JUN. 22 2023 - 00:00h Interview Zutik elektrotxaranga (Hernani) «Musikak ematen dizun lotura jendearekin, ez dizu beste ezerk ematen» Ekainaren 25a izaten da kuadrillen eguna Hernanin eta, aurten ere, Zutik elektrotxaranga arduratuko da arratsaldea girotzeaz. Hamabi lagunek osatzen dute taldea, 19 eta 30 urte artekoak. Haien ibilbidearen berri izateko, horietako hirurekin izan gara: Beñat Alvarez, Eider Tolosa, eta Markel Sanchez. Eider Tolosa, Beñat Alvarez eta Markel Sanchez, Zutik elektrotxarangako hiru partaide. (E.Z.) Estitxu Zabala Odriozola Nola jaio zen Zutik? Beñat Alvarez: Gehienak lagunak ginen eta elkarrekin jo izan dugu herriko musika eskolan eta bandan. Hernaniko gaztetxean "jam session"ak egiten hasi ginen, eta jendea jotzera animatzen genuen. Sanjoanetako kuadrillen egunean, arratsaldean zerbait falta zela ikusten genuen, eta, horren harira, gure artean hitz egiten hasi ginen elektrotxaranga bat sortzeko. Nik Jonanekin ikasten nuen, eta gurekin ikasten zuen Ordiziako beste bati esan genion, tronpeta jotzen zuela genekielako, eta berak ekarri zituen hango beste batzuk. 2019an izan zen zuen lehen emanaldia, ezta? B. Alvarez: Bai, Anoeta herrian jo genuen lehenengo, ekainean bertan. Teklatua jotzen duenak, Ander Zubillagak, klaseak ematen ditu Anoetan, eta horregatik jo genuen. Berotzen joateko ongi etorri zitzaigun, eta hortik bi astera Hernanin jo genuen lehen aldiz, kuadrillen egunean. Nolakoak izan ziren lehenengo emanaldi haiek? B. Alvarez: Oso urduri ginen, baina gogoarekin, eta ilusio handiarekin. Orain atzera begiratuta, asko hobetu dugu. Kontua da ekainaren 25ean Hernanin jotzeko hasi ginela, eta, gero, derrepente, hasi zitzaizkigun Instagram bidez, herri batetik eta bestetik, eta bukatu genuen udan ez dakit zenbat emanaldirekin. Eta esan genuen: "Ba goazen jarraitzera honekin". Gogoratzen dut Txantxilla auzoko ezagun batek urrian festetan jotzeko esan zigula, eta ezetz esan geniola, ez genekielako ea jarraituko genuen. Azkenean beste batzuk jo zuten, baina guk iraun dugu. Markel Sanchez: Iaz jo genuen Txantxillan, eta aurten ere joko dugu. Noiz etorri zen aldaketa taldean? B. Alvarez: Nik uste dut pandemia izan zela inflexio puntua. Bakoitzak bere planak egin zituen, hainbeste denbora jo gabe pasa eta gero... Eider Tolosa: Ni 2019ko udan hasi nintzen, adibidez, eta bai, ia bi urte izan ziren jo gabe. Antiguan jo genuen 2020ko urtarrilean, eta 2021eko abenduaren 25ean, buelta egin genuen Hernanin. M. Sanchez: Hasiera hasieratik zazpik jarraitzen dute. Orain bagaude Astigarragako bi, Elaia eta ni; Andoaingo bat, eta beste guztiak hernaniarrak dira. Zein ibilbide izan duzue orain arte orduan? B. Alvarez: Hasieran leku guztietara joaten ginen, baina jendea nekatu egiten zen. Zaila da gainera denak ados jartzea, asko garelako. Hasieran agian denek ez genuen gose bera, eta orain uste dut orekatuta gaudela. M. Sanchez: Irizpideak jarri behar dira, konpromisoa delako eta kontu asko lotu behar dira. Dena da dirua, gogoa eta ilusioa. Talde txikitan banatzen gara erabakiak hartzeko. Batzuek partiturak, beste batzuek kontratazioa lotzen dute, eta horrela. E. Tolosa: Hasieran ez zegoen trikitixarik, eta mikrofono bat behar du, abesten ere bakarra aritzen zen, orain ekipo berria dugu eta argiak... azkenean, gutxieneko konpromiso bat behar dugu. Entseatzeko ere lekua lortzea kosta zitzaigun, baina azkenean udalarekin elkartu ginen eta lortu genuen Milagrosa; han ibiltzen dira herriko talde asko, txistulariak, banda... Gu ostiral arratsaldetan elkartzen gara orain. Mugaren bat jartzen duzue mugitzeko? M. Sanchez: Behin Palentziako herri batetik idatzi ziguten, baina ez ginen joan, eta orain ere Errioxara joateko ezetz esan dugu, baina ez beto bat dugulako, baldintzengatik. E. Tolosa: Furgoneta bat alokatzen dugu eta beste hiru edo lau auto behar izaten ditugu. Logistika handia da. Zer da lanean aritzea jendea parrandan dabilen bitartean? M. Sanchez: Niri txaranga batekin ibiltzea asko gustatzen zait, eta barruan egotea, oraindik ere hobea da. Baina egia da jendeari ahaztu egiten zaiola batzuetan lanean ari zarela, eta zuri ere bai. E. Tolosa: Normalean oso polita da, baina badaude momentu zail batzuk, bai. Kontratatzen gaituztenek normalean oso ongi tratatzen gaituzte eta laguntza ematen digute. Zumarragan jo genuen azkenekoan, adibidez, euria ari zuen, eta lau lagun etorri ziren karpa batekin jarraitzen, gu ez bustitzeko. Zer nolako errepertorioa duzue? E. Tolosa: Batetik bestera mugitzean txarangako abestiekin joaten gara beti, eta geldik gaudenean, baditugu euskal rock, ska, trikitixa pixka bat, elektro latinoren bat... B. Alvarez: Aurretik txarangetan ibiltzen ginen batzuk eta horren eragina izan dugu. Gero, ohiko elektrotxaranga batek baino haize instrumentu gehiago ditugu, sei gara, eta horrek ere jokoa ematen digu. Zein da zuen janzkera? B. Alvarez: Hasieran Blues Brothersen estetika hartu genuen, kapela, betaurrekoak, alkandora zuriak... E. Tolosa: Hasierako lotsa hori kentzeko balio izan zigun, betaurrekoek distantzia mantentzen zuten. B. Alvarez: Duela bi kontzertu estetika aldatu dugu, eta alkandora hawaiiarrak erabiltzen hasi gara, galtza motz batzuekin. Igandean Hernanin joko duzue. Berezia izango da, ezta? B. Alvarez: Hernanin badakigu zer egongo den, eta lasaiago joaten gara. M. Sanchez: Nik ez daukat herri sentimendu hori, baina gustura ibiltzen naiz, ez da beste edozein herritan jotzea bezalakoa, hori argi dago, lagunartean egoten gara eta dena askoz politagoa da. Logistika ere txikiagoa da. E. Tolosa: Sanjoanak sanjoanak dira, eta poza ematen du. Iaz euria egin zuen, eta saio osoa udaletxeko arkupetan egin genuen, gero txarangan joan ginen eta pixka bat bat mugitu ginen, baina gutxi. Zer ematen dizue Zutikek? B. Alvarez: Zer eman... askotan motibazio bat da astean zehar lanean ari zarela, pentsatzea ostiralean entsegua dugula edo nonbait joko dugula. Batzuk bandan jotzen dugu, serioagoa da eta publikoa beste bat da, eta txarangan ere desberdina da, hemen publikoak gehiago konektatzen du. E. Tolosa: Musikaz gozatzeko aukera ere bada, ikasitakoa kanpora botatzeko. M. Sanchez: Ondo moldatzen gara gure artean, eta hori ere oso inportantea da. Jende asko ezagutzen duzu, plan asko egiten ditugu... eta zirkulua aldatzea beti da ona. Musikak ematen dizun lotura jendearekin, ez dizu beste ezerk ematen. Egin duenak badaki, zaila da azaltzea.