GAIAK
Interview
Ruben Ramos
Los Sanchos taldeko musikaria

«Denborak eman eta kendutako erremintak hartu eta borroka horretatik sortu behar dira abestiak»

Urrian kaleratu zuten beren lehen diskoa Los Sanchos taldeak eta uda lasaia dute orain aurretik. Talde berria, nahiz eta musikariak ez diren hasiberriak: Ruben Ramos, Manu Colado, Juan P. Egaña eta Iñigo Sanchez dira. ‘Escaso entusiasmo’ kaleratu eta hilabete batzuetara etorri dira gurera.

Laukote berri bezala aurkeztu den arren, Hyedra edota Cohen bezalako taldeetan aritu dira Los Sanchos taldeko kideak. (Ane ARENAZA)

This browser does not support the audio element.


Egun on Ruben, zer moduz zaude?

Egun on, ongi, eskerrik asko.

Aurkezpen fasea zabala izaten ari da.

Bai, hala da. Diskoa 2022ko neguan grabatu genuen, handik zuzeneko batzuk ere eman genituen eta horiek grabatu, politak izan ziren gainera, Uliako lore baratzeetan. Single batzuk kaleratzen joan gara atzetik eta kontzertuak eskaintzen ere bai.

Elkartu, abestiak sortu eta diskoa ateratzea dena azkar egin duzue.

Bai, hala da. ‘Sancho’ eta biok elkarrekin gauza berriak sortzeko elkartu ginen, Cohen taldearekin bizitako etapa utzita. Hortaz, lokal bat hartu genun, ideia batzuk eraman genituen, pandemia ostean hau guztia eta, handik gutxira, animatuko ziren lagunak bazituela esan zidan Sanchok eta demoak sortuz hasi ginen laukotean. Landu eta estudiora sartu ginen segituan.

‘Caparazón’ single moduan ezagutu genuen. Gozo hasten den abestia, baina amorrua duena. Gisa horretara ulertu daiteke disko guztia ere? Nahiz eta tituluak beste zerbait iradoki dezakeen.

Diskoaren izenburua adinaren ajeen inguruan sortzen da. Ez dituzu 20 urte, ez duzu musika taldea soilik zure lehentasunen artean, auskalo zenbat tokitan jo dugun, auskalo zenbat areto edo gaztetxeetan egin dugun lo… Bada dagoeneko ez duzu halako ilusiorik orain, 30ak ondo beteta dituzunean. Hortaz, gogo hori nola piztu, hori da landu dugun gai orokorra.

Gogorrak izateari buruz ari zarete abesti honetan, baina akaso kontran ere etorri daitekeela hori. Baina erreferentzia zeri egin nahi zenioten?

Beno, diskoa musikaren inguruan izandako bizipenei buruz doa orokorrean, baina hau kanporago dago pixka bat. Normalean beste pertsonengan babes bila ibiltzen gara, baina batzuetan zu izan behar zara zama eutsi behar duen hori, hortaz, oskola sortu behar izaten dugu, hori guztiari eusteko gai garela adierazteko. Baina hotzak bihurtzen gara egoera horietan, hortaz, kontrapuntua sortzen da, berotasuna nahi dugulako benetan parean dugun horrengandik.

Hyedra taldean entzun ditzakegun gitarra garbiak-eta entzuten ditugu hemen. Baina, niri abesteko moduarekin Carolina Durante etortzen zait burura. Abesteko moduan melodia pixka bat baztertu eta instrumentuei uzten diezue espazio hori.

Nahikoa natural atera den zerbait izan da. Ingelesa albo batera utzi eta gaztelera hartu genuen, taldekide denek ez dutelako euskaraz egiten eta denok kantuetan esaten zenaren parte izatea sentitzea nahi genuelako. Euskaraz gauzak egiteko ideia ere hor zegoen, eta etorriko dira, sortuta daudelako, baina pixkanaka joan gara. Melodiaren zera horretan arrazoi duzu, baina lehendabizi instrumental guztia dago sortuta. Hortaz, ahotsekin gauza desberdinak probatuz ibilita sortu dira modu horretan.

Ahots denak zuk grabatu dituzu?

Sanchok egin du baten bat, baina diskoan %95ean nireak dira, nahiz eta gero zuzenean bai Sanchok eta baita Juanpek ere egingo dituzten koro batzuk.

Horrek forman egon behar izatea ekarriko du.

Noski baietz, batez ere ez delako gauza bera instrumentua soilik jotzea edo horrez gainera abestea. Ahotsa instrumentu poilitena eta zailena da, zaindu egin behar da eta batzuetan gutxietsia izaten da, abestu «soilik» egiten duzula entzun behar delako. Kontuan hartu behar duzu aurpegia ematen duzula, desafinatzen baduzu zu zarela akatsa egiten duena eta ez instrumentua.

Eñaut Gaztañagarekin izan zarete Gaztain estudioan. Abestiz abesti elementuak desberdin entzuten dira, lehen bi abestietan, adibidez, bonboarekin gertatzen zait hori. Akaso biluziago dagoelako da?

Nik uste hori dela. Baxua eta distortsioa gehitzen badira, akaso bonboaren frekuentziak ere hor nahasten dira eta beste irudipen bat sortzen du. Baina kasu honetan gordin dago eta indar gehiago hartzen du.

Hasieratik argi zenuten Gaztain estudiora joango zinetela?

Demoak egiten hasi ginen baina bagenekien ez ginela profesionalki grabatzeko gai. Euskal Herritik kanpora bagenituen hainbat lagunen izenak buruan, baina taldea ez zen mugitzen hasi oraindik eta aurrezkirik ez geneukanez, gertutik geratzea erabaki genuen. Madeleine taldekoek aipatu ziguten Eñautekin oso pozik ibili zirela eta horregatik erabaki genuen, eta, gainera, bost egunean grabatu genuen guztia. Bereahalakotasun hori nahi genuen, joan eta di-da batean egitea dena.

Baxuak jolasteko tarteak ere hartu ditu, Juanpek lan handia egin du.

Herdoildu samar zegoen Juanpe eta teknika baino gogo gehiago zuen hasi ginenean, eta hori da garrantzitsuena. Baina hilabeteen poderioz askatzen joan da eta grabatu zuenean hori guztia antzeman zen eta horrela geratu da.

Lehen krisi esistentziala ‘Futuro incierto’ kantuan dator. Baina aldebikoa da, gazte bezala dagoen etorkizun beltza eta baita musikari bezela dagoen ezegonkortasuna ere.

Elkartu ginenean hau da irten zitzaigun lehen abestia. Inspirazio iturria agortzen doanean, abesti berriak eta hitzak sortzea kosta egiten zaizunean, sortzen den krisia da. Beti esan izan dugulako abesti onenak etortzeko daudela, denborarekin konposatzaile hobea zarelako, baina gaztea zarenean beste freskotasun bat duzu, denborarekin galtzen doana. Hortaz, denborak emandako erremintak eta kentzen dizkizunak hartu eta borroka horretatik sortu behar dira abestiak.

Gitarra erritmiko eta solistaren artean jolas polita dago.

Elementu bakoitzari bere protagonismoa ematea izan da helburua, ez denok batera hamaika gauza egitea. Ahotsari, erredoble bati, baxuaren une bati… garrantzia eman nahi izan diogu. Denborarekin ikasten diren trikimailuak dira.

Tempoz jaitsita bukatzen duzue A aldea, ‘Ojos verdes’ kantuarekin. Beste pertsona bat al da begi berdeak dituen hori, edo ispiluari begira jarri zarete?

Nire bikotea da eta batzuetan bera ere nire ispilu bihurtzen da. Nik dagoeneko 36 urte ditut eta nire lagun gehienak guraso dira, eta presio hori sumatzen da. Ni diskoetan eta musikan nago pentsatzen eta askotan nire buruari galdetzen diot ea hori guztia normala den. Hortaz, nire begi berdeei galdetzen diet ea horrela jarraitu edota guraso izateko bidera pasako garen edo aldaketarik egingo dugun, elkarrizketa moduko bat da. Sistemaren baitan seme-alabak dira gurpila biratzen jarraitzeko modu bat eta kontsumoari eutsi egin behar zaio, baina badakigu familiaren zera guzti hori sistemaren asmakizun bat dela.

Musikari helduz, rap-metalaren kutsu hori badu, abesteko modua ere hortik doalako akaso.

La dispute taldearen eragina dago nahiko argi, spoken worda eta post hardcorea nahasten dituzte. Viva Belgradoren rolloa ere badu, gazteleraz delako eta, gainera, lagunak ere badira, hortaz, beti dago presente. Tempo aldaketak eta normalak izaten dira biniloan pentatzen denean eta horregatik dago abesti hau A aldearen bukaeran.

Erritmoekin asko jolasten duzuen abestia iruditu zait ‘No se muy bien cómo caer aquí’. Asko jolastu duzue?

Beno, bai, erabili ditugu erritmo konplikatuak batzuetan baina aldaketak ez dira hain konplikatuak izan. Sancho eta biok aditu samarrak gara erritmo arraroetan, Cohenekin asko lantzen genituelako, baina hau errazagoa izan da.

Cohenen baino lurtarragoak izaten saiatu zarete?

Ez nuke lurtarrak esango. Riff erritmikoak eta hardcore mundukoak utzi eta akorde eta melodietan saiatu gara. Gero egitura aldetik oso pop estruktura dute, sinpleagoa berez, baina hori ere zaila da. Puzzle hori osatzea eta kantua borobiltzea niri zaila egiten zait.

Konfort egoeratik irtetea kosta egiten dela hortaz, abestian diozun moduan.

Sare sozialen inguruan ari naiz hizketan. Denok erabiltzen ditugu eta askotan besteen aprobazioaren bila ibiltzen gara. Zerbait gertatzen zaizunean kontatzean ere, likekin eta halakoekin dopamina dosia jasotzen dugu. Baina gero nire buruari galdetzen diot ea zer egiten dudan hor sartuta, baina denok erortzen garen tranpan erori naiz ni ere. Dena umorez hartu behar da, ez dakizulako hortik nola irten.

‘Ruido de fondo’ kantuaren erritmoaz egin duzu lehen aipamena. Kontaiguzu hemen zer gertatzen den. Minutu bakar batean dinamika asko du abestiak.

Hemen konpasa hiru hirukoa da eta gero tenpo bikoitzean eta tenpo erdian aritzen gara, hortaz efektu berezia sortzen du. Jolas horiekin gora eta behera ibiltzen gara. Orain nahikoa errez entzuten den arren, denen onarpena izatea asko kosta zitzaigun kantua sortzen ari ginenean, denak ezkontzea kosta egin zitzaigulako.

Zeintzuk dira proiektu honekin dituzuen asmoak?

Ez dugu ezer berezirik buruan. Gure buruan duguna adierazteko modu bat da musika eta lagunekin elkartu eta jotzea da gehien betetzen gaituena. Bai kontzertuak eman nahi genituela, baina ez lehertu arte, asteburuero 4 emanaldi edota urtean 80 kontzertu emanaz. Baina bai kuttunak ditugun tokietan jotzea, Andoaingo gaztetxean edota Bergarakoan izan gara eta horrelako proposamen guztiak onartuko ditugu. Madrilen edota DabaDaban ere izan gara. Ez dugu bilatuko lehen genuen erritmoa, ez delako posible, Manu, esaterako, tatuatzailea delako eta asteburuetan ere lan egiten duelako. Hortaz, beste modu batetara hartu dugu kontua.

30etako krisiak betean harrapatu eta gero dena desberdin ikusten dela, ‘El desengaño’ kantuan diozun moduan.

Bai, hori horrela da, musika beti maiteko dut eta emango diot ahal dudan guztia. Baina ez duzu hogei urterekin zenuen gogo eta lotsagabekeria hori adin honetan.

Akorde bereziak ditu abesti honek, disonantzia puntu bat badu.

Akorde bereziak daude eta baxua erdian dago, hortaz, nota batetara edo bestera joan behar du eta disonantzia bat sortuko du bai edo bai. Hortaz, nota bat edo bestea hautatzen ibili ginen eta emaitza hor dago, nahikoa abesti zikina da eta amorrazio gehien bertan dago.

Benetan interpretatzen da hortaz amorrazio hori.

Bai, nik barruan dudana askatzeko erabiltzen dut baita ere musika. Ez naiz horrela gero egunerokoan, ezta pentsatu ere. Baina batzuk esan digute emoak garela eta halakoak, baina musikan zure baitan dagoen hori adierazi arren, bada maskara moduko bat jartzea abesten ari zarenean.

‘Sólo carne’ abestian errua besteengan jartzeko ohitura modu samurrean kontatzen diguzue.

Abesti oso poperoa da baina hitzak benetan gogorrak dira. Lagun batek, emakumea bera, bizi izan zuen jazarpen moduko bati buruz ari naiz abestian. Lagunak galtzen dira bidean halakoetan, baina patriarkatuaren eragina hor dago, eta bakoitzak ikusiko du horren aurrean zein den laguna eta zein geratu daitekeen bazterrean.

Edizio fisikoa, bandcamp bidez eskura daiteke, ezta?

Bai, binilo laranja bat da. Sekulako argazkia du, inork zaintzen ez dituen norbaiten lore sorta bat ikusten da, adierazgarri samarra da.

Udan datarik baduzue?

Festibalen garaia da eta ez genuen zirkuitu horretan sartu nahi, baina irailetik aurrera badugu areto eta gaztetxeetan jotzeko nahia eta horiek ixten ari gara.

‘Escaso entusiasmo’ hartara, titulu hutsa izango da. Izan dezala bide luzea Los Sanchos taldeak.

Mila esker!