GAIAK

Unicefek emakumeen eta nesken desnutrizioaren ondorio larrietaz ohartarazi du

2020tik geroztik desnutrizioak nabarmen egin du gora herrialde pobreetan. Ukrainako gerra, lehorteak, gatazkak eta ezegonkortasunaren ondorioz elikagai krisia larriagotu egin da, eta horrek ondorio latzak eragingo ditu oraingo belaunaldian eta hurrengoan.

Mediku bat haurdun bat artatzen Etiopian. (Mulugeta AYENE | UNICEF)

Desnutrizio akutua pairatzen duten nerabe, haurdun eta bularreko haurren kopuruak %25 egin du gora 2020tik elikagaien krisiak gehien kaltetutako 12 herrialdeetan, ia guztiak Afrikan, Unicefek iragarri duenez.

«Desnutrizio krisiaren epizentroan» 5,5 milioi emakume eta gazte izatetik 6,9 milioi izatera igaro dira, herrialde hauetan banatuta: Afganistan, Burkina Faso, Txad, Etiopia, Kenya, Mali, Niger, Nigeria, Somalia, Sudan, Hego Sudan eta Yemen.

Ukrainako gerrak, lehorteak, gatazkek eta ezegonkortasunak larriagotu egin dute krisia, Unicefek txosten batean adierazi duenez, martxoaren 8an, bihar, ospatzen den Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira.

«Nazioarteko komunitateak presaz jokatzen ez badu, krisi honek ondorio iraunkorrak izan ditzake etorkizuneko belaunaldietan», ohartarazi du Catherine Russell Unicefeko zuzendari exekutiboak.

Desnutrizio krisia ez da herrialde horietara mugatzen. Munduan mila milioi emakume baino gehiago gaizki elikatuta daude, ez dute mikronutrienterik eta anemia dute.

Defentsa immunitarioak ahultzeaz gain, desnutrizioak garapen kognitiboa ahultzen du, eta haurdunaldian eta erditzean sortzen diren konplikazioak larriagotzen ditu.

Bi urtetik beherako 51 milioi haurrek baino gehiagok hazkunde atzerapena dute, eta erdiak baino gehiagok haurdunaldian eta bizitzako lehen sei hilabeteetan atzerapena garatzen dute.

Genero ikuspegia

Asiako hego-ekialdean eta Saharaz hegoaldeko Afrikan, hiru gaztetik bik adinerako gomendatutakoa baino pisu txikiagoa dute, eta bost nerabetik hiruk anemia dute.

Generoen arteko aldea nutrizioan ere nabari da: 2021ean, covid-19aren pandemiak markatutako urtean, gosea pasatzen zuten 126 milioi emakume gehiago zeuden gizonak baino; bi urte lehenago 49 milioi ziren.

Soraya: «Ez badugu ezer, ogia tearekin ematen diet seme-alabei»

Emakume kaltetu horietako bat da Sorayaa. Afganistanen bizi den sei seme-alabaren ama da. Txikienak 5 hilabete zituela, bularra eman arren ondo elikatua ez zegoelako kezkatuta zegoen eta laguntza eskatu zuen ospitalean.

«Ehsanek ez zuen pisua irabazten, eta medikuek esan zidaten desnutrizioa izan nuela haurdunaldian, ez nuelako nahikoa jaten. Lehen dena zen merkeagoa: haragia, arroza eta olioa. Orain dena garestia da. Patatak, arroza, babarrunak edo ilarrak lortzen baditugu, seme-alabentzat prestatzen ditut. Ez badugu ezer, ogia tearekin ematen diet», kontatu du.

Txikiarekin bi aldiz egon da ospitalean. Bertan esnea eta botikak ematen dizkiote, eta Sorayaari elikagai nutritiboak ematen dizkiote esnea sortu dezan. Ospitalean egonaldia egiten duenean, Ehsanek asko hobetzen du, titira hobe heltzen da eta pisua irabazten doa.

Honelako kasuei laguntzeko, Unicefek gobernuei eta garapen eragileei eskatu die lehentasuna emateko beren programetan nerabeei eta emakumeei. «Emakume edo neska gazte batek nutrizio egokia lortzeko ezintasunak genero-desberdintasuna betikotzen du», ondorioztatu du Russellek, eta jarduteko «borondate politikoa eta beharrezko baliabideak» mobilizatzeko eskatu du, «ez baitago denborarik galtzeko».