GAIAK

Anonyme Popular, ziztada esnagarri bat garen eta izan nahi dugun horretan


Joatekotan egon da, baina hemen dator. Igor Elortza da, inor Elortza ere bai. Anonyme Popular deitu duen proiektuaren burmuina eta arima. Rafa Ruedarekin eta Oier Zuñigarekin osatu du ikuskizunaren norabidea.

This browser does not support the video element.

Hitzarekin jolastea, joko horretan zentzumen guztiak jarrita murgiltzea, bestearen nitasunarekin eta aldi berean gu kolektiboarekin identifikatzea, nahitaez bizirik dauden hausnarketetan igeri egitea... Horiek eta beste hainbat gauza dira Anonyme Popular-ek dakartzanak. Zintzo, ausart eta zorrotz mintzo da Igor Elortza (Durango, 1975) proiektu honetan. Pandemia betean hasten da egosten, ordenagailuaren pantaila zuriak eta inork ezarritako gaiez aritu behar ez izanak eskaintzen duen libertatearekin. Gerora batu zitzaizkion bidean Rafa Rueda (Mungia, 1972) eta Oier Zuñiga (Iruñea, 1986), Azpeitian estreinatuko den ikuskizuna prestatzeko ezinbesteko beste bi hanka. Alvaro Olaetxea perkusionista ere arituko da oholtzan, Elortza eta Ruedarekin batera. Baina sorkuntza lan honek suposatzen duen sakontasuna ulertzeko ezinbestekoa da denboran atzera egitea, eta protagonisten eskutik egingo dugu.

2021eko otsail-martxo-apiril buelta horretan sortzen da Anonyme Popular, Elortzak «etxeko anonimotasunean» idatzitako bertso jarri batzuetatik abiatuta. Izenak berak galdera ikur sorta bat dakar lehen kolpean. Zertaz ari gara? «Gauza disruptibo samar bat egin nahi nuen, izenetik hasita. Anonyme Popular-ek esaten duena da: norbait da baina edonor edo jende asko izan daiteke. Igor da, inor da. Herrikoia esateko modu bat da frantsesez Anonyme, eta popular euskara izan daiteke, izan daiteke espainola, ingelesa...», azaldu du durangarrak. Abiatu ere, testuinguru jakin batean abiatzen da hau guztia. Orduan bertso plazatik deskantsua hartuta zegoen Elortza. Une horretan eta pandemiak eragindako barne begiradatik bertso sorta batzuk sortu zitzaizkion. «Garaiari eta giroari jarriak» direla dio. «Pandemia aurretik ere garai bateko gutasun oso argi eta jende dezentek konpartitzen zuena lausotuta eta baretuta zegoen. Gero pandemiaren zartadak fisikoki ere eragin zigula uste dut, oso banako ipini gintuen», jarraitu du.

Argi dago izurriteak eragin duela nolabait barne begiradarako deiadar bat, eta hori ere igarri da Anonyme Popular-en. «Uste dut denoi eragin digula geure buruari begira ipintzea, eta bizitza birplanteatzea ere bai, ezta? Horrela esanda, oso potoloa dirudien arren. Pandemiak gure bizitzaren erdian edo erditik gora harrapatu gaituenoi, beharbada, gehiago. Inertzietatik atera gintuelako, egunerokotasunetik, errutinatik, betebehar, ordutegi eta horietatik. Eta bat-batean gauza pila bat galdetzen dizkiozu zeure buruari. Egiten dudana egin gura dut? Bizi naizen lekuan segitu gura dut? Lagunak, bikoteak... dena gogoetatu dugu».

Igor Elortza eta Rafa Rueda, entsegu orokor batean.

Atmosfera horretan sortutako bertso sortetatik erdia inguru heldu dira orain zuzenean egingo duten emanaldira. Lehen entzunaldian arreta pizten duen gauzetako bat da zein modu pertsonalean dauden idatzita, eta jarraian dator kontrastea, intimitate horretan norbere burua identifikatuta ikusten duenean. Luze jardun gara horretaz. «Beti esaten dut nitik idatzitako bertsoak direla, baina ez nitaz. Gehiago da zenbait gairi buruz modu zintzo batean berba egiteko topatu dudan modua». Pandemiak eragindako lurrikaraz gain, aitortu du bazuela neke puntu bat ere. «30 urte bertsotan... Neuk aukeratutako gaiei buruz eta neuk aukeratutako ikuspegitik egiteko nahi bat zegoen. Ez da ohikoena bertsotako ibileran, eta oso gutxitan suertatzen da aukera hori». Zehatz eta zorrotz egin nahi zuen, ez ezinbestean modu solemnean. «Bat-bateko bertsoek eskaintzen ez duten beste patxada batetik, etxean...», hala nahi zuen eta halaxe egin zuen. «Bertso bakoitzari zenbat buelta eman dizkiodan neuk ere ez dakit», dio pentsakor.

Lehen ere proiektu kolektibo edo bikotekoetan ibilia zen Elortza. Unai Iturriagarekin batera ikusi genuen ‘Zazpi eskale’ eta ‘Gu ta gutarrak’ taldeetan. Azken honekin antzekotasun gehiago ditu, Elortzaren hitzetan, Anonyme Popular-ek. «Gugandik sortu zelako ere bai, eta nahiko ikuspegi argi batekin zeri buruz eta zelan nahi genuen egin. Oraingoan maila neureagoan eta pertsonalagoan egin dut. Nahia eta premia neuzkan», azpimarratu du. Hain zuzen, Anonyme Popular-en lehenengo bertsoa ideia horrekin bukatzen da: «lehen gutarra nintzen, orain nitar nago». Lehenengo sorta horretan aipatzen dira ere nitasun eta gutasunari lotutako hausnarketak, norbanako eta kolektiboaren arteko gaur egungo gerrari buruzkoak. «Garai honen ezaugarrietako bat bada hau: herriaren garaian banakoen alde, herritarren aroan jendearen galde. Garai batean giro jakin batzuetan ibili ginenok eta euskaldunak orokorrean –ez agobioraino, nik behintzat ez dut hala bizi izan– bai eduki dugula norbere alde pertsonala bizitzeko eta adierazteko eskari bat eta nahi bat. Eta orain apur bat kontrakoa gertatzen zaigu, sentitzen garela nolabait taldearen beharrean».

Aldi berean, lehen unean bazuen beste kezka bat eta galdera bat buruan bueltaka: «Hau dena daukat hemen, baina honek balio du gainerako jendearentzat?». Konfiantzazko jendearengana jo zuen orduan, kontraste bila. «Ikusi nuen nitik idatzitako hori ez zela niretzat bakarrik, beste jende batek ere topatu zuela hor bere burua, zer pentsatua, hunkidura edo dena delakoa». Pertsonalaren eta kolektiboaren arteko ardatz horretan kokatzen da lan honen esanguraren parte handi bat. Hala, honen azkenengo helburuetako bat bertso hauetakoren bat ere herrikoi bihurtzea dela azaldu du Elortzak. «Guk sinatzen dugu gure izenez eta hor badago ego eta banitate puntu bat, baina denon anbizio handiena hori izaten da, ezta? Geratu dadila eta jendeak berea egin dezala guk hainbeste bertso eta kantu jaso ditugun moduan».

Rafa Rueda.

«Zaplada bat»

Behin hitzak askatuta, guztiari musikaltasuna nola eman, hori zen hurrengo erronka. Hor sartzen da Rafa Rueda abentura honetan. Elortzak bazituen «intuizio musikal batzuk», eta horiei jarraiki heldu zen mungiarrarengana. «Bestelako zeozer egiteko gogoa neukan. Gauza berri bat, gaurko musikarekin, soinu aktual eta modernoekin», azaldu du. Aldi berean, argi zeukan gaur egun bertso jarriak zabaltzeko formatua ikusentzunezkoa dela. Azpeitiko Kulturaz kooperatibako bideogileekin batera osatu dituzte bideoak. «Bere garaian bertso paperak izan ziren moduan, gero bertso kaseteak eta diskoak, emanaldi musikatuak ere egin izan ditugu... Nahiko hasieratik nuen buruan ikusentzunezko formatuan egitea: bertsoa, musika eta irudia aldi berean jasotzen dituen momentu batean, eta kanala ere sarea izan behar zela».

Eta halaxe hasi ziren sonoritateekin jolasean. «Neurri handi batean Anonyme Popular ja Rafa gabe ezin da ulertu. Batzuetan oso hitzaren mundutik gatozenok pentsatzen dugu berbak esaten duela gehiena; eta, bueno, hori zalantzan ipini daiteke». Hitzen eta musikaren arteko kulunka batean kokatzen du ikusentzulea proiektu honek. Prozesu eta nahi baten emaitza da hori, noski. Baita lantaldean sortutako konplizitatearena.

Elortzak beregana jo zuenean, Ruedak izandako sentipena oso grafikoa da. «Lehenengo kontaktua paperak izan ziren. Lehen irakurketan zaplada potentea jaso nuen. Alde batetik ez nuelako espero horren ni batetik idatzitakoak izatea, horren esplizituki. Eta gero gaiak eta nola tratatuak zeuden. Alde batetik, gaiari eta edukiari dagokionez, oso identifikatuta sentitzen nintzen. Ikusten nion sekulako indarra, ni horretan oso nireak ere sentitzen nituelako. Igorrek bere barrutik eta bere lehen pertsonan idatzitako horrek horrenbesteko zerikusia izatea nirekin konkretuki, eta ez nirekin bakarrik. Nitik gura horretarako oso bide laburra ikusten nuen», adierazi du.

Anonyme Popular proiektua osatzen duten hiru kideak, entsegu orokor batean.

Antzeko zerbait pasatu zitzaion Zuñigari, ikuskizuna oholtzaratzeko prozesuan laguntza eske joan zitzaionean. «Igorren mezua jaso nuenean, pixka bat harrituta hartu nuen. Bertsozalea naiz, baina bertsozale arrunta, ez oso jarria, eta bat-batean hasierako inpresioa izan zen: ostras, nik ez dakit hainbeste bertso munduaz! Egia da gero testuak pasatu zizkidanean bai izan nuela sentsazio oso polita, erakarri ninduen. Zintzoak ziren, eta identifikatzen nituen hainbatetan lagunartean eta beste giro batzuetan izandako solasaldiak, eztabaidak, kezkak... Batzuk sakonago eta beste batzuk agian urrunagotik, baina zerbait oso potentea. Asko erakarri ninduen. Igorrek lehen pertsonan hitz egiten zuela ematen zuen, baina bat-batean ukitzen ditu gauza kolektibo asko».

Puzzlea nola osatu zen kontua. Eta testuen luzerak suposatzen zuen baldintzapena aipatu du Ruedak. «Bertsolariek normalean doinu berdina erabiltzen dute kantatzeko. Eta kontua zen: hau nola egin dinamiko? Paperean zegoena musikalki altxatzea sekulako erronka zen niretzat». Bada ordea lagungarri izan zitzaion zerbait: identifikazio maila hain zen handia, Ruedak berehala egin zuela proiektua bere. «Lanean hasi eta irakurtzen hasi nintzenetik konturatu nintzen gauza batez. Normalean nire lanetarako testuak nik aukeratzen ditut. Enkarguzko lanetan, testuak eman egiten dizkidate. Eta hau hasiera batean izan zitekeen enkarguzko lan bat, testuak Igorrek jartzen dituelako mahai gainean, eta nik musikatu egin behar nituen. Baina hasi nintzen momentutik konturatu nintzen hau ezin zela enkarguzko lan bat izan. Nire burua oso islatuta ikusten nuen Igorrek idatzitako testu horietan, eta, gero, gainera musikalki ere behar nuen oso niretik egin. Bestela zaila zen eustea paperak zeukan zintzotasun horri».

Euren buruari askatasuna eman zieten, esperimentatzeko eta gozatzeko aukera bat, kantu formatutik ihes eginez. «Kontua zen jolastea eta intuizioari kasu egitea», dio Ruedak. Horrela joan dira sonoritate ezberdinak erabiliz. Elektronikak, esaterako, garrantzi handia du, eta estilistikoki ere adar diferenteak daude. «Nahiz eta sonoritate diferenteak egon, batxata bat egon daitekeen moduan edo spoken word egon daitekeen moduan edo rapa dagoen moduan, batasun bat dago. Oso koherentea da estilo batetik besterako jauzia. Eskaintzen duguna bidaia bat da, eta, taula gainean, bidaia bat den heinean,  musikari dagokionez nik ere horrela irudikatzen dut. Leku desberdinetatik igarotzen gara, baina badago hari bat edo leitmotiv bat oso argia dena, naturaltasunez eta koherentziaz janzten duena».

Kidetasuna aipatzen du Elortzak ere. Erradikala izan nahi zuen eta horretarako bidelagun aproposa aurkitu du. «Ez nuen mugarik nahi. Ez da musika proiektu bat. Ez goaz musika talde bat sortzera. Musika egingo dugu, baina beste klabe batzuekin». Estiloen aukeraketan eta kantaeran ahalegin berezia egin dute biek batera. «Euskal kantagintzan pausotxo bat gehiago izatea» espero du Elortzak. Uste du gainera badagoela horretarako gogo bat. «Lehen pandemiari buruz termino existentzial edo gogorragoetan hitz egin dugun bezala, uste dut ekarri duela ere zartada bat, lehendik bazetorrena, euskal kulturan, musikan eta bertso munduan. Betiko inertzien aurrean jolasteko gogo nabarmena dago. Premia hori ere banuen: goazen pixka bat geure buruak askatzera eta ondo pasatzera, irteten zaigun horretan konfiantza izatera».

Oier Zuñiga.

Errealitateari puntua

Premia, askatasun eta konfiantza horren emaitzak badu autobiografikotik, pertsonaletik eta egungo gizartearen irakurketa zorrotzetik. Zuzen eta zintzo, begirada egokia jartzen dio Euskal Herriari. Igor da hausnarketa horiei hitza jartzen diena. Inor izan daiteke aldi berean. Zu izan zaitezke. Egungo garaiari lotutako hainbat erreferentzia daude abestietan. Nor ez da labaindu horietakoren batean? Egungo bizi ereduek sor diezazkiguketen kontraesanak, sare sozialekiko mendekotasuna, indibidualismoa... Horri buruz galdetuta, aitortzen du badela «sistemari kritika, eta nik sistema horretan okupatzen dudan tokiari». ‘Bat gehiago’ izeneko abestia da agian zentzu horretan adierazgarrienetako bat. «Hor ere badago ideologikoki zer garen, ustez garen hori gauzagarri ikusten dugun edo ez, alternatibarik badagoen gaur egun. Aldi berean guk munduan bizi behar dugu, eta ez da erraza norbere buruarekin koherentea izatea egunerokotasunean. Badago kritika hori, ‘bat gehiago naiz haientzat’, baina ‘bat gehiago naiz’ aldi berean, hor jokatzen dut. Nahi nuke denek euren sexu grinak bizitzea askatasunez, baina familia bat osatu duen bat gehiago naiz, ezta? Nahi nuke mundu guztiak izatea zer jana egunero, baina bere hipoteka ordaintzen duen bat gehiago naiz».

Erronka eta kezka kolektiboak diren bi gai zehatz ere hartzen ditu hizpide, oso beretik egiten du gainera. Feminismoa da lehena; eta argi dio kasu honetan ezingo lukeela beste modu batera esan, ez bada bere ni pertsonalenetik. «Ez nago ni gai honetan teorizatzeko, ez inoren izenean hitz egiteko. Kostatu eta dena egiten zait maskulinitatea eta feminismoa hitzak esatea. Niretzat berba handiak dira. Sozialismoa bezala. Independentista naizela trankil esan dezaket, sozialista naizela, kuidau. Eta feminista ni-pa-dios», argitu du. Eta gaineratu du errealitatea bera izan dela, nolabait, esnarazi duena. «Beste askori lez, zorioneko olatu feminista honek ikusarazi dit, berandu baina ez beranduegi, nire ustezko berdinzaletasuna hor egonda ere, nire buruak, nire eguneroko bizitzak, gabeziak, ikasi beharrak eta aldatu beharrak dituela. Horri buruz kantatzeko premia baneukan, eta hor, bai, zintzoena nitik egitea zen; gauza autobiografiko asko daude».

Euskal Herriaren iragan hurbilaz ere mintzo da Elortza, euskal gatazkan zentratuta fokua. «Gure iragan hurbilari eta orainaldi urrunari buruzkoa dela esaten dut», zehaztu du. Historikoki ez da erraza izan gai honetaz hitz egitea, are gutxiago arlo eta bozgorailu jakin batzuetatik egiten bazen. Zama hori ere egon da hainbat sortzaileren motxilan. «Gai honek lo ordu asko kendu dizkit. Pentsatu nuen bazela garaia nik neure aldetik, konpartitu dezakeen jende asko egon daitekeen arren, modu zintzoan hori zelan bizi izan dudan eta gaur egun zelan bizi dudan esateko eta gordin esateko». Ekarpen bat egiteko nahia ere badago urrats horretan. «Bestela nagusitzen delako kontakizun nagusi bat oso on eta txarren dialektika horretan. Uste dut euskal gatazkari buruz beti hitz egiten dela drama termino batzuetan, denok, eta drama terminoetan beti daude gaizto batzuk eta on batzuk. Eta uste dut hau hori baino zati bat konplexuagoa izan dela. Une egokia dela uste dut, esateko daukadana esateko, uste dudalako ere beste batzuek ez dutela kontatu nahi zintzotasun horretatik», iritzi du.

Igor Elortza.

Esperientzia bat

Estreinaldia izan du Anonyme Popular-ek Azpeitian. Prestaketa lan itzela dago atzean, eta zurrunbilo horretan gauzatu da elkarrizketa hau. Urduritasuna eta gogoa, lehen emanaldiak dakarren nahitaezko nahasketa. Gero etorriko dira beste geltoki batzuk: Zarautz, Elorrio, Iruñea, Hernani, Oñati, Bilbo, Baigorri, Amasa-Villabona, Amurrio eta Durango. Zer topatuko du ikusentzuleak oholtza gainean? Kuriositatea ezin dugu ezkutatu, eta hirukotea saiatu da hura asetzen. «Kultur sorkuntzara jotzen dugunean esperantza txiki bat badugu gauza berriak deskubritzeko, harritu gaitzaten edo beste norabait eraman gaitzaten», aipatzen du Zuñigak. Esperantza horretatik landu dute emanaldi bakoitza.

Pista batzuk eman dizkigute. Esperientzia bat da proposatzen dutena, bidaia bat. «Ez da kantu zerrenda soil bat izango», dio Ruedak. Horregatik jarri dute ahalegin berezia giroen arteko trantsizioan. Eszenaratze aldetik, «nahiko minimala» izango dela gaineratu du, rock talde baten ohiko formatutik urrun. «Soinu potentea dauka zuzenekoak. Estilo batetik bestera egiten du bidaia, baina ikuskizunean estilo batetik bestera modu oso potentean doa, indar handiarekin eramango gaitu. Hor egon da erronka. Bere horretan indar handia dute kantuek eta indar handia du hitzak. Nola egin ekarpen bat, hitzek presentzia handia izateko eta ez izateko kontzertu edo errezital soil bat. Zerbait esperientzialagoa», azaldu du Zuñigak.

Kantu segida soil bat ez dela izango argituta, emozioen transmisioaz, metaforen erabileraz, irudien eta argiztapenaren garrantziaz, elementu elektronikoek izango duten indarraz... halako kontuez ere aritu da hirukotea. Ezusterako tokia bada, beraz, bestelako zerbait aurkitzeko aukera hor dagoela dio intuizioak. «Ez duzunean egiten gauza bat sailkagarriegia, aldi berean ari zara jende askori egiten proposamen hori. Uste dut garai egoki batean gaudela jendea buru, belarri eta begi zabaltasun jolasera gonbidatzeko. Hori sumatzen dut orain arte kantuak entzun eta ikusi dituztenengandik. Hasieran jende asko harritu zen. Ez dut uste ausardia denik kontua. Niretzat, gauzak egiten direnean benetan, esan nahi duzun hori irteten zaizun moduan, eta intuizioari ere jarraituta, normalean publikoaren harrera ona lortzen duzu. Jendeak eskertzen duela uste dut», aipatu du Elortzak.

Udazkenean itzuli zen Kae Tempesten ‘Antzinako berri-berriak’ lanaren sarreratik hartutako ideiak aipatu ditu Elortzak. «Asko balio izan didate, eta Oierrekin batera hari hori kokapen edo leiho moduan erabili dugu. Esaten du azkenean gaur egungo heroiak kalean gabiltzan norbanakoak garela, elkar gurutzatzen ditugunak, nahiz eta askotan elkarri begiratu ere ez egin. Hori da azkenean hasieran esan dugun Anonyme Popular hori. Ideia hori, norbait baina edonor, Igor baina inor». Tempesten hitzei erreferentzia eginez, zeharo asmatu du proiektu honen eta transmititzen duenaren sustraia erakusten. Azken finean, «denok premia berberak dauzkagula: nonbaitekoak izatea, zein aldetan gauden asmatzea, gaizkia eta ongia bereiztea, maitatzea, maitatuak izatea eta aurrera segitzea».