MAR. 01 2023 - 12:03h Huntzaren ‘Azkena balitz bezala’ agur kontzerturako sarrerak, salgai Asteazken honetan jarri ditu salgai Huntza talde gipuzkoarrak 2024ko otsailaren 3an Bilboko Miribilla eskainiko duen ‘Azkena balitz bezala’ agur kontzerturako sarrerak. Huntza taldearen NAIZ Kontzertua, 2020ko ekainean, Durangoko Plateruenan. (Gaizka PEÑAFIEL) NAIZ Ohar baten bidez, Huntza taldeak iragarri du asteazken honetan jarri dituztela salgai ‘Azkena izango balitz bezala’ agur kontzerturako sarrerak. Kontzertua 2024ko otsailaren 3an ospatuko da, Bilboko Miribillan. Huntzak orain astebete iragarri zuen hamar urteko ibilbidearen ostean «etenaldi mugagabea» hartzeko erabakia hartua zuela. Unibertsitate garaian, Bilboko Alde Zaharreko kaleetan osteguneroko triki-poteoetan, elkartu ziren sei gazte gipuzkoarrek osatu zuten Huntza, 2014. urtean. ‘Aldapan gora’ abestiarekin sekulako arrakasta lortu zuen taldeak bost lan kaleratu ditu: ‘Ertzetatik’ (2016), ‘Lumak’ EP-a (2017), ‘Lasai lasai’ EP-a (2018), ‘Xilema’ (2018) eta ‘Ezin ezer espero’ (2021). Kontzerturako sarrerak taldearen webgunean edota WeGow plataformaren bidez eskuratu daitezke 25-28 euroko salneurrian. Aurreratu dutenez, «festa kutsuko» kontzertua izango da eta «ibilbide osoan zehar egindako lagun eta artistekin» elkarbanatuko dute oholtza. Gonbidatuen zerrenda «datozen hilabeteetan» jakinaraziko dutela esan dute, baina egin dute aurrerapen bat: Pablo Novoa galizarra izango da kontzertuko musika-zuzendaria, ekitaldia koordinatuko duena. Ibilbide oparoko artista da Novoa. Besteren artean Los Ronaldos, Ivan Ferreiro, Bebe, Marlango eta Julieta Venegas artistekin aritua da eta ‘Late Motiv’ telebista saio ezaguneko bandaren musika-zuzendaria zen.