GAIAK

Brasilgo guakamaio urdinek parke eolikoaren eraikuntza eten dute

Brasilgo ipar-ekialdean eraikitzen ari diren parke eolikoa albiste on bezala azaldu zen, herrialdea energia eolikoan mundu mailan lehen postuetan kokatuko zelakoan. Baina hainbat arazorekin egin du topo, tartean helizeak jarri dituzten lekua Learreko guakamaioaren bizilekua dela.

Learreko guakamaio urdinaren ale bat; naturan 2.000 besterik ez dira bizi. (GETTY IMAGES)

Brasilgo ipar-ekialdea aproposa da energia eolikoa lortzeko, abiadura egonkorra duen haize gogorra egoten delako maiz. Hala, eskualde honek energia eolikoaren ekoizpen nazionalaren %90 baino gehiago hartzen du, eta Lula da Silvaren Gobernuak berriztagarrien munduko gunerik oparoena bihurtu nahi du.

Voltalia enpresa frantsesak baimenak lortu zituen gunea ustiatzeko, eta 2021ean, Canudos udalerrian, Bahia estatuko iparraldean, 28 aerosorgailu eraikitzen hasi zen.

Baina laster iritsi ziren kritikak, helize erraldoiak jarri nahi dituzten lekuan Learreko guakamaioak (Anodorhynchus leari) bizi diren zonaldeak okupatzen dituztelako.

Edward Lear poeta eta bidaiari ingelesak XIX. mendean bere marrazkietako batean famatu zituen guakamaio endemiko hauek. Arriskuan dagoen espezie gisa sailkatuta daude Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren zerrenda gorriaren arabera. Gaur egun ez dira 2.000  baino gehiago bizi naturan. ‘Rio’ animazio pelikulak ezagunak egin zituen hegazti urdin hauek mundu osoan.

«Oso arriskutsua da: konplexuak nabarmen handitu ditzake guakamaioa desagertzeko arriskuak», dio Marlene Reisek, espeziea zaintzera bideratutako Projeto Jardins da Arara de Lear-eko kideak.

Adituaren ustez, parke eolikoaren eragina «konponezina izan daiteke animalia horiek eskualde horretan bakarrik bizi eta ugaltzen baitira».

Argudio horiek kontuan hartuta, Justizia federalak apirilaren erdialdean geldiarazi zuen turbinen eraikuntza (azken etapan zeuden jada), Bahiako estatuak Voltaliari emandako baimenak baliogabetuz. Auzitegiak agindu zuen azterketa zorrotzagoak egitea eta tokiko biztanleei gaiaren inguruan galdetzea.

Voltalia Brasilgo lau estatutan eta hogei herrialdetan ari da lanean, eta erabaki hau «bidegabekoa» dela salatu zuen. «Ingurumenean eta gizartean egon daitezken ondorio posibleak sakon aztertu ziren», esan du Nicolas Thouverezek, Brasilerako enpresaren gerenteak, Voltaliaren defentsan.

Estatuko agintariek eta adituek eskatutako azterlanek adierazi zutenez, parke eolikoak jartzeak «ez du inola ere arriskuan jartzen espeziearen kontserbazioa», gaineratu zuen enpresaren ordezkariak.

Era berean, enpresak argudiatzen du inpaktua murriztea posible dela turbinen hegalak margotuz hegaztiek ikusi ahal izan ditzaten, hegaztietan GPSa jarriz edo makinak berehala gelditzea ahalbidetzen duen teknologia instalatuz animalia multzo bat gerturatzen denean.

«Aurrerapenaren izenean»

Brasilek du G-20ko elektrizitate garbiaren ehunekorik handiena (%89) eta Latinoamerikako liderra da, Ember ikerketa zentroaren arabera.

Planta eolikoek eta eguzki plantek 27 gigawatt sortzen dituzte (21,5 eta 5,4, hurrenez hurren), eta 2030erako beste 217 gigawatt espero dira, Global Energy Monitorrek martxoko txosten batean adierazi zuenez.

Luiz Inacio Lula da Silva presidenteak, urtarrilean agintea hartu zuenak, potentzial hori bultzatuko zuela hitzeman zuen, Jair Bolsonaro ultraeskuindarraren gobernuak lau urtez klima-politikak zaputzu ondoren.

Lulak Brasilgo ipar-ekialdea, herrialdeko 828 aerosorgailuetatik 725 dituena, «munduko energia garbi eta berriztagarriko aletegirik handiena» bihurtu nahi du, hilabete honetan Alexandre Silveira Energia ministroak esan duenez.

Silveirak bertan sorkuntza garbiko 30 gigawatt instalatzeko planak iragarri zituen, funtsean haize eta eguzki iturrikoak. Inbertsioak 120.000 milioi errealera irits daitezke (22.560 milioi euro).

Voltalia parkeak tokiko beste kezka batzuk ere pizten ditu. Inguruko landa-eremuetan 7.500 pertsona inguruk nekazaritzarako eta abeltzaintzarako lurra komunitatean erabiltzen dute.

«Eragina orokorra izango da», aipatu du 65 urteko Adelson Matosek, ahuntzak eta ardiak hazten dituen artzainak.

Parke eolikoak «habitat naturalarekin harmonia guztia hausten du», adierazi du, eta eragingo dituen zaratak, ibilgailuen joan-etorriak eta azpiegitura erraldoiek euri eta haize zikloetan izan dezaketen eragina salatu du. «Dena egiten da aurrerapenaren izenean...», deitoratu du.