JUN. 09 2023 - 19:55h Mar Menor: Bigarren aukera bat Askorentzat telebista espainiarreko saioengatik da ezaguna eskualdea, 80 eta 90eko hamarkadako lehiaketa programa batzuk «apartamentu bat La Mangan» saritzat izaten zutelako. Orduko desarrollismo turistikoak hondamendia ekarri zion Mar Menor barne-itsasoa ixten duen istmoari. Testua eta Argazkiak Urtzi URRUTIKOETXEA Duela lau hamarkadako triskantzatik itzulian, bisitatzeko, txirringan ibiltzeko eta Mediterraneoaren zati berezi batez gozatzeko txokoa da Mar Menor inguruko kostaldea. Benetan, aintzira handi bat da Mar Menor, ia guztiz itxita baitago; pasabide estu batek lotzen du Mediterraneoarekin, eta batetik bestera bost graduko aldea egon daiteke uraren tenperaturan. Bertako urak daukan mineral kontzentrazio handiak osasun-turismoa bultzatu zuen duela ehun urte baino gehiago; XX. mendearen hasieran iristen hasi baitziren lehen turistak. Santiago de la Ribera eta Los Alcázares herrietako hoteletan egon ohi ziren; oraindik ere egurrezko kai eta moila politek gogorarazten dute garai hura. “Munduak gutxi galduko luke istmo guztia egun batean kontinentetik askatu eta urrunduko balitz”, idatzi zuten gidaliburu ezagun batean duela urte batzuk, La Mangan urteetan eraikitako turismora eraikin altuak direla-eta. Ezin uka, hareazko zerrenda luze honetan porlanak egindako txikizioa handia izan dela. Baina irudimen pixka batekin, edo oso noizean behin ageri diren gune naturalei erreparatuta, hondartza txiki atseginak ere ageri dira, penintsularen iparraldean bereziki. U.U. La Mangak 22 kilometro ditu Cabo de Palos arrantzale-herriaren eta penintsularen amaieran dagoen Collados hondartzaren artean. Tarte batzuetan 100 metro zabal da doi-doi bi itsasoen artean, beste batzuetan kilometro baterainoko zabalera har dezake. Errepide luze bat dauka erdian funtsean, eta eraikuntza turistikoak bi aldeetara zatirik handienean. Errepide guztiaren aldamenean bizikletentzako bidea dago, aukera ona da sasoi batzuetan egoten den trafikoa kontuan izanda. Bidean, porlanetik salbatutako bizpahiru leku-interesgarri ere aurki daitezke: Cala del Pino da Mar Menor-era ematen duten hondartzetan atseginena, hareatzaz gain pinudi bat ere badauka, eta zenbait mahai picnicean joateko. Inguruan, Mar Menorreko begiralekua ere badago, eskualdea altueratik begiratzeko, zer izan zen irudikatu, eta egun zertan den. Bidean aurreraxeago eginda, baina, Puente del Estacio-tik aurrera, askoz eraikuntza gutxiago daude, eta Mediterraneo aldeko hondartza luzeaz goza liteke. Penintsularen amaieraraino joateko, “Puente de la Risa” izeneko zubi bitxia dago. La Manga eten egiten da hor, inoiz beste aldearekin lotzeko zubi bati buruz hitz egin den arren, erabat desberdina da paduretatik haratago ageri den ikuspegia. U.U. NaturAguneak Izan ere, Mar Menorreko gainerako kostaldeak, mendebaldera hedatzen den lurraldeak La Mangaren luzeraren bikoitza dauka. Tartean badira herri eta konplexu turistikoak, baina baita eremu naturalak eta oinez zein bizikletaz egiteko ibilbide ugari ere. Udan bero handia egin ohi du, eta goizean goiz egitea komeni da, udaberri zein udazkenean oso leku atsegina da txirringa-txangoak egiteko La Mangako muturraren beste aldean, La Llanako hondartza luzean esaterako, bizikletentzako ibllbide ugari daude. San Pedro de Pinaterreko lokatz-bainuak hartzera datozenetako bisitarik askok egiten dute bideo horietako bat, gatzagen ondotik flamenkoei begira, eta hondartzaraino doazen bideei segika, San Pedroko parke naturalaz gozatzen. Hondartzako dunei segika, itsas portuari jarraika, Murtzia eta Valentziako Herrialdearen arteko mugaraino irits daiteke erraz. Mar Menorreko kostaldean aurrera jarraituta, berriz, Santiago de la Riberatik txalupa bat har daiteke Isla Perdiguerara; Mar Menorren dauden bost uharteetako bat da. Los Alcazares ere herri atsegina da urtean zehar, La Mangako jendetzatik urrun, baina udan zehar turista asko datoz hona ere, neguko zortzi mila biztanleen lekuan 100 mila baino gehiago egoten dira. U.U. Mediterraneoko kalak Herririk atseginenetako bat, paradoxikoki, La Mangatik gertuen dagoena da. Cabo de Palos istmoa kontinentearekin lotzen den lekuan dago, hegoaldeko muturrean. Turismo masiborako gainerako lekuen aldean, herriak arrantzale nortasunari eutsi dio, eta oso leku atsegina da ilunabarrean paseatzera edo afaltzera joateko, faroaren argipean edo itsas moilatik paseoan. Behin bertan, “arroz al caldero” eskualdeko platera gozatzeko lekua da; tomatea, berakatza, arroza, noski eta arraina darama, eta “caldero” edo pertzetan prestatu ohi da. La Mangak 22 kilometro ditu Cabo de Palos arrantzale herriaren eta penintsularen amaieraren artean. Tarte batzuetan 100 metro zabal da doi-doi bi itsasoen artean, beste batzuetan kilometrorainoko zabalera har dezake. Herrian eguzkiak berde bereziz margotzen du itsasoa Cabo de Paloseko kala ugarietan, bai herrian bertan dauden txokoetan (Cala del Muerto, Cala del Canto Colorado edo Cala Major), zein kanpoaldean (Cala Reona, Cala Flores). Mediterraneoan ekialderantz, berriz, Islas Hormigas uharte txikiak babestutako naturagunea dira, eta urpekaritzan jarduteko txoko paregabeak dituzte. Mediterraneoko kostaldetik hiruzpalau kilometrora, eraikuntza eta porlanak hondatu gabeko lekurik bikainenetakoa da parke natural bihurtutako Calblanqueko hondartza. Dunak eta eraikuntzarik gabeko hondartzak ugari daude inguruan, Mar Menorreko masifikaziotik urrundu nahi izanez gero... baina ezin esan leku sekretua denik, udan batez ere jende asko etorri ohi da hondartzara eta aparkalekua bete liteke; hobe bizikletaz edo autobusez etortzea. U.U. Historiarekin hitzordua Eskualde zabala izanda ere, Mar Menorreko herriek ez dute berez udalerrririk. San Javierri dagokio La Mangari zati bat, eta beste Cartagenako udalaren menpeko eremua da. Izan ere, hiri historikoa oso gertu dago. Cartagenako portu naturalean sortutako lehen asentamendua K.a. 223an eraiki zuten kartagotarrek, eta Quart Hadas (Hiri Berria) deitu zioten. Handik hamalau urtera konkistatu zuten erromatarrek, eta Carthago Nova izena eman zioten. Erdi Aroko gainbehera XVIII. mendean eten zen, itsas basea eraiki zenean. Cartagenako gazteluaren hondakinen inguruan parke bat dago, eta bertatik erromatar antzoki ikusgarriaren ikuspegi paregabea dago. Erromatar eta kartagotar ondarearen arrasto gehiagoren bila joateko, Itsas Arkeologiaren Museoa dago; erromatar garaiko kale bat, eta VI. mendeko Bizantziar Harresia ere aurkitu dira hirian egindako indusketetan. Hiriko kale nagusian berriz, Kale Nagusian etxe dotoreak daude, balkoi nabarmenekin udako ilunabarretan jendez betetzen da itzaletan terrazetan egoteko. Cartagenako Udaletxea kalearen amaieran dago. Cartagena inguruetan harrizko hondartza txiki batzuk daude Cabo Tiñosora bidean. Segidan Mazarrongo portua dator, haren inguruan ere hareazko hondartza ugari daude. Bidean Costa Cálida edo Kostalde Beroko herriak eta hondartzak datoz, Aguilas herrian Andaluziako mugara iritsi arte. U.U.