MAR. 13 2023 - 13:10h .eus domeinuetako zibersegurtasun erasoak %90 jaitsi dira 2022an, Puntueusen arabera Puntueus Fundazioaren arabera, iaz .eus domeinuaren menpeko webguneei egindako zibersegurtasun erasoak %90 jaitsi ziren. Hala ere, hirugarren batek sortutako 19 domeinu eta lau domeinu «gaizto» antzeman dituzte. Erasoak denbora errealean kontsultatzeko aukera ematen du Puntueus Fundazioaren webgune berriak. (Puntueus Fundazioa) NAIZ Puntueus Fundazioak urtero egiten duen zibersegurtasun txostenak %90 zibersegurtasun eraso gutxiago atzeman ditu 2022. urtean 2021. urtearekin alderatuz, hots, guztira, 29 kasu izan ziren aurreko urtean, eta 359, berriz, 2021ean. Fundaziotik adierazi dutenez, «erabiltzaileen segurtasun digitala bermatzea» da beraien zeregin garrantzitsuenetakoa. Ildo horretatik, webguneetako erabilera desegokiak, arriskuak eta mehatxuak aurreikusten dituzte. Diotenez, erregistratuta zeuden domeninuen %0,2an detektatu zituzten horrelako egoerak 2022an. Bi motatako arriskuak antzeman daitezke: domeinu «gaiztoak» eta konprometitutako domeinuak, hirugarren batek bidali edo sortutakoak. Hau gertatzen denean, domeinua identifikatu eta jabea erasoaz informatzen da. Fundazioak dioenez, ondoren, arazoa bideratzeko laguntza eskaini eta ematen zaio, izan ere gehienetan webgunearen arduradunak ez dira erasoaz jabetzen. 2022an konprometitutako domeinuak 19 izan dira, aztertutakoen %65 alegia. Bestalde, domeinu «gaiztoak» intentzio txarrarekin sortutako webguneak izan ohi dira, hau da, praktika txarren susmagarri diren domeinuak dira. Aztertutako eta argitaratutako azken zibersegurtasun txostenak 2022an 4 domeinu gaizto antzeman dituztela dio. Kasuak denbora errealean Gainera, Puntueus Fundazioak jakinarazi du hilabete honetatik aurrera edonork kontsutatu dezakeela zenbat arrisku kasu jasotzen ari diren .eus domeinuetan denbora errealean, Puntueusen webgune berrian. «Mundu mailako domeinuen sektorean aurrekaririk ez duen gardentasun eta konpromiso ekintza da», adierazi du Josu Waliño Puntueuseko zuzendariak, eta azaldu du arrazoi horregatik Puntueusek bere zibersegurtasun eredua nazioarteko hainbat forotan aurkezteko gonbita jaso duela, hala nola ICANN75ek irailean Malaysian egin zuen azken mundu topaketan, edo joan den astean telematikoki egin zen 5th meeting of the Global Cyber Alliance ‘s Domain Trust Community ekitaldian.