GAIAK

Landarbaso Abesbatza Asiako Grand Prix Finalean lehiatuko da

Errenteriako Landarbaso Abesbatzak Indonesiara bidaiatuko du uztaila amaieran mundu mailako bi lehiaketatan parte hartzeko, horien artean Asiako Grand Prixa: kontinente arteko Grand Prix bat irabazten duen historiako lehen euskal abesbatza bilaka daiteke.

Bidaiaren aurkezpena, Donostiako Aquariumean. (NAIZ)

Landarbaso Abesbatza Balira (Indonesia) joango da hilaren amaieran, mundu mailako bi lehiaketatan aritzeko: II. Asia Grand Prix Final eta 12th Bali International Choir Festival 2023. Ez da Errenteriako abesbatzak herrialdea bisitatzen duen lehen aldia, 2019an, Bali International Choir Festival irabazi baitzuen eta, hain zuzen, horrela lortu du Asia Gran Prixen finalerako txartela. Lehiaketan, zirkuituko beste irabazle batzuekin nor baino nor arituko da.

Bidaiaren xehetasunak Donostiako Aquariumean eman dituzte Iñaki Tolaretxiki Landarbaso Abesbatzako zuzendariak eta Goizane Alvarez Gipuzkoako Kultura diputatuak.

Aurrean dutena «erronka handia» dela ziurtatu dute, abesbatza Filipinetako, Indonesiako, Taiwango eta Malasiako talde handien aurka arituko baita. Lehenengo saria lortuko balu, kontinente arteko Grand Prix bat irabazten duen historiako lehen euskal abesbatza izango litzateke, «eta horrek eragin izugarria izango luke, bai taldearen ospean, eta baita euskal musika eta kulturaren hedapenean ere», nabarmendu dute.

Taldea

Abesbatza 38 abeslarirekin eta Tolaretxipiren zuzendaritzapean ariko da Balin, «maila goren-goreneko» programarekin, hainbat garai eta musika estilo biltzen dituena, eta baita euskal musikagileen lanak ere: Jesus Guridiren ‘Akerra ikusi degu’ edota Javier Bustoren ‘Ametsetan’, esaterako.

«Lehenengo saria lortzeko apustu handienetako bat, zalantzarik gabe, ‘Atsalums’ da, Jekabs Jancevskis konpositore letoniar gazteak idatzitako pieza, benetan miresgarria musika-konposizioak duen konplexutasunagatik eta hori abesteko behar den ahots gaitasunagatik», jarri dute azpimarra.

Asia Gran Prixeko finala uztailaren 25ean izango da, Baliko Balai Budaya ‘Giri nata Mandala’ gunean, eta Landarbasok Filipinetako Bosco Makati-Boscorale eta Far Eastern University abesbatzak, Indonesiako PSM ‘Swara Wadhana’ abesbatza, Taiwango Tamkang Fluxingers eta Malaysiako Men's Chorus izango ditu lehiakide.

Indonesia Choir Festivali dagokionean, Landarbaso hiru kategoriatan lehiatuko da: folklorea, abesbatza mistoak eta erlijio musika.