JUL. 20 2023 - 21:25h Sukutra, «zoriontasunaren uhartea» Sukutra leku berezia da. Zenbait bidaiarik amets bezala laztantzen dituen horietakoa. Duela milioika urte kontinentetik bananduta, irla Indiako eta Arabiako Itsasoko ur bizien babesean egon da luzaroan, denboran geldirik. Horrexegatik da misteriotsua eta ezberdina, horrexegatik da erakargarria. Testua eta argazkiak: Xabier Amoros Oskoz Sukutrara iristea ez da lan erraza eta hasiera-hasieratik bidaiari bat baino gehiago beldurtu dezake. Izan ere, hainbat urtez ezinezkoa zen Indiako Ozeanoko uharte urrun horretara iristea, ez baitzegoen hara iristeko modurik. Yemengo gerra egoerak, herrialde horretakoa baita, eta bere eragin eremuan bizi den egoera diabolikoak zeregin suizida bihurtzen zuen. Baina, zorionez, bidaiarientzat hori aldatu egin da eta azkenaldian Afrikako Adarreko uharte zoragarri horretara itzul gaitezke berriro. Eta ohiko topikoa izan arren, liluratu egingo gaitu. Sukutrara joan nintzenean Yemenian konpainiaren bitartez, Kairo-Seiyunera astean behin hegaldia eginez tarte bat ireki zen espazio-denboran; Seiyundik (Yemengo lurretan) Hadiboura (Sukutrako hiriburua) jauzi egiteko aukera bakarra zen. Gaur egun, ordea, Sukutrara zuzenean Dubaitik iristen da. Hegaldien logistikari adi egon behar da beti. Biodibertsitatearen paradisua Intsentsuaren merkataritzaren garaitik gaur egunera arte mende asko igaro dira. Leku gutxi geratzen dira oraindik denboraren tunelean egotearen sentsazioa eragiten dutenak. Sukutra da horietako bat. Uhartearen bakartasunak -arabiar penintsulako kostaldetik 350 kilometrotara dago- turismo masiboaren ondorioetatik urrun mantendu du, eta, aldi berean, kontinenteko gerratik ere bai. Hori dela eta, natura garbi mantendu ahal izan du, eta horixe da, hain zuzen ere, Sukutrak bisitariari eskaintzen dion erakargarritasunik bereziena. Flora endemikoa, hondartza birjinak eta mendi malkartsuak esparru bakar batean agertzen dira. 700 endemismorekin, Sukutra uhartea biodibertsitate tokia da Arabiako itsasoan. Horietako batek irlako paisaia modu biribilean menderatzen du: dragoiaren odolaren zuhaitza da (Dracaena cinnabari). Garai batean, koloratzaileak eta sendagaiak lortzeko erabiltzen zen erretxina preziatua ateratzen zen hartatik. Beste endemismo aipagarria arbola botila edo pepinoarena da (Dendrosicyos socotranus). Bere irudi ikaragarriak sorgindu egiten du bidaiaria. Zoriontasunaren uhartea Badirudi Sukutra izena Dvipa Sukhadhara sanskritotik datorrela, hau da, “zoriontasunaren uhartea”. Sukutra aspaldiko garaietatik giro enigmatiko eta magiko batean murgilduta egon da, eta antzinatik ezaguna zen, intsentsu baliotsuena sortzen zuelako eta dragoiaren erretxinarekin sortzen zen ukendu miragarri baten formula zuelako, orbaingarri bikaina zena. Diotenez, Alexandro Handiak bidalitako mandatariak iritsi ziren hara, botika preziatu horren bila. Baina ez zen erraza izan Sukutrara iristea, haize erauntsi bihurriek izugarri zailtzen zutelako bidea. Egia esan, uhartetik mugitzea ere ez da erraza, ez baitu garraio publikorik. Paisaia oso korapilatsua eta menditsua da, eta, Hadibou hiriburuan izan ezik, ez du inolako azpiegiturarik eta zerbitzurik. Horregatik, uhartean barrena ibiltzeko ezinbestekoa da ibilbidea antola dezakeen tokiko agentziaren baten laguntza lortzea. Nolanahi ere, beti da abentura Sukutra ezagutzea, bidean ametsezko paisaiak, ehun urtetik gorako drago basoak eta erreka zein ur jauzi ikusgarriak izango baititu bidaiariak. Han aurkituko ditu, halaber, artzainak mendi latzetan, irribarrea beti aurpegian dutela, edo ur garden eta harea zuriko hondartza liluragarriak. Uhartean 80.000 pertsona inguru bizi dira, gehienak hiriburuaren inguruan. Biztanleriaren ekonomia arrantzan, datiletan eta artzaintzan oinarritzen da batez ere, lurra ez baita landagarria. Horregatik, gaur egun oso nabarmena da kanpoarekiko duen mendekotasuna. Sukutrarrek beren hizkuntza eta kultura dute, baina kontinenteko arabiera gero eta gehiago erabiltzen da uharteko egunerokotasunean. Jabal Haggeher mendikateak uhartearen barnealde korapilatsua markatzen du. Uharteko haranetan artzain sakabanatuak baino ez dira bizi. Gainerakoan, biztanle gehienak kostaldetik gertu bizi dira. Sukutra Gizateriaren Ondare izendatu zuten 2008an, bere inbentario naturalaren balioengatik. Egun, hango espezie endemikoak eta beharbada kultura ere arriskuan egon arren, uhartera iristen zarenetik leku errepikaezin batean zaudela iruditzen zaizu. Sukutra ez da aurretik noizbait ikusitako lurra. Ezberdina da erabat. Berezia oso. Bidaiaria toki eder bezain zorrotzean egongo da, baina, hori bai, beti topatuko du bidean jende atsegina, hurbila eta abegikorra. Agian horrexegatik deitu zioten Sukutra... bakarra munduan.