JUL. 03 2023 - 00:00h Gatz museoa, Leintz Gatzagako historiaren iturburu bizigarria “Zentzumenez beteriko mundu bat zabalik dago sentitu, usaindu, entzun eta dastatu nahi dutenentzat”. Esaldi labur bezain esanguratsua, benetan, Leintz Gatzagako Gatz Museoaren atari digitalak aukeratu duena “urre zuriak” herriaren bilakaeran eta izaeran eduki duen eragina laburbiltzeko. Testua eta argazkiak: Eli TXAPARTEGI Leintz Gatzaga harro dago, jarduera ekonomiko zehatz batekin identifikatzen delako. Izan ere, herri gutxik dute pribilegio hori. Bere kasuan, zalantzarik gabe, gatza izan da, ur gaziaren industria. Izenak berak ere argi uzten du “urre zuria” dela herriaren sorreraren eta historiaren protagonista. Baita herriko armarriak ere, dorre bat eta bi dorla (gatza lortzeko galdarak) agertzen baitira bertan. Bisitaria berehala ohartuko da gatzaren presentziaz eta herriarekin betidanik izan duen lotura garrantzitsuaz, batez ere herriaren kanpoaldean kokatuta dagoen museora hurbiltzen denean. Gatz iturria herritik 250 metrotara dago, Dorletako gaztelu zaharraren ondoan, erromatarrek iturburu gazia defendatzeko eraikitakoa. Herriaren historia Museoak 25 urte beteko ditu laster, 2000an zabaldu baitzituen ateak. Esan daiteke bertan kontserbatzen dela herriaren historia, pazientzia handiz, tantaz-tanta: zizelkatu duten erremintak, gatzaren ekoizpenaren bilakaeraren inguruko bitxikeriak zein pasadizo kuriosoak, antzinako prozesua irudikatzera gonbidatzen duten dorlak... Gainera, iturburutik ura ateratzeko XIX. mendean martxan jarritako putzupada-gurpila birgaitu zenetik, erreprodukzioa funtzionamenduan ikus daiteke bisita gidatuei esker. Eta, benetan, ikusgarria da. Inor ez da ausartzen esatera gizakia noiz ohartu zen ur gazia botatzen zuen iturriaz, ezta gatzaren ezaugarriak baliatzen noiz hasi zen ere, baina historialariek ziurtatzen dute iturria Burdin Aroan ustiatzen zela, inguruan aurkitutako aztarna arkeologikoak kontuan izanik: iberiarren garaiko moneta bat, erromatarren zeramika aztarnak, gatzez egindako kristalak, egur zatiak… Gatzaga 1972an itxi bazen ere, itsasoko gatzaren lehiakortasunaren ondorioz, gaur egun zenbait eraikin kontserbatzen dira, museoak jaso eta ikusgai dituenak: Santa Kolunba Ermita, non turismo bulegoa dagoen, XX. mendeko gatz fabrika, lixiba fabrika eta XVIII. mendeko dorla. Egurrez elikatutako sua Eraikin hauek guztiak bisitatzen dituena berehala konturatuko da gatzaga berezia dela, herriko klima hotz eta hezearen ondorioz, gatzaren ustiapena ez zelako egiten eguzkiaren bidezko lurrinketa sistema erabiliz. Egurrez elikatutako suaren bidez ura berotuz lortzen zuten gatza, eta horixe da, hain zuzen ere, bereizten duena gatzaren ustiapenean lan egiten duten beste herri askotatik. Baina nola egiten zuten, bada, gatza? Museoan egoki azaltzen da erabilitako teknika berezia: egurrezko kubeta ferratuak erabiliz, ur gazia putzutik ateratzen zen eta, erreten bidez, dorla batera bidaltzen zen, eta, azkenik, metalezko galdararen ondoko ontzi batean bildu. Jarraian, ura galdarara pasatu eta lau orduz irakiten egoten zen, galdara azpiko egurren suari esker. Sua egunez eta gauez piztuta egoten zen, igande eta jaiegunetan izan ezik. Ura lurrundu eta gero, galdararen ipurdian pilatutako gatza su gainean zintzilikatutako saskietan sartzen zen, ondo xukatu zedin. Eta, jarraian, gatza astoetan edo gurdietan zamatu eta saldu egiten zen inguruetan. Nolanahi ere, asko inportatzen zen Ternuara, arrantzara joaten ziren ontziek gatz asko behar zutelako. Emakumeen protagonismoa Halaber, aurkitutako zenbait dokumentutan argi gelditzen da jarduera honetan emakumeek zuten protagonismoa. Haiek ziren lan gehien egiten zutenak: egurra bildu eta garraiatu, dorlak zaindu, gatza jaso eta saldu... eta dena, gainera, baldintza kaxkarretan. Noski, egun ezin da gatza lortu emakume haiek egiten zuten bezala, baina museoak aukera paregabea eskaintzen dio bisitariari ur gazia zuzenean ekoizteko. Nola? Horrela: «Kretazeoan naturalki gertatutako gatz pilaketa dugu lurrazpian eta iturburuko ura bertatik pasatzean gazituta etortzen zaigu Dorletako gatz gunera. Gatzura gatz dolaretan, dorletan, berotzen dugu, su txikian, gure basoetako egurraz egindako suaz, poliki-poliki. Azkenik, urazalean sortzen diren gatz kristalak jasotzen ditugu mimo handiz, eta ontziratu, zure mahaian txukun aurkezteko». Beraz, historiaz zipriztindutakoa da Dorletako gatza, su txikian eta mimo handiz erauzia. Mineraletan aberatsa eta jakien zaporea indartuko duena. Dastatu eta sentitu «gure» gatz kultura mokadu bakoitzean. Horixe izan liteke museoko dendako “leloa”, non Leintz Gatzagako gatz berezia eskura daitekeen.