea, ibilbide honetan egindakoaren lekukotasuna geratu dadin. Xede horrekin, martxoko bigarren asterako aurtengo eta aurreko edizioetan egin diren konposizioen partiturak eta horien moldaketa koral eta instrumentalak kaleratzeko asmoa dute, Euskal Herriko koral eta musika-eskolen eskura jartzeko. Abesbatzak izango dira, era berean, irailean aurreikusita dagoen ‘Ura Bere Bidean Choral’ kontzertuaren protagonistak.