GAIAK

Txamantxoia, ahaztua bai, polita ere bai

Txamantxoia mendi handia da. Maz edo Maze izena ere ematen diote bertakoek, eta Aragoiko Linza bailaratik Nafarroako Belaguaraino zabaltzen da. Dragoi etzan baten itxura du Belagua eta Juan Pinto Bentatik, eta 2.000 metroko langa jo gabe, Nafarroako Pirinioetako begiraleku onenetakoa da.


Izabatik Belaguako aterpe aldera joan bazara, askotan ikusiko zenuen. Txamantxoia da bere izen ofiziala, baina Aragoi aldean Maz edo Maze izenarekin ere esaten diote, eta hiru izenak testu honetan jasotzea onena. Mendia oso ezberdina da, isuri batetik edo bestetik begiratu. Belagua aldetik dragoi, edo dinosauro baten bizkarra dirudi, bere kaskotxoekin gailurreko hegian. Linza aldetik, ordea, mendi oso tentea da, 600 metroko piramide ikusgarria. Txamantxoiak 1.945 metro ditu, eta gailurra iristeko bide asko ditu. Linzatik doana da katramilatsuena, harrizko malda malkartsu batean gora egiten baitu bide zuzenak. Izabako Asolaze kanpinetik abiatzen dena da erabiliena, baita Biarnora daraman errepide ertzean dauden Marengo Borda eta Arrako aparkalekua ere abiapuntu egokiak dira.

Bideari ekin eta berehala arretaz jokatu behar du ibiltariak. Belagua erreka ur emari handiarekin jaisten da udaberrian, goi mendietako elurrak urtzen diren neurrian, eta erreka hori zeharkatzea arazo bilaka liteke, ez baitago zubirik errekaren bestaldera pasatzeko. Mendiko botak kentzea eta oinak bustitzea izan liteke aukera bat, baina bada beste bat, oinetakoak kendu gabe: Arrako aparkalekutik abiatzea. 43 zenbakia erakusten duen kilometroa pasatu eta berehala dago, Belaguara goazela gure ezkerrean. Errepideak Belagua erreka gurutzatzen du, eta horrek mendi buelta errekaren ertz egokitik hasten lagunduko digu.

Bidea ez da garbia lehen kilometro erdian, baina belaze zabal batzuk zeharkatuz berehala iritsiko gara Enaren Ibilbidea dioen seinalera. Erreferentzi gisa Txamantxoia mendiko ipar isuria edukiko dugu beti. GR-321 bidean gaude, Izabatik Arrakogoitira daramana, eta Txamantxoia magaletik jarraituko dugu Izabarantz, kilometro pasatxoan. Marengo Borda errekaren bestaldean uztearekin batera hasiko da aldapa, eta berehala bidegurutze batera iritsiko gara. GR-a Izabarantz doa, baina guk GR-a utzi eta ekialdera, gure ezkerrera egin behar dugu, gorantz beti, pago basoan barrena.

Gorantz hasi bagara, antzera jarraitu beharko dugu luze. Ordu eta erdi inguru, 1.000 metroko desnibela libratu behar baita bailaratik gailurreraino. Igoera exijentea da, ezin gezurrik esan. Tarteka malda gogorrak daude, baina baso xendan gora eroso egiten da bidea. Lehen ordubetea pagoen itzalpean egiten da, eta bide erdian, 1.400 bat metrora, basoa desagertu egiten da. Larre zabal batean sartuko gara, eta senda garbirik ez da han. Harrizko mugarriei erreparatu behar zaie bide egokia jarraitzeko. Mendia gure ekialdera dagoenez, harantz egin behar da zalantzaren bat izanez gero. Tarteko zuhaitz multzo batzuk pasatzen dira, baina paraje hauetan neguak gogorrak dira, eta pago basoa ez da 1.400 metroetatik gora hedatzen.

Goi lautadara heltzear gaudela, malda samurtu egingo da dezente, eta oharkabean Txamantxoiako ekialdeko kaskora iritsiko gara, 1.900 metrora ia. Urrun oraindik, gailurra eta gailur aurreko muinoak agertuko zaizkigu. Ipar haizea dabil fin-fin, eta ia 2.000 metrora hotza sentitzen da. Zuberoako Bortüetatik gora itsas lainoa ziztu bizian sartzen da Eraize eta Binbalet eta Kartxela arteko lepoetatik, baina mendien hego isurira igaro ondoren hezetasuna galdu eta eguzkiak xurgatzen ditu. Lakora eta Kartxela lainopean daude, etengabe, baina Auñamendi, Hiru Erregeen Mahaia, Petretxema eta beste argiago. Erabat argi hego-hegoan tentetzen den Ezkaurre harritzarra (2.047 metro).

Belaze goxoa ia 2.000 metrora

Azken ordu erdia belaze goxo batean barrena egiten da Txamantxoia mendian, eta zer pentsatua ematen du, ondoan dituen mendi ia guztiak harritsuak baitira. Txamantxoian ez, bertan halako goi lautada bat dago, eta belar sail amaigabeak han eta hemen. Kosta egiten da gailurrera iristea, Pirinioetan, beste mendi askotan bezala, gailur txiki edo muino baten atzetik beste bat agertzen delako. Ba Txamantxoian ere bai, irakurle estimatua. Hori bai, bi ordu eskasetan gailurrera iritsiko zara, eta Nafarroako Pirinioetako ikuspegi dotorearekin gozatu.

360º-ko bistak ikusgarriak baitira. Iparrera laino jendea, eta haien babesean Kartxela eta Lakora. Ekialderago Arlas hirukitxoa, Auñamendi dotorea eta Euskal Herriko gailur garaiena, Hiru Erregeen Mahaia, 2.444 metrorekin. Elurra bada goi mendietan, baina maiatz hasieran ohikoa dena baino askoz gutxiago, bero boladak gero eta garaizago iristen hasi baitira gure txokora, zoritxarrez. Gure magalean Linzako aterpea eta aparkaleku festa ikusiko ditugu, eta zaindari Atxerito, Chinebral, Alano mendizerra, Bisaurin eta beste. Eta Ezkaurre harritsua, 2.000 metroko mendien zirkua itxiz.

Txamantxoian elur zati txiki batzuk geratzen dira, eta itzulerako bidean ibiltaria errazago jabetzen da mendi puska honen dimentsioekin, ipar edo hego isuri aldera izan. Zenbaketa bat egingo bagenu, Txamantxoiak ez luke lekurik izanen inguruan gehien igotzen diren gailurren zerrendan. Zergatia agerikoa da. Gailur garaiagoak ditu alboan, ezagunagoak, eta Txamantxoia, Maz, Maze, ahaztuta geratu da mendizale askoren tontor zerrendan. Ahaztua bai, baina polita ere bai.